‘Mastodophonika', Bilbon
2025-07-15 07:45 MusikeaIrailaren 5ean eta 6an.

Euskalduna Bilbaok ikuskizun apurtzailea iragarri dau Aste Nagusiari agur esareko, artista hasibarriak eta ibilbide nabarmeneko talentua buztartzen dituan kontzertuagaz. Ohiko formatuetatik aldentzen da ikuskizuna eta publikoa harritzea eta emozionetea dau helburu. Mastodophonikak Euskalduna Bilbaoko Auditoriumeko agertokira ekarriko ditu Mastodonte taldea (Asier Etxeandia artista polifazetikoa eta Enrico Barbaro musikagile napolitarrak osatua), Leioako San Juan Bautista Abesbatza eta Euskadiko Gazte Orkestra (EGO); guztiak Iker Sánchezen zuzendaritzapean.
Ikuskizunak irailaren 5ean eta 6an izango dira, 20:30ean, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz www.euskalduna.eus webgunean.
Mastodophonika ez da kontzertu hutsala, zentzumen guztiak esnatzen dituan ikuskizuna baino. Mastodonteren eszena-gaitasun ikaragarriak, Asier Etxeandia buru dauela, bere errepertorioaren errepaso sinfoniko batetik abiatuz, bidaia mitologiko batera eroango gaitu, lurraldearen indarra eta bertako arimen presentzia nabarmenduz. Emozioak loratu eta orainaldia aztertuko da etorkizunari begira jarri eta gure kulturea, tradizinoak eta nortasuna aldarrikatuz, abesti tradizionalen bidez eta euskereari presentzia garrantzitsua emonez. Horretarako laguntza ezin hobea izango dau bikoteak: Leiako San Juan Bautista Abesbatzako koralistek euren ahots indartsuak ikuskizunaren erdigunean jarriko ditue eta EGOk bere indar sinfonikoa eroango dau oholtzara.
Kontzertu hau Euskalduna Bilbaoren produkzino propioa da, bere programazio zabala osotzea eta jatorrizko produkzio propioak eskaintzeko helburua dauen Musika eta Biltzar Jauregiaren estrategiari eutsiz. Kultura garaikidea, ausarta eta anbiziotsua eskaintzea eta bertako talentu sortzaile barriei bozgorailua eskaintzea lortu nahi da; areto enblematiko batean gainera, Auditoriumean. Orain, nazinoartean ospe handiko artista baten parte-hartzea nabarmentzen da: Asier Etxeandia.
Mastodophonika ikusizunaren aurkezpenean, bertaratutakoek ikuskizunaren aurrerapen batez gozauu dabe. Mastodontek eta EGOk Glaciar abestiaren bersino barri bat jo dabe, baita Santa Agedako koplak be, piezearen esentziari eutsiz baina bersino erabat apurtzaile bategaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!