Behotsik Orkestreak denporaldiari amaierea emongo deutso
2025-07-03 10:40 MusikeaKontzertu bi eskainiz, Gazte Talentuak programearen barruan.

Behotsik Orkestreak programea berezi bategaz zarratuko dau 2024/2025 denporaldia. Gazte Talentuak izenburupean, bakarlarien obraz osotuta egongo diran kontzertu bi prestau ditu.
Betiko lez, Behotsik Orkestreak alkarlana, disziplina artistikoa eta musika-estilo ugari buztartzen ditu. Horren erakusle dira azkenaldian egin dituan kontzertuak.
Aurtongo edizinoan ondoko musikari honeek hartu dabe parte: Mariana Blanco (bibolina), Izei Díaz (kontrabajua), Yun Erro (bibolina), Naiara Hernández (oboea), Tatiana Hernández (bibolina), Julen Macía (bibolina), Marcos Martínez (klarinetea) eta Sara Prado (klarinetea).
Barriro be, proiektua aurrera aterateko Laboral Kutxaren babesa izango dau.
Gazte Talentuak programeak geldialdi bi izango ditu: lehenengoa, Bilboko Deustuko San Pedro eleizan, garagarrilaren 5ean, zapatua, arratsaldeko 20:00etan; bigarrena, barriz, Burgosko Oña udalerrian egingo da, San Salvador Monasterioan hain zuzen be, garagarrilaren 12an, zapatua, arratsaldeko 20:00etan.
Behotsik Orkestrea
2011ko udan sortu zan musikan denporea emoteko gazte talde baten idearen ondorioz, batez be, giro atsegin eta lasaian, musikaz nahiz konpainiaz gozetan dan bitartean ikasi eta hobetu ahal izateko helburua izanik. Idea honen emoitzea musikea bidelagun bihurtzea helburu nagusitzat daben 15 eta 30 urte bitarteko orkestra gazte eta anitza da.
Kontzertu askok ongintzazkoak dira, alkartearen idealak eta balioak errespetauta, izan be, helburu nagusia Bilbo eta Bizkaiko bizitza kulturalaren garapena bultzatzea da, musikea (gehienbat klasikoa) jenteari hurreratuz.
Orkestreak musika klasikoari leporatzn jakozan estereotipoak hausi eta gero eta jente gehiago erakartea lortzen dau bere errepertorio barritzaile eta apurtzailearen bidez: filmen soinu-bandei eskainitako programak, rock sinfonikoa, umeentzako operea, baita rap eta hip-hop estiloko disko bat grabetea Aneguria rap abeslariagaz batera.
Orkestrearen ezaugarrietako bat kudeaketa eredua da, izan be, erabagi guztiak asanbladan hartzen dira, musikari bat-boto bat printzipioan oinarrituta. Bertan erabagiten dira errepertorioak eta kontzertuak.
Orkestreak 2022an ospatu eban bere hamargarren urteurrena Behotsik: 10 urte, hamaika lagun ikuskizuna eskainiz ganezka egoan Euskalduna Jauregiko Auditorioan, oholtzan 250 persona baino gehiago batu zituan megaprodukzinoa.
2023ko abuztuan, nazinoarteko presentzia izan eban hautaketa-prozesu zorrotz eta lehiakor baten ondoren, Behotsik Orkestreak Sancho Almendral izentau eban Zuzendari Titular barri, alkartearen jarduerearen profesionalizazino-prozesuan beste urrats bat emonez.
2025eko urtarrilean, Sancho Almendralek orkestrearen zuzendaritzea itxi eban, Nicolás Serranok hartuz Behotsik Orkestraren Zuzendari Titularraren ardurea.c
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!