73. Donostia Zinemaldiak Marisa Paredes autortuko dau
2025-07-30 13:15 ZinemeaBaita Esther Garcia be, Donostiako Sariagaz.
Donostia Zinemaldiak autortzea egingo deutso Esther García produktorearen ibilbideari Donostia Saria emonez; hain zuzen be, El Deseo Konpainiaren sorreratik lau hamarkada bete diranean. Garcíak funtsezko lana egin dau Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintzea nazinoartekotzeko. Horrezaz gan, 73. edizinoaren kartelak autortzea egingo deutso Marisa Paredes aktoreari. Paredes Zinemaldiaren izar maitatuenetako bat izan zan 1977an lehen aldiz etorri zanetik igaz hil zan arte.
Gaur, hilak 30, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan, kartelen aurkezpen-ekitaldia egin da. Bertan, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Pérez de Anucita komunikazino arduradunak jakinarazo dabe Donostia Saria emongo jakola Esther García El Deseoko produktoreari, ehun lan baino gehiago egindakoari.
Zortzigarren urtez jarraian, zinemagintza garaikideko artista handi bat da kartelean protagonista; 2018tik Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem eta Cate Blanchetten erretratuak egon dira kartelean. Aurtengo posterra, Marisa Paredesen irudia dauena, Donostiako Wallijai estudioak diseinau dau, Manuel Outumuro argazkilariak 2000. urtean Madrilen egindako argazkian oinarrituta.
Gainerako sailetako kartelak be Wallijaik eginak dira, betiko lez, argazkia eta ilustrazinoa bateratuz: dramea (New Directors), zinema belikoa (Horizontes Latinos), erromantikoa eta musikala (Zabaltegi-Tabakalera), zientzia-fikzinoa (Perlak), animea (Nest), bildurrezkoa (Culinary Zinema), abentura-istorioak (Zinemira) eta westerna (Made in Spain).
Esther García, Donostia Saria
Beti be independentzia, arriskua eta bikaintasuna ikur hartuta, Esther Garcíak (Cedillo de la Torre, Segovia, 1956) ehun produkzinotan baino gehiagotan lan egin dau. 1986an El Deseo produkzino-etxean hasi zan, urtebete lehenago Pedro eta Agustín Almodóvar anaiek sortutako enpresan. Aurretik idazkari, laguntzaile edo produkzino-buru lanetan ibili zan hainbat filmetan: esaterako, Pim, pam, pum… ¡Fuego! (Pedro Olea, 1975), Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zana; Siete chicas peligrosas (Pedro Lazaga, 1979), Sé infiel y no mires con quién (Fernando Trueba, 1985), El año de las luces (Fernando Trueba, 1986), La vida alegre (Fernando Colomo, 1987) edo El juego más divertido (Emilio Martínez Lázaro, 1988). Hainbat telesailetan be ibili zan: Curro Jiménez edo Los pazos de Ulloa (Gonzalo Suárez).
Pedro Almodóvarregaz Matador (1986) filman lehen aldiz parte hartu ebanetik, barriz, oinarrizkoa izan da Mantxako zuzendariaren ondorengo proiektu guztietan (Almodóvarrek be Donostia saria jaso eban igazko edizinoan). Zuzendariaren eskutik ibili da hainbat filmetan; esaterako, produkzino-etxeari izena emon eutson La ley del deseo (1987) filma; Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), atzerriko film onenaren Oscar Saria irabazteko lehiatu zana edo Todo sobre mi madre (1999), hain zuzen be, Oscar Saria eskuratu ebana. Donostia Zinemaldian lehiaketaz kanpo proiektautako La flor de mi secreto (1995) filman ezeze, ondoko honeetan be jardun dira alkarregaz: Hable con ella (2002), La mala educación (2004), Volver (2006), Los abrazos rotos (2009), La piel que habito (2011), Julieta (2016) eta Dolor y gloria (2019), Madres paralelas (2021) edo La habitación de al lado (2024).
El Deseo beti nabarmendu da garaiko zinemagile emergenteei aukerea emoteagaitik, esaterako: Álex de la Iglesia, Isabel Coixet, Daniel Calparsoro, Mónica Laguna, Dunia Ayaso, Félix Sabroso edo Belén Macíasi. Horrezaz gan, Iberoamerikako zinemagintzearen izen nagusien ibilbidea be sustatu dau, esaterako Guillermo del Toro, Lucrecia Martel, Damián Szifron, Pablo Trapero, Julia Solomonoff, Luis Ortega, Andrés Wood edo Miguel Gonçalves Mendesena. Azken produkzinoen artean, Sirāt (2025) da nabarmentzekoa, izan be, Oliver Laxek Cannesko Epaimahaiaren Saria eskuratu eban.
Garcíak irabazitako sari askoren artean, Espainiako Zinematografia saria dago, Donostian 2018an jasotakoa eta Fotogramas de Plata 2019 saria, baita sei Goya sari be: hiru, produkzino-zuzendari moduan, Acción mutante (Álex de la Iglesia, 1993), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999) eta La vida secreta de las palabras (Isabel Coixet, 2005) filmakaz eta beste hiru produktore moduan, Volver (Pedro Almodóvar, 2006), Relatos salvajes (Damián Szifron, 2014) eta Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019).
Haren konpromiso feministeagaitik be nabarmendu da: CIMAko kidea da (Zinemagile emakumezkoen eta ikus-entzunezkoetakoen alkartea) eta El tren de la libertad (Made in Spain, 2014) dokumentala sustatu eban. Horrezaz gan, ez-fikzinoak be produzidu ditu, esaterako Con la pata quebrada (Made in Spain, 2013) eta Manda huevos (Sail Ofiziala, 2016), biak Diego Galánek zuzenduak, eta Almudena Carracedok eta Robert Baharrek egindako El silencio de los otros (2018).
Marisa Paredes
Marisa Paredesek (Madril, 1946-2024) 75 film luzetan baino gehiagotan lan egin eban. Haren ibilbidea hainbat zinemagilekaz lotuta dago, esaterako Fernando Trueba, Montxo Armendáriz, Jaime Chávarri, Agustí Villaronga eta, batez be, Pedro Almodóvarregaz; azkenekoarentzat Entre tinieblas (1983), Tacones lejanos (1991), La flor de mi secreto (1995), Todo sobre mi madre (1999), Hable con ella (2002) edo La piel que habito (2011) filmetan lan eginez. Nazinoartean, ondoko zuzendari honeekaz ibili zan: Guillermo del Toro, Arturo Ripstein, Raúl Ruiz, Roberto Benigni eta Manoel de Oliveira.
Hartu-emon estuak izan zituan Donostia Zinemaldiagaz 1977an lehen aldiz etorri zanetik; Sail Ofizialean lehiatu zan Antonio Isasi-Isasmendiren El perro filmaren aktore-taldeko kide moduan egin eban orduan bisitea. Ondoren, ondoko honeekaz izan zan: Agustí Villarongaren Tras el cristal (Zabaltegi, 1986), Felipe Vegaren Mientras haya luz (New Directors, 1987), Raúl Ruizen Trois vies et une seule mort (1996) eta Arturo Ripsteinen Profundo carmesí (1996); azkeneko biak, Perlak sailean eskainitakoak.
Zinemagile mexikarragaz El coronel no tiene quien le escriba (Made in Spanish, 1999) filman be izan zan eta horren ondoren etorri ziran Carlos Molineroren Salvajes (New Directors, 2001), Guillermo del Tororen El espinazo del diablo (Made in Spanish, 2001), Álvaro del Amoren Una preciosa puesta de sol (Made in Spain, 2003), Edgardo Cozarinskyren Dans le rouge du couchant (Sail Ofiziala, 2003), Pablo Maloren Frío sol de invierno (New Directors, 2004) eta Manuel Gómez Pereiraren Reinas (Made in Spain, 2005).
XXI. mendeko bigarren hamarkadan, barriz, ondoko honeekaz etorri zan Donostiara: Raúl Ruiz eta Valeria Sarmientoren As linhas de torres (Zabaltegi-Bereziak, 2012), Sergio Oksmanen Querido Fotogramas (Made in Spain, 2018) eta Jaime Rosalesen Petra (Perlak, 2018). Igaz parte hartu eban Zinemaldian azken aldiz, 78 urte zituala hil baino zenbait hilebete lehenago; Alba Sotorraren Mucha mierda (2024) dokumentaleko aktore-taldeko kide bezela.
1996ko Espainiako Zinematografia sariaren eta 2018ko Ohorezko Goya sariaren irabazle eta Zinemagintzearen Akademiako presidente 2000 eta 2003 artean, Marisa Paredes Espainiako zinemagintzearen aktore nagusietako bat izan da, eta, horregaitik, askotan ibili da Zinemaldiaren alfonbra gorrian zein bertako galetan.
Kontuak kontu, José Luis Rebordinosek esan dauenez, bigarren aldiz izango da Marisa Paredes Zinemaldiaren kartelean protagonistea: 2006an -The Lady From Shangai- bezela agertu zan, eta, orain, 19 urte geroago, aktore eta persona bezela eban handitasuna gogorarazoten deuskun irudi ezin ederrago batean dago. Edizino honetan, gainera, Donostia Saria beste emakume talentudun eta ausart batentzat izango da, Esther García produktorearentzat. Kartel eta sari horreengaitik, poz-pozik gagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!