Ei Bilbao! ekimenak emongo deutso hasierea Fair Saturday Jaialdiari
2025-06-18 10:02 Musikea2.500 lagun ingururen ahotsak entzugo dira.

Zemendiaren 28an izango da Ei! Bilbao, Fair Saturday mobimenduaren hasiera-ekitaldia. Bilbao Arena Miribillan, 19:30ean. 2017an Bilbon sortu ebenetik, ekitaldi parte-hartzaile eta gizarte-eragin handienetako bat bihurtu da.
Ei! Bilbao proiektua Fair Saturday Fundazinoak eta BBK Banku Fundazinoak sustatzen dabe, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Arania Taldearen babesagaz.
Ei! Bilbaok kulturearen eta gizarte-enpatiaren garrantzia aldarrikatuko dau, Bilbao Arena Miribillan egingo dan kontzertuan. Ekitaldia Black Friday konsumistearen aurrean kontrapuntua jarriko dau.
Bizkaiko kultura eta hezkuntza erakundeen parte-hartzea Ei! Bilbaoren adierazle nagusietako bat da. Urtero, Bilbo eta Bizkaia osoko erakunde askok parte-hartzen dabe, 2025ean:
- 2.500 persona ingururen parte-hartzea.
- 85 erakunde: 46 abesbatza eta 39 ikastetxe.
- Bizkaiko 37 udalerri ordezkatuta, 2024an baino 2 gehiago.
Aurtongo edizinoak ordu bi inguruko ikuskizuna eskainiko dau, hainbat estilo eta belaunaldiko abesti ezagunekaz. Aitor Antruejo izango da zuzendaria.
Eszenatokian, hainbat artista eta talde konbidadu izango dira: Celtas Cortos, Doctor Deseo, Sorotan Bele, Janus Lester, Josune Arakistain, Huntza eta Süne taldeetako Uxue Amonarriz. Ganera, Bilbotxeros talde bilbotarrak kontzertuaren aurretik ikuskizuna eskainiko dau.
Betiko lez, eszenaren, argien eta argazkigintzearen zuzendaritzea Iñaki Irastorzak egingo dau. Irastorza argiztapen eta eszena munduko figura barritzaileenetakoa da, besteak beste, Benidorm Fest, Platino Sarietako, La Voz edo Got Talent lako proiektuen arduraduna.
Ei! Bilbaoren helburu nagusietako bat da tokiko kultura-ekosisteman eragin positiboa izatea, batez be, amateur eta abesbatza-munduan. Horretarako, ondoko jarduera honeek egiten dira:
- Parte-hartzen daben erakunde guztiek euren kontzertuaren truke ordainsaria jasoko dabe, guztira 140.000€ baino gehiago sortuz.
- Eragin ekonomikoaren barruan, abesbatza-mundua batez be laguntzea topetan da, 50.000€ inguruko baliabideak sortuz.
- Ikastetxeetan jarduera artistikoa sustatzea, 39 ikastetxetako 1.300 ume eta gaztek parte hartuz. Ikasleek lehen mailako musika-ekitaldi batean protagonista izateko aukerea izango dabe.
- 24 partitura sortu dira.
- Parte-hartzen daben abesbatzak sustatzeko eta balioesteko kanpainak, modu zuzenean eta zeharka, kide, bazkide edo ikasle barriak erakartzeko.
- Ei! Bilbao sortu ebenetik, 200.000€ baino gehiago sortu ditu abesbatza-munduarentzat.
Sarrerak eskuragarri dagoz, 20 eta 65 euro artean, hemen. Lehen aldiz, 12 urtetik beherakoek % 20ko deskontua izango dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!