Badator Bermeoko Nazinoarteko XL. Musika Astea

Bizkaie! 2025-07-30 13:54   Musikea

Abuztuaren 4tik 8ra arte.

Bermeoko Nazinoarteko Musika Asteak, lau hamarkadako ibilbidearen ostean, Bermeoko herritarren bihotzean jarraitzen dau.

Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta Oizmendi Telebistearen laguntzeagaz, atontzen dauen Musika Astea abuztuaren 4tik 8ra arte egingo da eta bost kontzertu eskainiko ditue. Astelehenetik eguenera bitartean, kontzertuak Santa Maria eleizan izango dira, 20:00etan, eta barikuko azken saioa Bermeoko Kafe Antzokira eroango da, soinu-euskarri berezia behar dauen talde baten eskutik. Kontzertu hori baino ez da izango ordaindu beharrekoa (5€). Gainerako guztiak doban dira.

Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak atontzen dauen programa zaharrena eta sustraituena da Musika Astea. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak nabarmendu dauenez: ekitaldia mimo handiz prestetan dogu urtero, ikusleen aldetik harrera beroa eta leiala jasoz.

40 urteko ibilbidea

Urte horreetan guztietan, jaialdiak formatu eta estilo ugari hartu ditu, baina azken urteotan Santa Maria eleizea bihurtu da haren espazio nagusia, bere akustika bereziagaitik. Kultura zinegotziak, urte horreetan guztietan Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako lankidetza estua eta iraunkorra nabarmendu ditu. Nabarmendu dauenez, musika Astearen historian zehar artista handiak izan dira Bermeon, besteak beste: Oskorri, Mikel Laboa, Ara Malikian, Joaquin Achúcarro, Kortatu, Ruper Ordorika, Emma Jimenez, Felix Aio eta Bermeoko dozenaka musikari eta talde pasau dira oholtza gainetik: herriari musikea gerturatu deutse eta herritik mundura begiratu dogu euren bidez.

Aurreko urte guztietan egindako moduan, aurtengo egitarauak be, kalidadea eta aniztasuna buztartuko ditu:

  • Abuztuak 4: Duo Boreal.
  • Abuztuak 5: Duo Nakté.
  • Abuztuak 6: Iñar Sastre.
  • Abuztuak 7: Bilbao Orkestra Sinfonikoa.
  • Abuztuak 8: Kanbalatxe. Kontzertu horretarako sarrerea 5 euroan dago salgai barikutik (abuztuak 1) aurrera, Gizarte eta Kultura Etxean eta Bermeoko Udalaren webgunean.

Urdaibaiko Organoen Zikloa

Urremendi Landa Garapenak eta Bermeoko Udalak atonduta, datorren asteari amaiera biribila emoteko asmoz, abuztuaren 10ean, domekan, Urdaibaiko Organoen jaialdiko kontzertua hartuko dau Santa Maria eleizeak, 20:00etan. Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak jakitera emon dauenez, aurton, Bermeon egingo dan kontzertua Santa Maria eleizan izango da, San Frantzisko eleizako organoan zaharbarritze lanak egiten dabizelako.

Urdaibaiko Organoen kontzertuak ez dira musikea bakarrik, ondarea, artea eta emozinoa be badira. Bermeon, hain zuzen be, Mikel Ansola (organoa) eta Aritz Labrador (txistua) izango dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu