Ariane Ochoa surflariak zidarra irabazi dau Qualifying Serieetako Saquarema Surf Jaialdian

Bizkaie! 2026-09-22 09:25   Kirola

Munduko gorengo zirkuituan parte hartzeko prest dago bizkaitarra. 

Ariane Ochoa denporaldi bikaina egiten dago. Bilboko surflariak beti lagun izan dituan mailea eta dotorezia berreskuratu ditu. Rio de Jaineroko REMA Saquarema Surf Festivalen bikain ibili da Qualifying Serieen barruko 6.000 kategoriako proban. Finalean ezin izan dau Alyssa Spencer, Championship Tourreko surflaria, gainditu baina Arianek meritu handiko bigarren postua eskuratu dau eta 4.680 puntu pilotu ditu. Horri esker Challenger Serieetako zerrenda nagusian gora egin eta CTrako txartela emoten daben postuen artean kokatu da.

Ariane Ochoa, ezkerretik lehenengo emakumea.

Ariane 64 onenen kanporaketan lehiatzen hasi zan emakumezkoen multzoan, Saquareman. Bere lehen txandan gogor ibili zan aurrera egiteko. Arena Rodriguez perutarra izan zan serieko liderra eta aurrera egin eban 11.67ko puntuazinoagaz. Bizkaitarrak lehia gogorra izan eban Alexia Monteiro brasildarragaz baina azkenean 7.70ekoagaz nagusitu zan, kariokarraren 7.10ekoagaz alderatuta.

32 onenen kanporaketan Sophie McCulloch australiarrak aurrea hartu eban eta lider izateari eutsi eutson amaierara arte, 14.50eko puntuazinoagaz eta, beraz, bigarren txartela lortzeko lehia, beste hiru surflarien artean geratu zan: Sofia Artieda perutarrak 10.20ko emoitzea lortu eban, Alys Barton britainiarrak 10.74koa eta Arianek 10.90ekoa.

Hurrengo mailan lehia estu-estua izan eban berriro: Ziggy Aloha Mackenzie australiarrak irabazi eban pasea txandako lehen postuan, 12.00ko balorazinoa jasota. Ariane bigarren izan zan eta epaileek 7.50eko puntuazinoagaz balorau eben. Danetara, 11.50eko puntuazinoa pilotu eban. Leilani McGonagle costarricarrak eta Anon Matsuoka japoniarrak agur esan eutsen txapelketeari.

Final laurenetan Ochoari arerio indartsua egokitu jakon: Sophie MacCulloch australiarra. Bilbotarra, ostera, ez zan kikildu, eta burrukan jarraitu eban amaierara arte, 6.27 puntuko bosgarren olatu bat aukeratzeko eta finalerdietarako txartela eskuratzeko.

Azken emoitzen ondoren, Nadia Erostarbe Championship Tourreko azken fasean sartu da eta Ariane Ochoa Munduko zirkuitorik gorenean lehiatzeko sailkatze-postuetan dago.

Denporaldiaren amaieran, 10 gizon onenek eta sei emakume onenek 2027ko CTrako sailkapena lortuko dabe. Hain zuzen be, sailkapen-prozesuaren berregituraketea aprobetxau dau Ochoa bizkaitarrak astegoienean sailkapenean aurrera salto egiteko. Arianek Saquarema Surf Festivaleko finala jokatu barri dau, bigarren amaituz Alyssa Spencer txapeldunaren kontra jausita. Lortutako puntuei esker, 11.465, Challengerren sailkapen nagusiko bosgarren postuan kokatu da; hau da, CTrako sarbidea emoten daben postuetan.

Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra, ISAk (International Surfing Association) El Salvadorren atondutako World Surfing Games 2025eko txapelduna, be burrokan dabil Challengerretako zerrendan, baina momentu honetan 18. postuan dago, 6.260 puntugaz.

Gizonezkoen kasuan, Yago Dominguez da euskal surflari onena, taulako 25. postuan kokatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu