'Basque Wine' produktuen sustapena bultzatzea da asmoa

Bizkaie! 2025-07-02 10:22   Kulturea

Eusko Jaurlaritzearen eta Chillida Lekuren artekoa da lankidetzea.

Bart egin da Hernanin, Chillida Lekun, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako HAZI Fundazinoaren eta Chillida Leku Museoaren arteko babesletza-akordioa barritzeko ekitaldia, Basque Wine zigiluagaz babestutako produktuak eta markea bultzatzeko.

Museoan bertan egindak ekitaldian lankidetza publiko-pribatuaren balio estrategikoa nabarmendu da, Euskadin egiten diran ardao, txakolin, artisau-garagardao eta sagardaoen konsumoa eta ikusgaitasuna indartzeko plataforma lez.

Erakundeetako beste ordezkari batzuen artean, ekitaldian izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendaria, Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendaria eta Mikel Chillida Eduardo Chillidaren lobea eta Chillida Lekuko Garapeneko zuzendaria.

Amaia Barredo sailburuak nabarmendu dauenez, akordioari esker euskal nortasun gastronomikoa ingurune parebakoan, artea, lurraldea eta jasangarritasuna modu naturalean buztartzen diran ingurunean erakusteko. Chillida Leku gure produktuen eta produktoreen bozgorailu kultural bihurtzen da. Momentu gatx honeetan, ziurbakotasunak eta askotan gertukoa izanik aldentzen gaituan globalizazinoak markautako momentuotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da identifikautako eta ezagutzeko moduko kalidadeko produktuak sustatzea. Oso garrantzitsua begitantzen jat esangura horretan egiten dan lana, gure tokiko produkzinoa identifika, bereizi eta balioetsiz.

Basque Wine produktuek presentzia handiagoa izango dabe bai Lurra Café jatetxeko eskaintza gastronomikoan bai museoak hartzen dituan nazinoarteko kultur ekitaldi eta bisitetan. Era berean, bertako produktuak eta jasangarriak erabilteko konpromisoa sendotu da, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta kulturearen eta sormenaren esparruaren artean sinergiak sortuz.

Akordioak komunikazino-ekintza bateratuak, ekitaldi instituzionalak atontzeko abantailak eta HAZI eta Eusko Jaurlaritzea datozen hiru urteetan museoaren babesle gastronomiko lez autortzea be jasoten ditu.

Erakunde bien arteko aliantzea 2021ean hasi zan eta, edizinoz edizino, ikusi da euskal produktuak jente askori hurbiltzeko kapazidadea dauela, kalidadearen, jatorriaren eta gertutasunaren irudi koherentea sendotuz.

Lankidetza honen erakusgarri, Chillida Lekun egin da Basque Beerren aurkezpen profesionala, Euskadiko gastronomiaren esparruko profesionalei eta preskriptoreei zuzenduta.

Jardunaldiak euskal artisau-garagardaoen ezaugarriak ezagutarazoteko balio izan dau, hare izaera naturala, kalidade handia, elaborazino arduratsua, lurraldean dituan erroak eta nortasun berezia balioetsiz.

Programearen barruan markearen irudi barria, Basquewashing kanpainea eta 2025eko udarako aurreikusitako Basque Beer Tour jardunaldi ibiltariak aurkeztu dira eta, amaitzeko, koktel-buztarketa bat egin da Federico Pacha chefaren eta Jabi Ortega garagardao sommelierraren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu