Tomatera lehenengoz izango da TKE ligan
2026-09-22 07:38 KirolaGaur egun, 200 persona inguru dabiz klubean.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, udal-korporazinoko kideakaz batera, Deustu Arraun Taldeko Tomaterako arraunlariei eta talde teknikoari harrerea egin deutse bart udaletxeko Arabiar Aretoan, gizonezkoen trainerua TKE ligan izango dalako datorren urtean.
Deustu Arraun Taldearen Tomatera traineruaren egitadea ospatu dabe Juan Mari Aburto Alkateak eta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Itxaso Erroteta zinegotziak, udal-korporazinoagaz batera, Deustuko Klubeko gizonezkoen traineruko arraunlariei eta talde teknikoari harrerea egin deutsee, Bilbo arraunaren elitean sartzea lortu dabelako, TKE ligara igon baitira.
Aburtok bere zorionik beroenak emon deutsee hunkituta agertutako arraunlariei eta honeek jarraitzaile guztiei eskaini deutsee lorpena, erreferente nagusiak Bilbon eta itsasadarrean dagozalako. Bilboko Alkateak adierazo dauenez, "balentria honek aparteko garrantzia dauka geure-geurea dan kirolean eta horregaitik, beti izango dau gure babesa, baldintzarik bakoa". Horren harian, joandako bagilean, Bilboko alkateak traineru barria empn eutson Deustu Arraun Taldeari, arraunaren kategoria gorenean lehiatzeko.
2025-2028 aldirako Bilboko kirolerako estrategiaren arabera, arrauna, pelotea, herri-kirolak, txirrindulariteza eta errugbia uriko kirol estrategikoak dira, Bilboko eta Euskadiko kirol-tradizinoaren eta nortasunaren parte diralako. Arraunaren kasuan, 2025-2028 aldirako, Bilboko kirolerako estrategiak Deustu Arraun Taldeari eta arraun-eskoleari laguntzea proponidu dau, Arraun Taldea TKE ligara igoteko helburuagaz. Ames hori bete egin da eta horretan taldearen instalazinoak lagungarriak izan dira, kalidadeko instalazinoak baitira, espazio nahikoa dabe eta arrauna ahalik eta baldintza onenetan lantzeko behar dan guztiagaz horniduta.
Deustu Arraun Taldea Bilboko arraun talde bakarra da. Kluba 1981ean sortu zan, Zorrotzaurreko erriberako lonja batean. Ondoren, Deustuko zubiaren azpian kokatu zan, autobusen garajeen ondoan eta Deustuko HZIaren ondoan. 1983an, Deustuko Botikazar erriberako antxinako garagardaotegiaren instalazinoetan kokatu zan, dagoeneko desagertuta dagoan zamalekuaren ondora, eta, han, uriolek material guztia suntsitu eben. 1984an inaugurau eben Deustuibarreko 10. zenbakiko udal-pabilioia. Azkenik, 2018an, Zorrotzaurreko uri-berroneratzearen testuinguruan, arraunketako udal-pabilioia egungo egoitzara aldatu zan (San Inazio Zarandoa etorbidea 21).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
