Unax Aizpuruak irabazi dau Euskal Herriko Eskolartekoa

Bizkaie! 2025-06-16 09:10   Bertsolaritzea

Saioa Alkaiza Guallarrek jantzi deutso txapela.

Unax Aizpurua Ibagarai eta Saioa Alkaiza Guallar. | Ikusi handiago | Argazki originala

Arantzako Frontoian hartu dabe aterpe bertsozale eta bertsolariek. Hogeita bira heltzeko ezelako behar eta nahirik barik, tanto ederrak ixteko gaitasuna erakutsi dabe gazteek hasierako agurretatik hasita. Halanda ze, disfrutetako gogoz joan dira. Aurkezpen eta gai-jartzaile lanetan, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Josu Txoperena Iribarren ibili dira. Horreezaz gan, Oihana Arana Cardenalek eta Saioa Alkaiza Guallarrek harrerea egin deutsee bertsolariei.

Ondoko hurrenkeran jesarri dira 13 bertsolariak: Kattin Madariaga Apaolaza, Goizane Etcheverry Lopepe, Enara Gallastegi Barrenetxea, Jokin Onaindia Elexpuru, Suhar Gesala Egiguren, Nahia Etcheverry Lopete, Amaiur Aizpuru Eskisabel, Egiar Otegi Torres, Kattalin Lizarraga Mendia, Unax Aizpurua Ibargarai, Leina Alkhat Larrandaburu, Ekhi Zuluaga Intxaurbe eta June Asastegi Unzaga. 

Saioaren lehen atalean, binaka izan dira. Lehenengo, gaia emonda, bertso bina abestu ditue zortziko handian; eta, jarraian, bertso bina zortziko txikian. Ondoko honeek izan dira gaiak: gelakideak, guraso bananduen seme-alabak, aitatxi eta amatxi, herri txiki bateko biztanle bi... Erritmo bizian, arin eta fresko, ibili dira kantuan.

Bigarren atalean, bakarka baina taldean 

Bigarren atala be bardintsu joan da. Lehen sei sailkatuak ibili dira kantuan, oholtzan guztiak alkarri entzuten eta babesten egon diran arren: Egiar Otegi Torres, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe, Suhar Gesala Egiguren eta Unax Aizpurua Ibargarai. Lehen puntua emonda, bertsoa osotu behar izan dabe zortziko txikian; gero, gaia emonda, bertsoa osotu dabe, gehienez, bost puntuko neurrian. Besteak beste, isiltzen dabenari, lortutako amesari, sufrimenduari, barriketeari, egunerokoan idatzitakoari eta bizilagunaren oihuari kantau deutse.

Epaile lanetan Aitor Jimenez Tolosana, Ainhoa Sarasua Laskarai, Beñat Romero Maguregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Unai Muniain Caballero ibili dira. Idazkari lanetan, barriz, Ixiar Eizagirre Kerejeta izan da. Beraz, 2025eko Euskal Herriko Eskolarteko txapeldunaren izena emon dabe: Unax Aizpurua Ibagarai. Saioa Alkaiza Guallarrek jantzi deutso txapela. Eskolartekoan ibilitakoa da Alkaiza. Txapeldunordea Nahia Etcheverry Lopepe izan da. 

Ganera, bertsolari guztiek jaso dabe saria: Esti Martinezen Animalia domestikoak liburua, BBT25, NBT25 eta Xilabarako sarrera bana eta Ahots Bat Sormen Egonaldirako partaidetza. Sariak emoten, Alkaizaz gan, Aroa Arrizubieta Barredo, Elixabet Etxandi Goienetxe, Manolo Arozena Mitxelena, Nekane Artola Labordeta eta Onintza Enbeita Maguregi ibili dira. 

Ikastolen Alkarteagaz alkarlanean atontzen dan XXXVII. Eskolartekoa izan da. Alkarlana eta alkargunea giltzarri dira txapelketa honetan, baita transmisinorako kakoa be: alkar ezagutu, alkar eragin, alkarri igurtzi eta alkarregaz ibili. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu