Bermeok hartuko dau domekan Bizkaiko Dantzari Eguna

Bizkaie! 2026-05-14 09:11   Kulturea

Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenagaz bat dator.





Datorren domekan, maiatzaren 17an, Bermeo euskal kulturearen eta jantzearen bihotz bilakatuko da beste behin. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak atondutako Bizkaiko Dantzari Eguna Bermeon egingo da aurten, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzeko. Hori dala eta, ehunka jantzari eta bisitari batuko dira herrian, Lamera kolorez, musikaz eta tradizinoz betez.

Ekitaldia iragarteko prentsaurrekoa egin da Bermeoko udaletxean eta bertan izan dira, besteak beste, Jose Maria Oyarzabal Somolinos Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea, BBK- ko Koldo Bilbao, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua.

Bizkaiko Dantzari Eguna Bizkaiko jantzarien urteko hitzordu nagusietako bat da eta Jose Maria Oyarzabal Somolinosek gogorarazo dauenez, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federautako taldeentzako topagune eta erakusleiho aparta bihurtzen da urtero; gitxi gorabehera hirurogeita hamar jantza taldek hartuko dabe parte,, urte osoan zehar egindako lana jentaurrean eskaintzeko.

Hilebeteetako aprobak, errepertorioa lantzen, koordinazinoa eta ahalegina izango dira ikusgai Bermeoko Lameran. Atontzaileek nabarmendu dabenez, parte-hartzaileen konpromisoa eta ilusinoa izango dira eguneko ardatz nagusietako bat, edadea edo esperientzia gorabehera. Era berean, ekitaldiak aukerea emongo dau Bizkaiko jantza taldeen kalidade artistikoa eta gure folklorearen aberastasuna gertutik ezagutzeko.

Urtero eskualdez eskualde egiten dan ekimen honek euskal kulturearen transmisinoan eta sustapenean duen balioa bee azpimarratu behar dira, izan be, Dantzari Eguna belaunaldi aerriei folklorea gerturatzeko eta herritarren artean euskal kultureagazko atxikimendua indartzeko ezinbesteko hitzordu bihurtu da urteotan.

Aurten, gainera, Bermeok hirugarrenez hartuko dau Bizkaiko Dantzari Eguna; aurretik 1994an eta 2009an egin zan herrian bertan. Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk zehaztu dauenez, ohore handia eta poza da Bermeorentzat holako ekitaldi bat hartzea, eta bereziki Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenagaz bat etortea. Alkatearen eretxiz, euskal jantzak gure herriaren arimea dira eta belaunaldiz belaunaldi transmitidutako ondare bizia izanik, jagonu, maitatu eta harrotasunez goraipatu beharreko altxorra dira.

Alkateak Alkartasuna Dantza Taldearen lana eta ibilbidea eskertu nahi izan ditu: mende erdian egindako lana eredugarria eta miresgarria izan da. Zuen konpromisoari eta ilusinoari esker, gure jantzak bizirik dagoz eta herri honek bere nortasuna sendotzen jarraitzen dau.

Aldaketak trafikoan eta mobikortasunean

Bermeora ehunka jantzari zein bisitari helduko diranez, trafikoan eta mobikortasunean hainbat aldaketa eta neurri berezi ezarriko dira herrian egun osoan zehar. Helburua izango da ekitaldia ahalik eta modu seguruenean eta egokienean egitea, parte-hartzaileen joan-etorriak errazteagaz batera herritarren segurtasuna bermatuz.

Bizkaibus

Domekan, Bizkaibus zerbitzu guztiak Santamañe kaleko geltokitik urten eta bertara helduko dira.

Trafikoa

  • Autobus asko helduko dira Bermeora, 08:00etatik 10:30era. Ahal dan neurrian, ez erabili autorik goizean zehar.
  • Autobus gehienak Landabaso B poligonoan eta inguruetan aparkauko ditue (Atalde kalean). Beraz, egun batzuk lehenago inguru horretan ezin izango da ibilgailurik aparkau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu