'Con el tiempo' liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2025-06-13 08:32   Kulturea

Adelina Moya Valgañónen arteari buruzko idazkien aukeraketea batzen dau.

Miguel Zugaza, Adelina Moya Valgañó eta Aimar Arriola. | Ikusi handiago | Argazki originala

Museoak argitaratua, Con el tiempo. Estudios, investigaciones y otros escritos liburuak Adelina Moya Valgañón (Kordoba, 1944) historialari, ikertzaile eta irakaslearen arteari buruzko idazkien aukeraketa esanguratsua batzen dau. 

Asmoa, BBK Banku Fundazinoagaz batera, egilearen ia testu guztiak antologia batean batzea izan da. Testu horreek, orain arte, hainbat katalogotan, aldizkaritan eta monografiatan sakabanatuta egozan eta, kasu batzuetan, daborduko zirkulazinotik kanpo.

Egileak, Aimar Arriola ikertzaile eta editoreagaz lankidetza estuan, aukeratutako neurri eta tipologia askotako 34 testuak 1980ko hamarkadearen erdialdetik gaur egunera bitartekoak dira. Testuek hartzen daben kronologiari esker, Adelina Moyaren ibilbide profesionalaren hainbat une islatzen dira, baita Nicolás de Lekuona lako artisten berreskurapenari eta historiografia garaikidearen alderdien zabalkundeari egindako ekarpen nabarmena be. Argazkigintza edo emakumeek egindako artea, esaterako, estu lotuta egon dira irakasle eta erakusketen komisario bezela egin dauen ibilbideagaz. 

Liburua osotzen dabe artista jakin batzuei buruzko azterketa sakonek, hogeita hamarreko hamarkadako erdialdetik sortutako artearen alderdi garrantzitsuen ikerketek, artista garaikideei buruzko testu kritikoek eta jardunean dagozan artistakaz izandako alkarrizketa eta berbaldiek. Izaera bereko testuak hiru epigrafetan atondu dira (Ikerketak, Azterlanak eta Hizketaldiak/Iruzkinak), jatorrizko data, lekua eta argitaratzailea goiburukoan jarrita dituela. 

Aparteko kasua, Aprendiendo (a mirar) con Ángel Bados da. Haren jatorria Adelina Moyak 2022an San Telmo Museoan (Donostia) emondako hitzaldi batean kokatzen da, eta, orain, lehen aldiz argitaratzen da.

Adelina Moya Valgañón (Kordoba, 1944)

Augusto Moya errepublikano errepresaliatuaren eta María Luisa Valgañón Lehen Hezkuntzako inspektorearen alabea da. Zaragozako Unibersidadean Historian doktorea (1984), 1984. eta 2007. urteen artean Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko irakasle titularra izan zan eta 90eko hamarkadearen erdialdean irakasgai aurrelari bi sortu zituan: Argazkilaritzea eta Artea eta, batez be, Artea eta Emakumea, emakumeek egindako arteari ikusgarritasuna emon eutsona. 2013an Eusko Jaurlaritzako Gure Artea Saria jaso eban arte bisualei egindako ekarpenagaitik.

Katalogora liburuak eta artikuluak batu ditue, batez be, euskal arteari buruzkoak eta emakume artisten lana eta ibilbidea ikertu ditue, besteak beste, María Paz Jiménez, Claude Cahun eta Isabel Baquedanorena. 1992an eta 1994. eta 1995. urteen artean Zehar aldizkariko, Arteleku (Donostia) arte zentroaren buletineko erredakzino-batzordeko kide izan zan.

Erakusketen komisarioa be izan da ondoko museotan: San Telmo Museoa (Donostia), Fundació Joan Miró (Bartzelona), Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madril), Artium (Gasteiz), Arte Ederren Bilboko Museoa, Instituto Valenciano de Arte Moderno (IVAM) eta Koldo Mitxelena Kulturunea (Donostia).

Haren ekarpen historiografiko garrantzitsuenen artean, Nicolás de Lekuona margolari, argazkilari eta diseinatzailearen (Ordizia, Gipuzkoa, 1913-Fruiz, Bizkaia, 1937) lanaren autortzea dago.

Era berean, parte hartu dau Gure Artea Sariko epaimahaietan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artista Barrien Lehiaketan eta Ertibil Bizkaian, baita sorkuntza artistikorako Juan eta Pablo de Otaola beketan be. Jorge Oteiza eta Modernitatearen Krisia Nazinoarteko 1. Kongresua (2008) eta Beyond Guernica and the Guggenheim. Relations between Art and Politics (2013) sinposioa atondu zituan batzorde zientifikoetan egon zan. 2012. eta 2013. urteetan Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroko (Reno, AEB) William A. Douglass Distinguished Visiting Scholar bekea jaso eban.

2015. eta 2020. urteen artean, Jesús Arpalegaz batera, Sajazarrako Liburutegia (Errioxa) sustatu eban. Liburutegi hori sortzeko eta garatzeko, mila liburu inguru emon zituan, hitzaldi, kontzertu eta poesia-errezitaldi ugari tartean zirala. 2020an, Sra Polaroiskak (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) garatutako Jakintsuen Kontseilua (Azkuna Zentroa Alhóndiga Bilbao) proiektuan parte hartu eban. Proiektu horrek balioa emon eutson edadeko bederatzi emakumek hainbat lanbide-eremutan egindako lanari.

Gaur egun Bartzelonan bizi da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu