Euskal Pelota Selekzinoa Argentinan eta Uruguain lehiatuko da

Bizkaie! 2026-10-02 10:14   Kirola

Munduko Txapelketan Euskadi ordezkatuko daben 41 pelotariak prest dagoz.






Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzeak (EEPF) Euskadi ordezkatuko dau XX. Euskal Pelotaren Munduko Txapelketan, urriaren 15etik 24ra, Buenos Airesen (Argentina) eta Colonia del Sacramenton (Uruguai). Euskadiko ordezkaritzara 41 pelotari batu dira eta 13 espezialidadetan lehiatuko dira: ezker paretan (54, 36 eta 30 metro), trinketean eta frontballean, emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan.

Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea, Ibone Bengoetxea; Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Euskadiko Euskal Pelota Federakuntzako presidentea, Joxe Mari Mitxelena; euskal erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak; kirol munduko eragileak eta pelotarien senideak.

Lehen lehendakariordeak ondokoa nabarmendu dau: pelotariek herri oso bat ordezkatuko dabe, Euskadiren izena, koloreak eta balioak zabalduko ditue nazinoarteko erakusleiho handienetako batean, Munduko txapelketan. Selekzinoaren ofizialtasuna posible egin daben persona eta erakunde guztien lana eskertu eta azpimarratu dau azken urteetako ahaleginaren eta konpromisoaren emoitzea dala gaur bizi dogun momentu historikoa: Eusko Jaurlaritzearen konpromisoa sendoa da eta lanean jarraituko dogu Euskal Selekzino guztien ofizialtasunerako bidean. Munduko Txapelketa hau mugarri berezia izango da euskal kirolarentzat: lehenengo aldiz, Euskadik bere izenagaz eta modu ofizialean parte hartuko baitau nazinoarteko txapelketa nagusian. Hori dala eta, aurkeztutako taldea kirol ordezkaritza bat baino gehiago da, urte luzez egindako lanaren, konpromisoaren eta autortzearen sinbolo be bada. Herri oso baten ilusinoa eta harrotasunaren ordezkaritza bat izango da. Herri oso baten baloreak mundura zabalduko ditue gure pelotariek, nabarmendu dau Ibone Bengoetxeak.

Datozen asteetan, pelotariak Euskadiren ordezkari izango dira munduaren aurrean, eta herri oso baten ilusinoa, harrotasuna eta kirol tradizinoa eroango ditue.

EEPFk klub guztiak, pelotariak, familiak eta pelotazaleak animau ditu Selekzinoagaz bat egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu