Nafarroako Bertsolari Txapelketea urriaren 4tik zemendiaren 29ra

Bizkaie! 2025-07-02 11:16   Bertsolaritzea

Auritzen hasiko da NBT25, 24 bertsolarigaz. Finala Nafarroa Arenan izango da. 

Nafarroan bertsolaritzeak hartu dauen hazkundeari esker, pausu kuantitatibo eta kualitatiboa emon dogu.

48. Nafarroako Bertsolari Txapelketea izango da. Kultureari, euskeraz egiten danari eta euskereari ekarpen mamitsua egiten deutso txapelketeak: euskal kulturaz gozetako topaleku bihurtzen da. 2025an be holan izatea espero da. 30 bertsolarik emon dabe izena aurtengo txapelketan eta behin sailkapen saioak igarota, 24 izango dira Auritzen hasiko dan ibilbidean. Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Azken horretan lehen aldiz izango da txapelketa saioa. Saio horreetan kantetan dabenetatik 18k egingo dabe aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira (Agoitzen, Leitzan eta Tafallan) eta horreetako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatuko diranak.

Danetara, zortzi saio izango ditu txapelketeak, beste horrenbeste udalerritan. Izan be, Nafarroako Bertsozale Alkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritzea Nafarroako lurralde osora zabaltzeko amesa dauka aurtengo txapelketeagaz.

Zortzi saio, hainbat udalerritan

  • Urriak 4, Auritz - Auritzeko Kultur Etxean.
  • Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxean.
  • Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunean.
  • Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxean.
  • Zemendiak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxean.
  • Zemendiak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoan.
  • Zemendiak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunean.
  • Zemendiak 29, Iruñea – Nafarroa Arenan.

Finala Nafarroa Arenan izango da lehenengoz

Azken aldion bertsolaritzeak Nafarroan bizi dauen hazkundearen ondorioz, saltoa egitea erabagi dogu. Gainera, urtez urte txapelketeak kalidade hobea eskaintzen dau eta gero eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregaitik emongo dogu urrats kualitatibo eta kuantitatiboa.

Zortzi bertsolarien artean puntuazinorik altuena lortzen daben bertsolari bik buruz burukoa jokatuko dabe eta hor erabagiko da 2025eko txapelduna. Eta bide hori egiteko prest agertu eta sailkatutako bertsolarien artean, ordezkaritza anitza osotzen dabe. Kattin Madariagak lehen aldiz parte hartuko dau txapelketan baina beragaz kantauko dabe urte luzez txapelketan ibiltakoek be. Aurten hiru txapeldun ibiliko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.

Hilebete bi irauten ditu txapelketeak baina urte osoko lanaren isla badira zortzi saioak atontzea eta emoitzea. Ondorioak be badakarz, saioro ekarpena egiten jakolako euskal kulturgintzeari. Txapelketea, beraz, transmisinorako giltzarri da; baina ez da alkarteak dauen giltz bakarra, urte osoan hezkuntzearen arloan egiten dan lana be ezinbestekoa da, esaterako.

Udagoien mobidua dator, baina zugatzetatik jausten diran hosto sikuez gan, bertsolaritzeak loreak be ekarriko deuskuz urte amaiera aldean. Lehenengoz Bizkaiak ekingo deutso txapelketeari, eta atzetik etorriko gara gu, urriaren 4an, Nafarroa bertsolaritzaz loratzeko asmoz!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu