Jazzber jaialdiak upealako kontzertuak ekarriko deuskuz Bermeora
2025-06-27 07:52 MusikeaGaragarrilaren 2tik 4ra, Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30an, musu-truk.

Jazz musikea izango da protagonista Bermeon XXVII. Jazzber Jaialdian. Aurten, Gorka Benítez Quartet, Cesar Vidal; Artikulation Band eta nazinoarteko L.A.B. Trio izango oholtzan ikusko doguzanak estilo eta jatorri ugari batuz.
Jaialdia Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak atontzen dabe eta kalidadeko jazzaren aldeko jarrerea berretsi dabe. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak adierazo dauenez, Jazzber jaialdiaren helburua da jazz musikea herritarrei hurbiltzea, zaletasuna eta ezagutzea sustatzea eta genero horretako jokera barriak ezagutarazotea.
Jizz Jazz Kultur Taldeko kide Igor Markaidak emon dau aurtengo egitarauaren barri eta Bermeoko Jazzber jaialdian izango diran taldeen kalidadea nabarmendu du.
- Garagarrilak 2, eguaztena: Gorka Benítez Quartet Gorka Benitez saxofonista eta flautistea da eta David Xirgu (bateria) eta Dani Pérez (gitarristea) lagun dituala, hirukote sendoa dira; proiektu honetan, Abel Boquera organistea be bada, laukotea osotuz. Proiektuan musika korala, polifonia, popa eta jazza buztartuz kantu originalak eskaintzen ditue.
- Garagarrilak 3, eguena: Cesar Vidal & Artikulation Band Cesar Vidal madrildarra buru dauen boskote honek jazz garaikidea lantzen dau, inprobisazinoa eta denpora errealean sortutako elementu elektronikoak buztartuz. Akustikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotu eta soinu-esperientzia barritzaileak eskaintzen ditue. Euren musikea esploratzailea, ausarta eta esperimentala da. Talde honetan dabil kontrabajua joten dauen Jon Carranza musikari bermeotarrak. Holan, etxean bertan joteko aukerea izango dau bermeotarrak. Taldekide dira Pietro Aloi, David Gimeno eta Jorge Care.
- Garagarrilak 4, barikua: L.A.B. Trio. 2024ko urrian sortu zan Berlingo Jazz Institutuan eta hiru herrialdetako musikariek osotzen dabe: Leela (Berlin), Alexandre (Paris) eta Barnabas (Budapest). Bakotxak musikearen aurreaan dituen ikuspegiak azaltzen saiatzen dira: Alexandreren grove, funk eta fusino elementuak, Barnabasen metal eta rock progresiboaren eraginak eta Leelaren musika librea eta soinu afrokubanoak buztartuz.
Jazzber jaialdia ezinbesteko hitzordua da gure eskualdean. Kalidadeko jazzaz gozetako aukerea eskaintzen du eta, beraz, bermeotar eta inguruko bizilagun guztiak konbidetan ditugu etorri daitezan esan du Endika Etxebarria zinegotziak.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak emon deutsoz Jizz Jazz Kultura Taldeari: urte honeetan guztietan egin dozuen lanari esker, Jazzber jaialdia erreferente bihurtu da. Herritarrak kulturearen parte sentidu daitezan, udalaren eta herriko talde aktiboen arteko alkarlana ezinbestekoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!