Ander Cepasek domina bi irabazi ditu ITTF World Para Elite Yvelines txapelketan
2026-09-17 07:35 KirolaMahai-tenis egokituko jokalariak urrea eskuratu dau banakako lehian eta zidarra bikoteka.
Ander Cepasek igaz modu ezin hobean ekin eutson ziklo olinpikoari eta aurten bere bide beretik jarraitzen dau. Frantziako herrian jokatutako ITTF World Para Elite Yvelines Txapelketan donostiarrak urrezko dominea irabazi dau 9 klaseko banakako lehiaketan eta zidarra MD18 klasean, taldekako lehiaketan, Juan Bautista Pérezekin bikotea osotuz.
Cepasek urrezko dominea eskuratu eban Saint-Quentin-en-Yvelineseko (Frantzia) Vélodrome Nationalean, binakako probei aurre egin aurretik. Multzoko lehen postuan aurrera egin eban Abiola Wali Adesope nigeriarra eta Lucas dos Santos Carvalho brasildarra 3-0 gainditu ondoren. Finalerdietara zuzenean sartu ondoren, 3-2 irabazi eutson Lucas Didier frantziarrari eta garaikurra eroan eban finalean Juan Bautista Pérez 3-0 menperatuta.
Hain zuzen be, 9 klaseko final horretan aurrez aurre egon ziranak alkarregaz burrukatu dira gero MD18 klaseko binakako lehian eta zidarrezko dominea irabazi dabe. Multzoen fasean 3-0 gainditu ditue Cigolotti eta Didier frantziarrak eta emoitza beragaitik Adesope eta Agunbiade nigeriarrak. Finalerdietan 3-2 azpiratu ditue Oliveira eta Guarnieri brasildarrak. Finalean ezin izan ditue Nozdrunov eta Iakovlev errusiarrak gainditu eta 0-3ko emoitzeagaz galdu dabe.
Domina bi horreek martian hasi zan zerrenda luze bati batzen jakoz. Ander Cepasek banaka urrea eta bikote mistoetan zidarra irabazi zituan Lignanon, urrea binaka eta bikote mistoetan Costa Bravan, zidarra banaka eta binaka Beijingen, banakako eta taldekako urrea Sao Paulon, banakako zidarra Laskon eta urrea banaka zein binaka Taipein.
Aurten Ander Cepasen helburu nagusia Munduko Txapelketea izango da, zemendiaren 13tik 19ra Pattayan, Thailandian. Ander Cepas mahai-tenis egokituko Munduko rankingeko lehenengoa izan da 9 klasean, diziplinaren tontorrean kokatuta, nahiz eta txapelketa global handi batean bere mugarririk nabarmenena 2024ko Parisko Joko Paralinpikoetan irabazitako brontzezko dominea izan. Thailandian joango da gehien nahi dauen tituluetako baten bila, Munduko txapeldunarena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
