'Ezezagunok', 2026ko Max Sari Afizionatua
2026-05-13 07:45 KultureaDesgaitasuna daben personen integrazinoan egindako ibilbideagaitik.
SGAE Fundazinoak jakinarazo dauenez, 2026ko Max Sari afizionatua edo izaera sozialekoa Irungo Ezezagunok Antzerki Alkarteari emon deutso, taldearen ibilbideagaitik eta antzerkia desgaitasuna bizi daben personak gizarteratu, ahaldundu eta adierazpide bihurtzeko erakutsitako ahalmenagaitik, baita interpreteak eta publikoak prestetako erakutsitako bokazinoagaitik be.
Astez aste, 2007tik, Ezezagunok alkarteak bere tailerreko ateak edegiten ditu Irungo eraikin zahar bateko lehenengo pisuan, azpimarratu dabe SGAE Fundazinoak egindako alkarrizketa batean. Leku xumea, ondo aprobetxauta eta, batez be, energiaz betea. 19 urte horreetan 40 aktore baino gehiago igaro dira bertatik antzerkiaren aurreko pasinoa eta munduan egoteko daben modu parebakoa. Gaur egun 21 interprete dira eta horreetako zazpi proiektuari lotuta dagoz hasieratik.
Taldea zuzendariek sortu eben, hiru lagunek: Ana Pérez aktore eta antzerki zuzendariak (1959-2024), Miren Etxeberria eta Luisma Morenogaz batera. Zuzeneko arretearen eta gizarteratzearen arloko profesionalak dira eta Irungo eszena kulturalagaz konpromiso handia dabe. Alkarregaz, ezebezetik ekin eta ames bati formea emon eutsen: Ezezagunok, arte eszenikoetan aniztasun kognitiborako leku propioa aldarrikatzen dauen proiektua.
Ana Pérezek bere ibilbide eszenikoa ekarri eban, benetakotasunean eta sorkuntza kolektiboan oinarritutako begirada artistikoa, taldearen garapenean arrasto sakona eta ezinbestekoa itxita.
Beste alde batetik, Miren Etxeberria eta Luisma Moreno, biak gizarte-arloan esperientzia sendoa dabenak, hasieratik oinarrizkoak izan dira proiektua eregi eta horri eusteko; interpreteen banakako beharretara egokitzen eta horreei guztiei laguntzea ahalbidetzen ibili dira beti, esku-hartze soziala, etenik bako laguntza indibidualizatua eta zuzendaritza artistikoa barrubatzen dituan lan baten inguruan.
Klasikoen egokitzapenak (Shakespeare, Aristofanes...) eta sorkuntza kolektiboak buztartzen dituen dozena bat ikuskizun estreinau ditu. Lanon artean La verdadera historia de Romeo y Julieta, La paz y otras lunas edo Exacticamente diversa, besteak beste, Gironako Antzerki Amateurraren Nazinoarteko Jaialdian (FITAG), Getafeko MUESTRAG Antzerki Erakustaldi Nazionalean edo Almagroko Antzerki Afizionatuaren Lehiaketa Nazionalean aurkeztu ditue.
2025ean, Escenamateur-ek atondutako Arte Eszenikoen Juan Mayorga Sari Nazionaletan, antzerkiko gizarte-balioei Antonio Morillas Sari Nazionala emon eutsen eta Egile edo Egokitzapen Onena Exacticamente diversa (Lewis Carrol-en Alicia en el país de las Maravillas barridazketa) obrearengaitik. Lanok igaztik jarraitzen dabe biran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesari esker, izan be, ikusleakaz hurrengo hitzordua Leonen dabe maiatzaren 16an, San Francisco Antzokian.
Era berean, nabarmentzekoak dira: Irungo Udalak ibilbide kultural eta inklusiboari emondako autorpen instituzionala (2025eko San Pedro eta San Martzial agur ofizialakaz); Almagroko Antzerki Klasiko Amateurraren Luis Molina Lehiaketa Nazionaleko Antzeztaldeko Obrarik Onena, Zuzendari Onena eta Aktore Onenak Sariak (2025), Francisco Rubio Antzerki Amateurrean, San Javierren, Murtzian Zuzendaritza Onena Saria (2026), eta Zuzendaritza Onena zein Emakumezko Aktore Onenak Sariak Mostra Teatre Amateur V 'ila d' Ibi entzutetsuan, Alacanten (2026).
Kontuak kontu, autortzea bagilaren 1ean jasoko dabe 29. Max Sariak banatzeko ekitaldian, Meridako Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
