Lara Izagirre 'Yerma' filmetan dabil Ane Pikaza eta Aitor Borobiagaz
2026-05-05 07:40 ZinemeaEuskal zinemagilea hasi da bere euskerazko film luze barria filmetan.
Yerma pelikulea filmetan, Lara Izagirre Garizurietaren hirugarren film luzea (Un otoño sin Berlín, Nora), apirilaren 27an hasi ziran eta zazpi astean ibiliko dira horretan Bilbon –Guggenheim Museoa, Azkuna Zentroa, Euskal Herriko Unibersidadea, besteak beste– baita Greziako Evia irlan.
Izagirre eta Goiricelaya antzerkigileak (MAX 2023 sariduna, Yerma antzezlanaren egokitzapen onenari) idatzia, Ane Pikaza (Nora, La ermita) eta Aitor Borobia (Verano en rojo) izango dira pelikula honetan protagonista. Eurekaz batera, Loli Astoreka (Goenkale, Nora), Leire Orbe (Go!azen), Naiara Carmona (Volveréis) eta Aritz Kortabarria (El mal) egongo dira.
Federico García Lorcaren irakurketa garaikidea proponiduten dau Yerma pelikuleak, euskeraz eta urian oinarrituta. Amatasunaren eta antzutasunaren gaineko presino sozialak edo lagundutako ugalketearen dilema etikoak aztertzen ditu, besteak beste. Jatorrizko testua alde batera itxita, Yerma honek narratiba eraldatzailea planteetan dau, protagonisteak bere etorkizunari bueltea emoteko bidea topauko dauelarik.
Istorio hau kontetako beharrizana ikusi dot nire buruan, ezkutuan dagoana agirian ipinteko, emakume askoren bizitea baldintzatzen baitau, adierazo dau Lara Izagirre zuzendariak. Arrazoiak arrazoi, gaur egun ama ez izateak zer esan nahi dauen hausnartu deien animetan ditut ikusleak, zinematik abiatuta iruditeria barria eregiteko.
Zuzendariaren ohiko talde teknikoak egingo dau lan Yerma-n: Gaizka Bourgeaud (Nora, Un otoño sin Berlín) argazki zuzendari bezela, Eva Valiño (Un otoño sin Berlín, Alcarrás) soinuan, Zaloa Ziluaga (Los domingos, Karmele, Handia) artearen arduraduna, eta Paula Olazen (Nora, Alguien que cuide de mí) musika originalagaz.
Gariza Films-ek produzidutako pelikulea da hau Eusko Jaurlaritza, Europa Creativa MEDIA, Eurimages eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz baina baita EITB, RTVE eta BBK Fundazinoaren partaidetzeagaz bere. Bestetik, nazinoarteko produkzinoa da, Greziako Neda Film etxeagaz, Greek Film Centerregaz eta ERT Greziako telebista publikoagaz bat egin dauelako. Atera Films estadu-mailako banaketaz arduratuko da.
Formatu digital zein analogikoan grabauko da Yerma, 16mm-ko irudiak eta mikroskopioetatik ataratako material zientifikoa nahastauta. Estetika honen helburua barrukoa, sensoriala eta sinbolikoa batzea da asmoa.
Zuzendaria eta gidoilaria: Lara Izagirre.
Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna UPV/EHUn 2007an. Gradua amaitu ondoren Zine Zuzendaritzan espezializau zan NYFAn 1-Year Filmmaking Program ikastaroa eginez. Ikasketak New Yorken amaitu zituanean, Forensic Films zinema independenteko produktorearentzat lan egin eban.
2015ean, Un otoño sin Berlín opera prima Donostia Zinemaldian estreinau eban; hurrengo urtean, Irene Escolar aktore protagonisteak Goya saria jaso eban, urteko emakumezko aktore barri onena bihurtuz. Bere bigarren film luzea, Nora, 2020an Donostia Zinemaldian estreinau ben; eta urtebete aurrerago Frantzian eta Espainian. HBOk, Netflixek, ETBk, Disneyk eta TVEk filmaren eskubideak erosi ditue emonaldietarako. Azken urteotan, Larak hainbat proiektu jorratu ditu, besteak beste, Pelikula Baten Bila (2023), Zinebiko Bertoko Begiradak sailean estreinautakoa.
El regalo (2025) bere azken film laburra, Valentziako Cinema Jove jaialdian estreinau eben. Oraindino estaduko zein nazinoarteko jaialdi askotan parte hartzen dabil, besteak beste, Festival de Málaga-ren 29. edizioan eta Bogoshorts jaialdian. Hainbat sari jaso ditu, hala nola fikzinoko film labur onenaren saria Festival Skyline de Benidorm jaialdian, aipamen berezia Międzynarodowy Festiwal Filmowy ZOOMn (Polonia), ikusleen saria ZINEBIn, film labur onenaren saria Bee Free Festival eta Ake Dikhea jaialdian.
2025ean, bere lehen film dokumental luzea, Empoderío, estreinau eben Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Yerma bere hirugarren fikzinoko film luzea izango da.
Gidoilaria: Maria Goiricelaya.
Zuzendaria, antzerkigilea eta antzerki ikertzailea, Goiricelayak antzerki eta opera ikuskizun ugari sortu eta zuzendu ditu, besteak beste, Zentro Dramatiko Nazionala, Espainiako Antzokia, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia edo Kursaala lako erakundeentzat. Haren lana antzoki eta jaialdi nazionaletan (Centro Dramático Nacional, Teatro de La Abadia, Teatro Español, Festival de Otoño, Festival GREC, Festival Temporada Alta, Festival Castell de Peralada) eta nazinoartekoetan (Festival Temporada Alta de Montevideo, Festival Santiago OFF de Santiago de Chile, Festival de Teatro Mercosur de Argentina) ikusi ahal izan da. 2017an Goiricelayak bere zigilu artistikoa sortu eban, La Dramática Errante, Ane Pikaza aktore eta sortzaileagaz batera.
Arte Ikerketa eta Sorkuntzan doktorea Euskal Herriko Unibersidadean, Goiricelayak El entrenamiento vocal del actor en los siglos XX y XXI tesia egin eban 2016an. Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan graduadua be bada EHUn, eta hainbat master ditu: MA Antzerki Musikala (Royal Central School of Speech & Drama), Arte Eszenikoak (Juan Carlos Erregea I) eta Kudeaketa Kulturala (UOC). Ikerketa-prestakuntzan, besteak beste, Roy Hart Center (Frantzia), Teatr Piesn Kozla (Polonia) eta Arthoc International Centre (Errumania) zentroak daude.
Goiricelayaren lanik barrienen artean, Dysphoria, Ikuskizun Onenaren LORCA SARIA (Alhambra antzokia), Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán (Arriaga antzokia), Filtro (Verdi aretoa), Festen (Arriaga antzokia), play! (Zentro Dramatiko Nazionala), Nevenka (Alhambra Antzokia), Yerma (BBK Aretoa), honegaz Premio MAX saria irabazi baitzeban Egokitzapen Onenaren kategorian; eta Altsasu (Teatro Arriaga), 2023ko MAX sarietan Ikuskizun Onenaren eta Egiletza Onenaren kategorietan finalista.
Gaur egun, zuzendu eta idazteaz gan, Goiricelaya Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako kidea da, BBK Aretoko programatzaile artistikoa eta Oliteko Antzerki Jaialdiko zuzendarikide artistikoa.
Protagonistea: Ane Pikaza.
Ane Pikaza (Bilbo, 1984) aktorea, zuzendari artistikoa eta ilustratzailea da. Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Dramatikoan diplomadua Euskal Herriko Unibersidadean, bere prestakuntza osotu dau Antzerki eta Arte Eszenikoetako espezialidadeagaz, CAPagaz eta Kultur Kudeaketako Masterragaz (UOC). Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz erraztasunez lan egiten dau.
Haren ibilbidea modu organikoan mobiduten da antzerkia, zinema eta ilustrazinoaren artean. Oholtzan, bere lana estu lotuta dago María Goiricelaya zuzendari eta dramaturgoagaz; haregaz batera sortu eban 2017an La Dramática Errante, Espainiako antzerki garaikidean erreferentziazko konpainia. Bere ibilbidean honako lan honeek dagoz: La Noche Árabe, Mami Lebrun —Donostia Saria 2017—, 3 Mujeres, Ghero, Madre Coraje, Erresuma Kingdom Reino(zuz. Calixto Bieito, Teatro Arriaga), Altsasu eta Festen. Era berean, SIFACE zuzendu dau Bilboko Teatro Arriagarako eta Gris, Morirse en Bilbao Pabellón 6ko Gazte Konpainiarako. 2021etik, Goiricelayagaz batera Festival de Teatro de Olite jaialdiaren zuzendaritza artistikoa konpartiduten dau.
Yerma laneko bere interpretazinoari esker —La Dramática Erranteren produkzino berean— 2023an Premio MAX sarietako Emakumezko Aktore Onenaren ataleko finalista izan zan.
Zineman, Nora (zuz. Lara Izagirre, 2020) filmeko protagonista izan zan —Festival Internacional de Cine de San Sebastiánn estreinautakoa eta bere ilustrazinoak filmean txertatuta—, formatu luzeko lehen apustu handia. Ondoren etorri dira La Ermita (zuz. Carlota Pereda, 2023) eta oraindino estreinau barik dagoan El ser querido (zuz. Rodrigo Sorogoyen, 2025).
Aktorea: Aitor Borobia.
Prestakuntzeari Getxoko Antzerki Eskolan ekin eutson eta Aitor Basauri eta Macarena Pombo lako profesionalakaz osotu eban. Antzerkian esperientzia handikoa da, Arimaktore areto alternatiboaren sortzaileetako bat da, eta Pabellón 6ko produkzinoetan kolaboratzailea izan da.
Haren azken lanen artean dagoz Sacamantecas (zuz. David Pérez Sañudo) eta Un fantasma en la batalla (zuz. Agustín Díaz Yanes) film luzeak, baita Olimpia, Detective Touré eta Desagertuta telesailak be.
Horrezaz gan, honako film luzeetan parte hartu dau: El doble más quince, Txarriboda, El comensal (zuz. Ángeles González-Sinde) eta Verano en rojo (zuz. Belén Macías); eta telesail honeetan: Ihesaldia, Amar es para siempre, La víctima número 8, Goenkale, Intimidad eta Itxaso (zuz. Antonio Díaz-Huerta).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
