Benito Lertxundi autortuko dabe Getxo Folk Jaialdian

Bizkaie! 2025-06-16 11:13   Musikea

Sarrerak eta abonamenduak garagarrilaren 7an jarriko dira salgai.

Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren 41. ekitaldia irailaren 14an amaituko da, euskal musikako artistarik adierazgarrienetako bat dan Benito Lertxundiri autortzea eginez. Hunkidura kuttunak izenburuaz, ikuskizunak ibilbide ederra proponiduten deutso publikoari Orioko Bardoaren jardueran zehar hainbat artistaren eskutik, musikea, jantzea eta beste diziplina artistiko batzuk buztartuz. Sarrerak eta abonamenduak garagarrilaren 7an jarriko dira salgai Getxo Kulturako betiko kanaletan.

Ikuskizun horren bitartez, Benito Lertxundiren ibilbide luze eta emonkorra autortu nahi jako, ekitaldi hunkigarri eta artistikoa eskainita. Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin lelopean, kontzertu horrek ikus-entzulea bidaia emozional batera eroango dau, Lertxundiren kantuen bidez Euskal Herriko kulturea, historia eta sentimenduen paisajean sartuz.

Kontzertuaren produkzinoa Baga-Biga produkzino-etxeak egingo dau eta zuzendari artistikoak Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira. Lantaldea gogor dabil lanean, 2024. urtearen amaieran Benito Lertxundiren oneretxia jaso ebenetik. Eszenatokian, zortzi musikarik parte hartuko dabe, 5 gizon eta 3 emakume, besteak beste: Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua. Halanda ze, Benitoren abestiak gaurkotu eta berbiztuko ditue.

Musikea ardatz nagusia bada be, ikuskizunak diziplina anitzeko izaerea dau. Jantzea, bertsogintzea, marrazkia eta bestelako arte-adierazpenek euren tokia izango dabe, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuagaz. Jantzearen arloan, Kukai Dantza Konpainiaren presentzia nabarmentzekoa izango da, euren estilo garaikide eta sustraituagaz ikuskizunari mobimendu poetikoa eta indar eszenikoa emonez.

Emozinoa, artea eta akorduak buztartuko dira gau berezi horretan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi barriakana eroanez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu