Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketea, irailaren 27an
2025-06-26 12:55 KirolaHistorian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna izango da.

Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketearen lehen edizinoa irailaren 27an izango da Abadiñoko Probalekuan eta, egun osoko egitaraua atondu dau Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME). Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, lagun artean zein familian disfrutetako aukera parebakoa izango da.
Gustu eta edade tarte guztientzako programea osotu da: Euskal Herriko eta Nazinoarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Label produktuak probetako aukerea eta ardi eta artile produktuen azokea.
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna zein izango dan jakingo dogu. Euskal Herriko Txapelketaz gan, gainera, Nazinoarteko Txapelketea be jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak neurtuko ditue indarrak berton. Teknika, abiadura eta trebezia handiko ikuskizuna. Guztira, 60 moztaile ibiliko dira lehian eta Euskal Herriko 700 ardiri moztuko deutse ulea.
Modalidade bitan lehiatuko dira Euskal Herriko eta Nazinoarteko Txapelketan: makinea eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren artilea elektrizidade bidezko makineagaz ebagiko dabe. Guraize modalidadean, barriz, ardi-ulea eskuzko artaziakaz ebagiko dabe.
Goizean goizetik hasiko da lehia. Goizaren lehen zatian, eguerdira bitartean, Euskal Herriko Txapelketako eta Nazinoarteko Txapelketako kanporaketak jokatuko dira. Arratsaldean, barriz, 16:00etatik aurrera final-erdiak eta finalak jokatuko dira. Halanda ze, Euskal Herriko Txapelduna eta Nazinoarteko Txapelketako selekzino irabazlea ezagutuko doguz arratsaldean.
Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME) atondutako txapelketeak, ondoko erakunde honeen babesa dauka: Abadiñoko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Urkiola Landa Garapena, Eusko Label, EKFB- Euskal Kirol Federazinoen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country eta Udalbiltza Euskal Herriko Udalen patzuergoa. Baita ondoko honeen laguntzea be: Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Alkartasuna, EITB, Eako Udala, Erromantzazuko Udala, Uharte-Arakilgo Udala, Venor eta Gu ere bai.
Euskal Herriko eta Nazinoarteko Txapelketak
Historian lehen aldiz, Euskal Herriko moztaile txapelduna izango da 2025ean. Munduko konsejuak jarten dituan nazinoarteko arauen araberako txapelketea izango da eta nazinoarteko 8-10 epailek ebaluauko dabe moztaileen lana. Epaile nagusia Robbie Hislop eskoziarra izango da.
Arabere gehiago, Euskal Herriko Txapelketan 2026ko martiaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Barrian, egingo dan Golden Shears World Championship munduko txapelketan parte hartuko dauen selekzinoa hautatzeko proba baliogarria izango da.
Euskal Herria munduko txapelketan ordezkatuko daben taldea bederatzi lagunek osotuko dabe: makinaz ibiliko diran moztail bik, guraizez ibiliko diran beste bik, artile kudeatzaile bik, talde burua, epailea eta entrenatzailea.
Euskal Herriko Txapelketaz gan, Nazinoarteko Txapelketa be jokatuko da Abadiñon. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereak, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak, neurtuko ditue indarrak bertan. Euskal Herriko eta nazinoarteko moztailerik onenetako batzuk bertatik bertara ikusteko aukera parebakoa izango da.
Moztaileok gogor entrenetan dogu kirol horrek eskatzen dituan gaitasun eta trebetasunak garatzeko. Prestakuntza zorrotza behar da. Fisikoa, mentala eta teknikoa. Ardiei ulea mozteak trebetasuna, zehetasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika egokia landuta izatea eskatzen dau. Maila teknikoan artilea modu eraginkorrean kentzeko beharrezkoak diran posizinoak, manipulazinoa eta mobimenduak ikastea eta praktiketea nahitaezkoak dira. Prestakuntza fisikoa be oinarrizkoa da, moztaileok ordu luzez eutsi behar deutsagulako lan erritmoari. Moztaileok egiten ditugun mobimendu errepikakorrek fisikoki nekea eragiten dabe, batez be, bizkarrean, sorbaldetan, hanketan eta besoetan. Ondorioz, moztaileok indartze eta egokitze ariketak, ariketa kardiobaskularrak eta malgutasun errutinak egiten ditugu, lesinoei aurre egin eta errendimendua hobetzeko, adierazo dabe Euskal Ardi Moztaileen Alkarteko moztaileek.
Euskal Herriko Selekzinoa
Mundu mailako ardi-ule mozte ekitaldietan eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatzen dabe. 2023an, Golden Shears Munduko Kontseiluak, aho batez onartu eban Euskal Herriari beste herrialdeakaz batera lehiatzeko aukerea emotea, besteen artean, Espainiak eta Frantziak. Mugarri historikoa da.
Gure selekzinoa Euskal Herriko zazpi probintzietako ardi moztaileez osotuta egongo da. Nazinoarteko zirkuituan zein hiru urtetik behin egiten dan munduko txapelketan parte hartu ahal izango dogu Euskal Herria-Basque Country bezela. Ardi moztaileontzat ohorea da gure herria ordezkatzea: gure baloreen, gure nortasunaren, gure identidadearen erakusleihoa izatea.
Euskal Herriko moztaileen egutegia
2025ean eta 2026an ondorengo data eta lekuetan lehiatuko dira euskal moztaileak:
- Garagarrilak 12-13: Boussac (Frantzia). Makinea, guraizea eta artile sailkaketea.
- Garagarrilak 19: Martel (Frantzia). Makinea eta guraizea. Euskal Herria VS Frantzia.
- Garagarrilak 25-26: Corwen Shears (Gales). Makinea, guraizea eta artile sailkaketea.
- Abuztuak 16: Speed Shear (Zugarramurdi-Euskal Herria). Makinea.
- Abuztuak 31: Artzai Eguna (Uharte Arakil-Euskal Herria). Makinea.
- Irailak 27: Euskal Herriko Txapelketea (Abadiño-Euskal Herria). Makinea eta guraizea.
- 2026ko martiak 4-7: Golden Shears World Championship (Masterton-Zeelanda Barria). Makinea, guraizea eta artile kudeaketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!