Urrezko diploma bi eskuratu ditu Landarbaso Abesbatzak
2025-07-29 08:17 MusikeaVII. Tokyo International Choir Competitionen.

Garagarrilaren 25etik 27ra XII. Nazinoarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartu dau Landarbaso Abesbatzak. Data horreetan nazinoarteko abesbatzen topaleku bihurtu da Tokioko Dai-chi Seimen Hall ezaguna. Errenteriako taldea bertan jokatutako lehiaketan ibili da, mundu osoko 50 abesbatza finalista baino gehiagogaz batera.
Kontuak kontu, urrezko diploma bi eskuratu ditu Landarbasok, 90,5 eta 92,05 puntu jasota. Halanda be, emoitza bikain hori ez da nahikoa izan lehen hiru postuetan sartzeko, 0,48 puntura geratu baitira hirugarren postutik. Diplomak eskutan, oso gustura dagozala adierazo dabe Landarbasoko kideek, beste taldeen maila ikusgarria nabarmenduz.
Lehiaketea, World Choral Championship txapelketearen parte da, Krakovia, Taipei eta Riminiko lehiaketakaz batera. Landarbaso Abesbatza Japonia, Grezia, Thailandia, Indonesia eta Taiwan lako herrialdeetako taldeakaz lehiatu da, horreen artean Sendai Chamber Choir Tsumugi, Mahidol University Choir edo Penabur Children Choir.
Abesbatzak programa adierazkorra aurkeztu dau, interpretazinorako heldutasuna eta erregistro estetiko kontrastagarriei heltzeko gaitasunari eutsiz. Errepertorioan Jēkabs Jančevskis (1992) letoniar konpositorearen Atsalums (Unfreeze) izan da, sakonera atmosferiko eta konplejutasun tekniko handiko piezea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!