Euskadiko Orkestreak 25/26 Denporaldi Sinfonikoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-06-12 08:37   Musikea

Sarrerak garagarrilaren 1etik aurrera egongo dira eskuragarri.

Euskadiko Orkestrearen 2025/2026 Denboraldi Sinfonikoa 2025eko irailaren 29an hasiko da Gasteizen eta 2026ko bagilaren 9an amaituko da Donostian. Guztira, 12 kontzertu-programa izango dira. Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta, guztira 50 kontzertu izango ditu.

Gaur egungo erronka nagusietako bat da panorama oso konpleju, zatikatu eta polarizatu batean adierazgarritasuna lortzea. Testuinguru horretan, hain zuzen be, musika klasikoak eta Euskadiko Orkestreak haren espazioa behar dabe. Halanda ze, uniberso grafikoa eregi da; berton, eguneroko elementu ezagunak landuko ditue irudi eta mikrokontakizun harrigarri, hunkigarri, magiko eta batzuetan ustebakoa bihurtzeko. ACC Comunicacionek zuzenduko dau ibilbide grafiko hori.

Programa nagusiak

Errepertorioko lan nagusietako batzuk Euskadiko Orkestreak lehen aldiz interpretauko ditu: Berliozen Herminie (Miren Urbieta-Vega izango da protagonistea); Fazil Sayren Never Give Up (Pariseko eta Istanbuleko eraso terroristei erantzuna emonez); Franz Schmidten 4. Sinfonia. Beste batzuk, barriz, gitxitan interpretautakoak izan dira, esaterako: Cesar Francken Bariazio sinfonikoak, Marta Zabaleta pianojolearen eskutik eta Johann Sebastian Bachen Ich habe genug partiturea. Horreetako beste bat izango da, bestalde, Felix Ibarrondo konpositoreak idatzi dauen azken sinfonia: Guernica, 2026ko urtarrilean estreinatuko dana.

Euskadiko Orkestrearen atriletan obra handiak be jarriko dira, besteak beste: Ravelen Daphnis et Chloe, jaio zaneko 150. urteurrenean; Straussen 4 Lieder (momentuko ahots bikainenetako batek interpretatuko dau: Rachel Willis-Sørensenek); Brucknerren eta Brahmsen Fontane di Roma eta Pini di Roma, hurranez hurran; eta, Rakhmaninov (Pianorako 3. Kontzertua). 

Bestalde, Euskadiko Orkestreak Txaikovskiren Bosgarren Sinfonia eskainiko dau. Lan ezagun horrek halanbeharraren irudia erakusten dau eta 2026ko bagilean Denporaldiari amaierea emongo deutso. 

Euskal oinarriak

Euskadiko Orkestreak euskal sorkuntza sustatzen eta hedatzen jarraituko dau haren programazinoan. Herrialdeko orkestrea da, haren sustraietan oinarritzen dana. 

Denboraldiko programazinoan Euskal Herriko konpositore bi autortuko ditue batez be: Ravel eta Arriaga. Haren jaiotzaren 150. urteurrenean, Ravelen obra nagusia eskainiko dabe: Daphnis et Chloe, Landarbaso Abesbatzeagaz batera. Ganera, Euskal Herriko eta Kataluniako orkestren arteko alkarlanari esker, Euskadiko Orkestrak La alborada del gracioso lana eskainiko dau Bartzelonan eta Orquestra Simfonica de Barcelona i Nacional de Catalunyak Euskadin Bolero.

Juan Crisostomo de Arriaga hil zaneko 200. urteurrenean, Euskadiko Orkestrak haren lan ezagunena interpretatuko dau: Esklabo zoriontsuak.

Horreezaz gan, Pablo Sorozabal, Carmelo Bernaola, Pascual Aldave eta Felix Ibarrondo be entzungo dira.

Euskal emakume interpretatzaileen atalak be arreta berezia merezi dau, izan be, ahotsearen presentzia garrantzitsua izango da; hamabi programa sinfonikoetatik zazpik ahotsa be izango dabe, gehienak Euskal Herrikoak eta emakumezkoenak, besteak beste: Miren Urbieta-Vega (Herminie), Sofia Esparza (Siete Lieder), Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales (La nuit eta Uda gau bateko ametsa). Hiru abesbatza be izango dira: Landarbaso Abesbatza (Daphnis et Chloe), Donostiako Orfeoia (Walpurgisen gaua) eta Vocalia Taldea (La nuit eta Uda gau bateko ametsa).

Kontuak kontu, orkestreak artista ugari jasoko ditu: hamabi zuzendari, sei bakarlari instrumentista, hamar bakarlari bokal, hiru abesbatza eta orkestra konbidadu bat. 

Beste jarduera batzuk

Euskadiko Orkestreak hainbat jarduera gehigarri atondu ditu. Ondoko honeek dira: urteerak (Bartzelonak L'Auditori eta Otoño Musical Soriano); grabazinoak (Pascual Aldaveren Akelarre); lankidetza proiektua (ARTIS+: artea, gizarteratzeko); proiektu eta zikloak (Mirango Matinéeak, Musika Gela, Musika Hamabostaldea, Zinemaldia, Bilboko Musika-Música edo Musikaste). 

Sarrerak

Garagarrilaren 1etik aurrera egongo dira salgai, euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez, 943013232 telefono-zenbakira deituta edo abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera mezu elektronikoa bialduz. Hamar kontzerturako abonuen prezioa 85 € eta 245 € artekoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu