Verde Prato Suns Europe Jaialdian izango da

Bizkaie! 2025-06-25 08:29   Musikea

Parte hartuko dauen euskal ordezkari bakarra.

Abenduan Suns Europe Jaialdia egingo da Italiako Udine urian eta Friuli eskualdeko beste zenbait lekutan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzeari esker. Jaialdiak hizkuntza gitxituak ditu ardatz eta musikara eta arte eszenikoetara dago bideratuta. Friuleraz suns berbeak soinuak esan nahi dau. Ekitaldia aukerea da Europako komunidade guztiak euren hizkuntza-eskubideez eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukerea bezela dagozan garrantziaz jaubetzeko.

Suns Europeko Batzorde Artistikoak Verde Prato musikari tolosarra aukeratu dau jaialdian parte-hartzeko eta euren musika-produkzinoa nazinoartean erakusteko aukerea izango dau.

Verde Prato, Ana Arsuaga, (Tolosa, 1994) abeslari, konpositore eta musika produktorea da. Esperimentazinoko neo-folk-elektronikoa egiten dau, ahotsa, tekladuak eta looperrak buztartuz. Euren estilo barritzaile, harmoniatsu eta ahotsaren gaitasunagaitik da ezaguna.

Aurtongo edizinoan, Verde Pratoz gan, hurrengo artistak egongo dira jaialdian:

  • Lia Sampai (Katalana).
  • Mali Hâf (Gaelikoa).
  • Marius Ziska (Faroea).
  • Shardana Band (Sardiniarra).
  • Pop Corner (Ladina).
  • The band no good (Friuliana).

Suns Europe

Suns Europe hizkuntza gitxituetan egindako arte eszenikoen Europako jaialdia da. Europar kontinenteko artista, hizkuntza eta komunidadeen arteko topaketa eta truke-gunea da, euren hizkuntzak ikuspegi bakar batetik adierazoteko erabilten dituanak.

Urtero, Suns Europek hizkuntza gitxituetan sortutako produkzino artistiko onenak saritzen ditu. Jaialdiaren helburua hizkuntza komunidade txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez be, hizkuntza horreetan egindako arte garaikidea sustatzeko.

Igaz, Miren Narbaiza MICE ibili zan, Udinen, euskal ordezkari modura, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzeari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu