'Agustín Ibarrola. Euskadi, 1977-1979'
2025-06-18 08:06 KultureaIberdrola-Museoa Konserbazino eta Zaharbarritzea 2024 Programearen barruan.

Iberdrola-Museoa Konserbazino eta Zaharbarritzea programako 2024ko kanpainako jarduketa garrantzitsuenetako bat –lehena Berrugueteren Deikundea izan zan, maiatzaren 21ean aurkeztua– Agustín Ibarrolaren (Bilbo, 1930 - Galdakao, 2023) Euskadi (1977-1979) horma-irudiko 27 mihiseetako 18ri emondako konserbazino-tratamendua izan da. Hain zuzen, oraintsu, artistearen semeek hamar urterako itxitako mihiseok museoari, komodatuan. Esku-hartze horri esker, euskal arte garaikidearen obra nabarmen hori leheneratzeaz gan, Ibarrolak 1979an museoko garai bateko Areto Griserako sortu eban jatorrizko instalazinoa berreregite azaltzen dauen dokumentala egin da. 18 obra horreek, orain museoan gordailututa dagozanak, zaharberrituta aurkeztuko dira, artisteak Areto Griseko instalazinoan gehitu zituan beste sei mihisegaz batera: lau, museoak 2021ean eskuratu zituan Ibarrolaren Guernica (c. 1977) obrarenak, eta beste bi, margolariak urte haretan bertan dohaintzan emondakoak. Jatorriko 27 aleko multzoa osotzeko falta diran beste hirurak leku ezezagunean dagoz, oraingoz. Jon Apodaca konserbazino eta zaharbarritze-lanen teknikariak koordinau dau konserbazinoko eta zaharbarritzeko tratamendua eta Miriam Alzuri arte moderno eta garaikideko konserbatzailea arduratu da multzoaren berreregite dokumentalaz. Patxi Cobo argazkilariak be parte hartu dau, Ibarrolak 1980an Barakaldon eta Sestaon egindako erakuskete bietako liburuxketan instalazinoari buruz argitaratutako irudiak zaharbarrituz –argazki originalak ez dira konserbetan–. Azkenik, Txomin Badiola eskultoreak Euskadi. Ibarrolaren instalazio bat mugan testua atondu dau, museoak jarduketraren harian argitaratutako 6. Koadernoan jaso baita, ilustrazino askogaz eta 1979ko jatorrizko muntaketearen zenbait irudigaz batera. Agustín Ibarrola Izenbururik gabe (c. 1977) Arte Ederren Bilboko Museoa Artistearen oinordekoen 2025eko komodatua.
Agustín Ibarrola. Euskadi
1979an, Espainiako Konstituzinoa indarrean sartu eta Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zanetik urtebetera, Ibarrolak horma-irudi handi bat sortu eban Arte Ederren Bilboko Museoaren Areto Grisean. Danetara, 27 koadro ziran eta horreetako hamabi 2 x 3,5 metroko neurrikoak ziran.
Instalazinoaren zati nagusiak erabat estaltzen zituan hormeak, multzoko mihise handiakaz, izan be, hiru koadrok osotutako zeozelako atariko bat eta lurrean bermatutako totem moduko zortzi mihise zituan multzoak, azken horreek horma-iruditik apur bat urrunduta. Erdigunean, haretx-hosto bat eta idazki bat zituan koadro batek obrearen sinbolismoa indartzen eban, indartu egiten baitzan Picassoren Guernica (1937) lanetik ataratako gaiakaz eta koadro ospetsu horri buruz Ibarrolak egindako bersinoaren (c. 1977) lau zatigaz.
Abstrakzino formalaren eta irudikapen figuratiboaren arteko tensinoak alkarren artean lotzen ditu eskulanaren mundutik –artisautza tradizionaletik industriara– datozen irudi eta objektuak, zuri-baltzeko zenbait lerroz marratuak. Lerro horreen bidez, Ibarrolak Espainiako Alderdi Komunistako militante izateagaitik kartzelan igaro zituan bederatzi urteen esperientzia zapaltzailea irudikatzen da. Eskalea, perspektibea eta ilunantz irudiak batzen ditue, salaketako tresna lez eta artea eta artistea bera demokraziaren aldeko gizarte-eragiletzat dituan adierazpen lez.
Agustín Ibarrola (Bilbo, 1930 - Usansolo, Bizkaia, 2023)
Ibarrola langile-familia batean jaio zan eta umetan bizi izan eban Espainiako Gerra Zibila. Jazoera horrek haren bizitea markau eban. 1945ean, 14 urte zituala, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zan eta hiru urte aurrerago, 1948an, bere lehen bakarkako erakusketea egin eban Bilboko Stvdio Aretoan. Urte horretan, Madrilera joan zan biziten, han Arte Ederren San Fernandoko Goi Eskolan prestakuntzea jasoteko baina ez ebanezz ikasketarik, ezin izan zan matrikulau. Beraz, Daniel Vázquez Díaz margolariaren tailerrera joan zen bi urtez. Margolariak lotura estua zuen garaiko euskal artearekin, eta eragin handia izan zuen Ibarrolarengan.
1950ean, Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan (Oñati, Gipuzkoa) horma-irudi batean parte hartzeka konbita egin eutson baina azkenean ez eban gauzatu lan hori. 1954an, Gaztelan barrena ibili zan Blas de Otero poeteagaz. 1956an Parisera joan zan biziten eta Espainiako Artisten Alkarteko idazkari ibili zan. Han ezagutu zituan Equipo 57 talde artistikoko artistak. 1961ean Bilbora bueltau eta, grabatzaile lanetan, Estampa Popular zanaren euskal sailean sartu zan. 1962an Alderdi Komunistako kide izateagaitik atxilotu eben eta, auzitegi militar batek epaitu ondoren, bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri eutsen. Obrak pintetan jarraitu eban eta, handik urtebetera, lanok Appeal for Amnesty erakundeak Londresen, Parisen, Belgikan, Alemanian eta Italian egindako erakusketa batean erakutsi zituan. 1965ean libre itxi eben eta euskal abangoardiako talde artistiko honeen sorreran hartu eban parte: Gaur, Emen, Orain eta Danok. Barriro be kartzelan sartu eben 1967tik 1969ra eta Oteizak urte horretan sortu eban Debako Arte Eskola Esperimentalean sartu zan jarraian. Ordutik aurrera, euskal artearen inguruko zenbait ekimenetan hartu ebanzuen parte, esaterako, 1971n Barakaldon (Bizkaia) egindako Euskal Artearen Lehen Erakusketan –Indiskriminatua be deitua– eta 1972ko Iruñeko Arte Topaketetan.
1976an, Veneziako Bienalean parte hartu eta urtebete aurrerago Guernica horma-irudia egin eban: hamar metroko friso narratibo handi bat, Picassoren Guernica (1937) lanaren omenezkoa, margolan hori Euskal Herrira ekartea eskatzen eban mobimenuari laguntzeko.
80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko irakasle izan zan bost urtez. 1987an, Kultura Ministerioak eta Madrilgo Udalak artistearen lanen inguruko erakusketa antologiko bat atondu eta Zaragozan eta Bilbon aurkeztu eben gero. Urte horreetan, naturan egindako zenbait esku-hartze artistikotan jardun eban askotariko materialakaz esperimentauta (trenbide-trabesak, kartoiak, makilak, burdinurtua, corten altzairua...). Santimamiñeko historiaurreko kobazuloetako eta artistearen baserritik hur dagoan Omako baso biziduna (1983-1987) haren ibilbideko lanik ezagunenetako bat bilakatu zan.
XX. mendeko azken hamarkadatik aurrera, euskal erakundeek zenbait eskultura publiko eskatu eutsiezan. 1993an, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominea jaso eban Equipo 57 taldeko kideakaz batera eta Salamancako Unibersidadeak Zumar lehorren basoa (1995-1996) sortzeko enkargua egin eutson. RENFEgaz lankidetzan, 1997tik aurrera, erakusketak egin zituan Espainiako zenbait uritan, trabesakaz egin zituan serieak ikusgai jarteko. Ibarrolak beste zenbait esku-hartze artistiko ospetsu egin zituan naturan: Harriak eta zuhaitzak (1999) Allarizen (Ourense); Oroimenaren kuboak (2001-2006) Llanesen (Asturias); Auditoriuma Bottropen (Alemania) (2002) eta Ibarrola harriak, Garoza de Bracamonte dehesan (Muñogalindo, Ávila) (2005-2009), besteak beste. XXI. mendeko lehen hamarkadan, gogor parte hartu eban terrorismoaren kontrako militantzian eta, ETAren biktimen omenezko hainbat eskultura emon eutsozan dohaintzan zenbait uriri, esaterako, Santander, Andoain (Gipuzkoa), Ermua (Bizkaia), Gasteiz, Logroño, Alacant eta Murtziari. Osasunari jagokonez zenbait muga zituan arren, sortzeko indarrari eta lanerako diziplineari eutsi eutsozan Omako baserrian (Kortezubi, Bizkaia), han bizi baitzan bere familiagaz 1980ko hamarkadatik. Usansolon (Bizkaia) hil zan, 2023ko zemendiaren 17an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!