Gorefest jaialdiak 25 urte
2025-07-10 08:02 MusikeaSinbolismoz eta memoriaz betetako edizino berezia.

Barikuan, garagarrilaren 11n ospatuko dabe urteurrena Nestor Basterretxea Aretoan eta umeentzako jarduerak, proiekzino bereziak, kale-antzerkia eta jatorrizko soinu-banda bat batuko ditu. Horrezaz gan, momentuaren zain urteak eroiazan istorio bat batuko dau jaialdiak. Aurten, urteurren berezi honetan, kalean amaituko da Gorefest jaialdia Deabru Beltzak taldearen kalejireagaz.
2020. urtean 20. urteurrena ospatzeko idea oso indartsu ebilen: freak zirku bat eta apokalipsia buztartzen zituan istorioa, hain zuzen be. Mundu amaiera baten antzerako zeozertxu, pandemia baten etorrerea edo. Bat-batean, COVID heldu zan... eta gure fikzino zoroa, benetakoa bihurtu zan”, dio Iñigo Achak, Spookypheria Productions alkarteko kideak. “Ez genduan egokitzat jo 20. urteurren hori, 2021ean edo 2022an ospatzea. Material guztia gorde genduan —argazkiak, bideoak, personaiak— eta orain arte itxaron dogu. Urte honeetan guztietan, istorio horretako pasarte txikiak eskaintzen joan gara eta, orain, azkenik, forma osoa hartuko dau 25. urteurren honetan. Ziklo bat zarratzen da edo hori sentiduten dogu, nabarmendu dau Achak.
Urteurren honetako proposamen estetiko eta narratiboa zirkuaren, bazterkeriaren eta gizarte kolapsoaren inguruan eregiten da, Gorefestaren ohiko tonua errespetauta: ikus-entzunezko elementu indartsuak eta izakera zinematografiko, barregarri eta performatiboa: gure ekitaldiak maila bisualean indartsuak baina aldi berean terapia kolektibo moduko bat dira: hondamendiaz barre egiten dogu artearen eta irudimenaren bidez, azaldu dau Achak.
Egitarau berezia
25. urteurreneko programazinoa arratsaldean hasi eta gauerdian amaituko da:
- 18:30-21:00. GoreKids: umeentzako gunea, marrazkiak, arpegia margotzeko tailerrak eta globoak.
- 19:00retatik aurrera. Photocalla.
- 20:00: Film laburren proiekzinoak (begitu erantsitakoa testuan). Alkarrizketak, artxibo-irudiak eta material barria.
- 23:00: Kale-antzerkia: Deabru Beltzak taldearen Les Tambours De Feu ikuskizuna, sua, musikea eta iluntasuna buztartuz.
Sarrerak 6 euroan dagoz eta egun berean erosi daitekez Nestor Basterretxea aretoaren kanpoaldean.
Urteurren honetako ezusteko handienetako bat izan da Elizabeltz Bermeoko shock rock taldeagaz alkarlanean ibiltea. Bermeotarrek 25 Years of Blood abesti originala sortu dabe urteurrenerako. Bideoklipa eskuragarri dago YouTuben eta, gainera, CD bat erregalauko da sarrera bakotxagaz.
Bermeoko Udalak be ekimenaren garrantzia azpimarratu dau eta, esangura horretan, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazo dau Gorefest jaialdiak hasieratik ekarri dauela Bermeoko kultura agendarako ezbardina eta apurtzailea dan ekimen bat: 25 urtez bere esentziari eutsi deutse freskotasuna galdu barik. Spookypheriako kideei eskerrak emon nahi deutsegu urte honeetan guztietan egindako lan, sormen eta konpromisoagaitik. Gorefest ez da jaialdi hutsa, adierazoteko modu berezia be bada; belaunaldi ezbardinak konektetan ditu ilunagaz, alternatiboagaz eta dibertimenduagaz. Barikuan, Bermeo barriro odolez, musikaz eta suz beteko da. Eta, urtero lez, jaialdiak ez dau inor epel itxiko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!