Irvine Welsh, Vila-Matas eta David Trueba: lujo handiko 'Letrak eta Futbola' hirukotea

Bizkaie! 2026-05-13 09:55   Kulturea

Jaialdiko hamaikakoa, maiatzaren 26tik 30era San Mameseko Ekialde Aretoan egingo da.

Athletic Club Fundazinoaren XVII. Letrak eta Futbola jaialdia maiatzaren 26tik 30era izango da, 19:00retan, San Mames VIP Areako Ekialde Aretoan. Bost egunetan barriketaldi kulturalak izango dira, txapelketa mailako taldeagaz, eta Champions mailako hirukote bategaz: Irvine Welsh, Enrique Vila-Matas eta David Trueba. Arte, literatura eta kultura arloetako handiak aurrez aurre: Amets Arzallus, Marta San Miguel, Paco Gomez, Aitor Lagunas, Lander Otaola, Javier Aznar, Diego Ibañez eta Oscar Lopez.

Fundazinoaren ezaugarri bereizgarripean, programeak konbidautako personajeen garrantzia eta atontzaileek proponidutako gaien interesa buztartzen ditu, taldearen buruan Galder Reguera dauela.

Aurtengo edizinoan Fundazinoak argitaratutako liburu barriaren aurkezpena egingo da: Boise izenburukoa, Nerea Ibarzabal, Xabi Paya eta Onintza Enbeitak euskeraz idatzia.

Sartzea doban da, jarlekuak bete arte.

San Mames VIP Areako Ekialde Aretora sartzeko, estadioaren 14. atetik egin beharko da.

Egitaraua

  • Maiatzak 26, martitzena, 19:00. Enrique Vila-Matas, Paco Gomez eta Marta San Miguel.

Enrique Vila-Matas (Bartzelona, 1948) egungo literatura hispanikoko idazlerik ezagunenetako bat da. Bere lanean fikzinoa, saiakerea eta gogoeta literarioa nahasten ditu beste egile batzuei eta idazketari berari egindako erreferentzia askogaz.

Paco Gomez argazkilari ospetsuagaz (Los Modlon-en egilea) eta Marta San Miguel eleberrigileagaz batera, futbolean irudiek daben indarrari buruz egingo dabe berba.

  • Maiatzak 27, eguaztena, 11:00. Boise liburuaren aurkezpena. Nerea Ibarzabal, Xabi Paya eta Onintza Enbeita.

Boise, Nerea Ibarzabal, Xabi Paya eta Onintza Enbeitak idatzia, Athletic Club Fundazioaren argitalpen barria da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz, hezkuntza-zentroetan doban banatzeko.

Fikzinoko obrea da, hiru kontakizun dakarzana, diasporearen, emakumearen eta Athletic Cluben identidadearen inguruan, 2025ean Idahoko Jaialdira joandakon Athletic Clubeko beheko mailetako emakumezkoen talde baten esperientzian oinarritua.

  • Maiatzak 27, eguaztena, 19:00. Zuzeneko podcasta: Brazalete Negro, Aitor Lagunas eta Lander Otaolagaz.

2020ko eta 2025eko edizinoek zuzeneko podcastak izan zituen Letrak eta Futbola ekimenera egokitutako gaiei buruz.

Oraingoan, Aitor Lagunas, Panenkako kazetari ospetsua eta Brazalete negro podcastaren aurkezleak, Lander Otaola aktore athleticzalearen parte hartzea izango dau. 1979an Nantesek irabazitako Frantziako Kopearen lapurretearen kasu bitxiaz izango da atala, Longwyko langile krisiari ikusgarritasuna emoteko ekintza sinbolikoa.

  • Maiatzak 28, eguena, 19:00. Diego Ibañez eta Javier Aznar.

Musikeak eta musikariek be badabe lekua jaialdian. Diego Ibañez Carolina Durante talde madrildarreko abeslariak eta Javier Aznar aurkezle eta idazleak futbolaz eta musikaz berba egingo dabe jaialdiaren erdian.

  • Maiatzak 29, barikua, 19:00. Irvine Welsh eta Amets Arzallus (ingelesa–euskerea aldibereko itzulpena).

Jaialdiko momentu nagusia barikuan helduko da, Irvine Welsh (Edinburgo, 1958) idazle eskoziar handiaren presentziagaz San Mamesen. Trainspotting lanaren egile ospetsua –1996an zinemarako egindako lana– mundu osoan ezaguna da Eskoziako langile-klasearen bizitza urbanoa eta marjinala gordin eta errealismoz irudikatzeagaitik. Bere ondoan, Amets Arzallus eleberrigilea izango dau. Haren Miñan liburuak, Ibrahima Balde protagonisteagaz batera idatzitakoak, mundu osoko hainbat irakurle-belaunaldi hunkitu zituan, baita Frantzisko aita santua zana be.

  • Maiatzak 30,zapatua, 19:00. David Trueba eta Oscar Lopez.

David Trueba (Madril, 1969), idazlea, zinema-zuzendaria, gidoilaria, kazetaria… Athletic Club Fundazinoaren kultura jaialdien aspaldiko laguna da. Bere humanismoak, bere argitasun kritikoak, bere umore-senak, bere kultur jakintzak eta futbolarekiko zaletasunak Letrak eta Futbola eta Thinking Football ekimenetarako konbidadu ezin hobea.

Aurtengo edizinoa amaitzeko, Oscar Lopezegaz berba egingo dau, Página Dos telebista-programako aurkezleagaz, literatura publikoari modu atsegin eta dibulgatzailean hurbiduz.

Letrak eta futbola

Athletic Club Fundazinoak atondutako jaialdi kulturala da, eta Meliá Bilbao Hotelaren babes berezia eta Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzea ditu.

Athletic Club Fundazinoak eskerrak emon nahi deutsoz Juantxu Rodriguez argazkilariaren familiari aurtengo karteleko argazkia ixteagaitik. Eskerrik asko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu