Benito Lertxundiri egindako autortzea 41. Getxo Folk Jaialdiaren protagonista

Bizkaie! 2025-07-22 08:24   Musikea

Horrezaz gan, Estrella Morente, Capercaillie eta Carminho lako artistak izango dira.

Amaia Agirre eta Xabier Paya. | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 10etik 14ra, 41. Getxo Folk egingo da, eta, barriro be, musika publikoari hurreratzea izango dau helburu, erritmo tradizionalak eta genero eta estilo ugari buztartuz. Horretarako, Getxo Folkek egitarau zabala eskainiko dau, gune edegietan, Muxikebarriko abonu kontzertuez gain (20:00). Holan, Areetako Geltokia plazaren ingurura eroango dau musikea, goizez eta arratsaldez, eta jatorri askotako artisten eta taldeen erritmoak hurreratuko ditu. Publiko gaztea erakartzeko, Ereaga hondartzan kontzertu bi eskainiko ditue (hilaren 12an eta 13an), 22:00etatik aurrera. Guztira, Getxo Folk jaialdiak 13 kontzertu hartuko ditu, horreetatik 5 ordainpekoak eta gainerakoak doban, hiru kokalekutan. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak gaurtik hasita salgai dagoz ohiko kanaletan.

Abonu kontzertuak hilaren 10ean hasiko dira, Xabier Zeberio musikari gipuzkoarraren Pause proiektuaren eskutik. Haren bakarkako debuteko diskoaren abestiak harizko instrumentuen eremura eroango ditu, Andrés Isasi Musika Eskolako ikasleen laguntzeagaz. Hurrengo egunean, irailaren 11n, flamenkoaren eszenako artista enblematikoenetako bat izango da, Estrella Morente, Getxo Folk bisitauko dauena bigarren aldiz, generoaren ahots garrantzitsuenetako bat izatera eroan daben ezaugarriak erakusteko.

Barikuan, hilak 12, Capercaillie, musika tradizinonaleko eskoziar talde mitikoa, hainbat hamarkadatako ibilbidea atzean dauela, haren herrialdeko eta kanpoko erritmo tradizinonalen erreferentzia nagusietako bat izan da, sustraiko musikak beste joera batzuekaz buztartuz. Hilaren 13an, Carminhoren txandea izango da. Portugalgo fado eta kantu tradizinonaleko artisten belaunaldi barriaren erakusle da, eta forma eta musika paisaje barriak aztertzeko gaitasunagaitik nabarmentzen da.

Hilaren 14an, Hunkidura kuttunak ikuskizuna izango da. Hainbat diziplinatako artistek autortzea egingo deutse euskal kantagintzearen figura handienetako bati, Benito Lertxundiri hain zuzen be. Kukai Dantza eta Arkaitz Hormaetxeren zuzendaritzapean, Mikel Markezek, Idoia Asurmendik, Janus Lesterrek eta Miruak, besteak beste, ibilbide musikal eta emozinonala proponiduten dabe musikari oriotar handiaren ibilbidean zehar.

Dobako kontzertuak

Getxo Folk jaialdiaren programazinoagaz bat egingo dau Areetako Geltokia plazan aire zabaleko kontzertuak eskaintzeko proposamenak. Bertan, La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band lako talde eta artistak batuko dira, besteak beste, Ipar Amerikako soinu tradizionalak, euskal musikea eta jazz-folka eroango dituenak. Ume eta familientzako proposamen berezi bat eskainiko da, Ene Kantak talde ospetsuaren autortzea eta txikienentzako ludoteka musikala hartuko dituana.

Gainera, Ereaga hondartzako aparkalekuak bariku eta zapatu gaueko kontzertu bi (22:00) hartuko ditu, gazteentzat. Bertan, Chambao (hilak 12) eta Muerdo (hilak 13) taldeen musikaz disfrutau ahal izango da. Horrezaz gan, Black Raven Pipe Band irlandar gaita taldearen desfileak eta Areetako Geltokia plazako anfiteatroa hartuko dauen musika ludoteka izango dira hilaren 13an eta 14an.

Informazino gehiago, sarrerak eta progamazinoa konsultau hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu