Zeanuriko kofradiak Altzustako bolatokian lehiatuko dira urriaren 3an
2026-09-28 10:56 KirolaZapatuan, arrastiko 17:30etan jokatuko da 2026ko Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea.
Udalerriko zazpi kofradietako ordezkariak hartuko dabe parte taldeka jokatzen dan txapelketa honetan: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.
Udan bakarkako txapelketak jokatu dira, ermitetako jaietan: herriko txapelketa Nagusia Joseba Gortazarrek irabazi eban, San Lontzon abuztuaren 11n. Urriaren 3an taldekakoa jokatuko da.
Taldeak launa bolariz osatuta egongo dira eta bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo ditu; taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dauan kofradia izango da irabazlea eta bardinketea egongo balitx, gerrea jokatuko litzateke.
Igaz Ibarguen izan zan irabazlea, 16 txirlo botata; bigarren eta hirugarren Altzusta eta Altzua sailkatu ziran.
Atontzaileen helburuetako bat gazteen eta andrazkoen parte hartzea bultzatzea da, horregaitik talde mistoak osotu eta laukoteetan umeak be sartzeko animetan ditue taldeak; daborduko badakigu 11 urteko Telmo Intxaurbek, Asterriagaz parte hartuko dauala eta 12 urteko Aiheko Martínek Ibarguenegaz.
Emakumeeiu jagokenez, igaz Dorleta Goioagak eta Ainhoa Mendiak jaurti eben bolea eta aurten be ziur ez dabela hutsik egingo.
Esteban Ozerinjauregi
Txapelketako bolaririk beteranoena 89 urteko Esteban Ozerinjauregi izango da Altzua taldeko kidea, 12 urteko Aiheko Martin bolea jaurtiten.
Aitagarria da bere kasua: bola-jokoa barru-barrutik bizi dau, aurten be Zeanuriko bakarkako txapelketako finalerako sailkatu da eta urtero hutsik egin barik udan jokatzen diran auzune guztietako txapelketetan parte hartzen dau ilusino handiagaz; bolea ume-umetatik bizi izan dauan jokoa da eta edadeagaz indarra galdu badau be, goi mailako teknikea dauka Estebanek.
Bola-jokoan modalidade asko dagoz Euskal Herrian zein Estaduko beste leku batzuetan. Bizkaian hamabost bat modalidade dagoz, batzuk desagertuak edo galduak. Holango modalidadeetako bat Zeanurin jokatzen dana da. Udalerri honetan gaur egun dagozan bolatokiak auzune edo kofradietako ermita batzuen ondoan dagoz, eta urtean behin jokatzen da bertan, ermitearen jaiegunean. Urri bigarrenaren 3an Altzustako San Migel ermita ondoko bolatokian jokatuko dan kofradien arteko txapelketeak, aurtengo bola-jokoaren denporaldiari amaierea emongo deutso.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
