Musikenek 'Gravitaciones' CDa kaleratu dau

Bizkaie! 2025-07-28 07:45   Musikea

Musikene Sinfoniettak grabauta.

'Gravitaciones'. | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikenek Gravitaciones CDa kaleratu dau, Musikene Sinfoniettak Unai Urrechoren zuzendaritzapean grabauta, Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurrenean egindako autortzea.

Lan horretan ardatz Gravitaciones obrea dago, Jon Esnaola Musikeneko konposizino ikasleak sortua. Chillidaren izen bereko eskultura-seriean oinarrituta, obrea erabateko estreinaldi bezela aurkezten da, eskultorearen poetika bisuala geruza musikaletan itzultzen dauen soinu-esperientzia proponiduta.

Nire musikan materiala lantzeko modua Chillidaren -Gravitaciones- lanen antzekoa da. Gainjarritako papelen ordez, alkarren artean konbinetan diran eta batzuetan alkar ezkutatzen daben testura soinudunak erabilten ditut, Zabalaga baserrian deskubridu nituan pieza zintzilikatuen antzera, adierazo dau Esnaolak.

CDak, era berean, euskal konpositore nabarmenen lanak eta estreinaldiak jasoten ditu, esaterako Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka, Musikeneko irakasleak biak, baita J.S. Bach, A. Webern eta P. Hindemith lako konpositoreen piezak be. Errepertorioak tradizinoaren eta abangoardiaren arteko zubia egiten dau, musika garaikidearen eta eskulturearen arteko alkarrizketea azpimarratuz.

Proiektua Musikene eta Chillida Lekuren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan dago. Hitzarmenaren helburua Chillidaren unibersoari lotutako sorkuntza artistikoa sustatzea da. Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoaren arabera: lankidetza horri esker Chillidaren ondareari buruzko begiradea eta narratibak sustatu ditugu, bizirik jarraitzen dauela eta sorkuntza barrietarako abiapuntua dala erakutsiz. Halanda ze, Musikene Sinfoniettak Chillidak haren ibilbidean zehar gorpuztu eban espiritu sortzailea eta modernotasuna islatzen dau.

Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazinoko Mikel Chillidak eskultorearen obra bisualen eta musika garaikidearen arteko loturea azpimarratu dau, baita Jon Esnaolaren musikearen tinbrearen eta testurearen kontrasteak be. Autortza horrek Chillidaren eta musikearen ondarea publiko zabalagoarengana hurreratzen laguntzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu