Lau domina ekarri ditu etxera Laukizeko Gaztedi Sokatira Taldeak

Bizkaie! 2026-09-23 09:10   Kirola

Hegoafrikatik bueltau da Sokatirako Munduko Txapelketan parte hartu ondoren.

Laukizek harrotasunez hartu dau Gaztedi Sokatira Taldea, Hegoafrikako Mossel Bay urian jokatutako Sokatirako Munduko Txapelketan parte hartu ondoren. Nazinoarteko hitzordu honetan, Laukizko taldeak munduko talde onenen artean sartzea lortu dau, guztira lau domina eskuratuta: zidarrezko hiru domina eta brontzezko bat, baita emakumezkoen kategorian laugarren postua be. Nabarmentzekoa da Euskal Selekzio moduan be parte hartu dabela Laukizeko tiralariek.

Txapelketea irailaren 16tik 19ra bitartean jokatu da. Gaztedik talde bezela hainbat kategoriatan parte hartu dau eta bere kirolariek, gainera, Euskal Selekzinoaren ordezkari bezela be ibili dira txapelketearen azken jardunaldietan.

Gaztedi taldeak domina bi irabazi ditu. Emakumezkoen 500 kg-ko kategorian, Laukizko kirolariek munduko txapeldunorde izatea lortu dabe, zidarrezko dominea irabazi baitabe, finaleko fasean egindako lan bikainaren ondoren. Horrezaz gan, gizonezkoen 560 kg-ko kategorian, Gaztedik zidarrezko beste domina bat irabazi dau, txapelketako bigarren postua eskuratuta.

Beste alde batetik, Euskal Selekzino moduan lehiatutako kategorietan, Gaztediren kirolariek beste emoitza garrantzitsu batzuk lortu ditue. Euskal Selekzioak brontzezko dominea eskuratu dau 540 kg emakumezkoetan eta zidarrezkoa 560 kg gizonezkoetan, Munduko Txapelketan bikain ibili ostean.

Era berean, nabarmentzekoada Gaztediko 540 kg-ko emakumezkoen taldearen lana, izan be, laugarren postuan geratu da Munduko Txapelketan, kategoriako nazinoarteko talde onenen artean lehiatuz.

Emoitzok Laukizegaz lotura estua dauen talde baten lana, konpromisoa eta ahalegina erakusten ditue, eta udalerriak sokatirearen nazinoarteko hitzordu handienetakoan presentzia sendotu dabe.

Txapelketea amaitu eta Hegoafrikatik bueltau ondoren, Laukizko Udalak Gaztedi Sokatira Taldeari harrerea egin deutso, taldearen indarra autortzeko eta Munduko Txapelketan lortutako emoitzak herritarrakaz batera ospatzeko.

Horrezaz gan, aireportura taldearen etorrerara joan nahi izan eben herritarrentzat, Udalak autobusa jarri eban. Ondoren, harrera ekitaldiak jarraipena izan eban Laukizen bertan, eta herritarrek taldeari babesa eta autortzea helarazo eutsezan.

Udalak eskerrak emoten deutsee Gaztedi taldea hartzera gerturatu ziran herritar guztiei eta nabarmendu dau sano garrantzitsua dala Laukizen izena nazinoarteko eszenatokietara eroaten dauen talde hau babesten jarraitzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu