'Seguru nago gure Bandeak beste 130 urtez jarraituko dauela Bilboren bilakaeran protagonista izaten'

Bizkaie! 2025-06-10 07:45   Musikea

Bilbotarren hurrengo belaunaldientzako kultura, emozinoa eta etorkizuna ereiten.



Udal Bandako ordezkari lez bertaratutako 60 lagun inguruk BilbaoArte Fundazinoak sortutako serigrafia bana jaso dabe, urteurrena gogoratzeko sortua. Obran Arenaleko Kioskoa agiri da, uriko lekurik esanguratsuenetako bat eta Bandearen ohiko eszenatokia bere historia osoan.

1895eko bagilaren 9an, Bilboko Udal Musika Bandeak bere lehen kontzertu ofiziala eskaini eban Arenaleko Kioskoan. 130 urte geroago, musika taldea uriko ikur kultural nagusietako bat bihurtu da eta, ospatzeko, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak harrerea egin deutso Bandari Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldi hunkigarrian.

Omenaldian izan dira Udalbatzako ordezkariak, Bilbao Musikako zuzendari kudeatzailea, Ana Madariaga; Bandako 44 kide aktibo eta erretirau; Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendaria; zuzendariak eta zuzendari ohiak; Kontseiluko ordezkaritza bat, Itziar Urtasun presidentea buru ebela; eta erakundeko langileak, Bilboko historian ibilbide luze hau posible egin dabenak.

Kalidade artistiko autortuaz gan, Bandea gure uriaren erritmoaren benetako ispilu izan da. Sasoi bakotxeko baldintza eta eskarietara egokitzen jakin dau eta urte honeetan guztietan bilbotar askoren, belaunaldi askoren bizitea markau daben ekitaldietan parte hartu dau, adierazo dau alkateak.

Alkateak zoriondu egin dau Bandea azken hamarkadan bizi izan dauen kalidade eta profesionalizazinoagaitik: sendotutako taldea dogu, moldakorra, fidagarria, errespetatua, bai hemen, etxean bai kanpoan. Programa garaikideak, errepertorio klasikoa eta hizkuntza artistiko barriak bikain lantzeko kapaz dana. Hori guztia talde bikain hau osotzen daben persona bakotxaren talentuari, konpromisoari eta dedikazinoari esker da. Zorionak!, nabarmendu dau.

Bilboko Udal Musika Bandea

1895eko bagilaren, José Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udal Musika Bandeak bere lehenengo kontzertua emon eban Arenalean. Ordutik José Franco Ribate (1924), Pedro Córdoba Rozas (1928), Jesús Arambarri Garate (1932), Bruno Muñoz (1950), Urbano Ruiz Laorden (1969), Antonino Ibarrondo Oleaga (1979), Jesús María Bilbao Estefanía (1995), Rafael Sanz Espert (2002) eta José Rafael Pascual Vilaplana (2015) izan dira ehun urtetik gora dituean Udal Bandako zuzendariak.

Bilbao Musika Toki Erakunde Autonomiadunaren barruan dago. Aitatzekoak dira bere kontzertuak ekitaldi ofizialetan, ospakizun herrikoietan eta musika jaialdietan (Musika-Música); era berean, Azkuna Zentroan, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan eta Arenaleko kioskoan eskaintzen dituan kontzertu zikloak.

Azpimarratzekoak dira Euskalduna Jauregiko Auditorioan egiten diran kontzertu denporaldiak. Ziklo horreetan izen handiko zuzendari konbidaduak izan ditu, besteak beste, Enrique García Asensio, Pablo Sánchez Torrella, Juan José Ocón, Darío Sotelo, José Mª Sáinz Alfaro, Gary F. Lamb, Richard Miles, Thomas Rotondi, Evgeny Dzhalalov, Pablo dell'Oca, Fernando Bonete, Jan Cober, Douglas Bostock, Franco Cesarini, Philip Sparke, Laszlo Marosi, Yves Segers, Maurice Hamers, Isabelle Ruf-Weber edo Nacho de Paz; elkarte eta bakarlari handiak ere bai: Pedro Iturralde, Kepa Junkera, Astrid Crone, Manuel Bobenrieth, Javier Eguillor, Manel Ramada, Santiago Juan, Mª Eugenia Silguero, Euskadi Brass metalezko boskotea, Donostiako Orfeoia, Zabalguneko Koru Masa, Bilboko Koral Alkartea, Inés Olabarria, Claudi Arimany, Vicente Zaragoza, Juana Guillem, José Franch-Ballester, Manuel Blanco, Albert Guinovart, Ximo Vicedo, Fernando Latorre, Marta Ubieta eta Serafín Zubiri.

Bandearen diskografia 20 diskokoa da: Aires de Euskal Herria, biniloan grabauta; CD bikotxa, José Franco Ribateren lanakaz egindako monografikoa eta pasodobleen aukeraketa bat, mendeurrena zala eta; Ciudad de Valencia 2002 banden nazinoarteko lehiaketan grabautako CDa; Banda Band Oskorrirekin batera; Concierto de Navidad eta Cantando durante 125 años, biak ala biak Bilboko Koral Elkarteagaz; Spanish music for wind band jazzaren arloko abestiakaz; hiru CD bikotx, Euskalduna Jauregiko zuzeneko emonaldiakaz, Tell me a Brass Story Spanish Brass metaleko boskoteagaz batera; Zarzuela CD monografikoa, Iñaki Urkizuk zuzendua, Urko herrikoi Donostiako abeslariakaz; Miradas David Rivas Domínguezen obrakaz; Románticos olvidados Emilio Serrano, Sebastián Iradier eta José Frescoren musika-konposizinoakaz; Cosas de la imaginación, Eduardo Morenoren zuzendaritzapean eta Bidaiak eta Haizea Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta.

Kontzertu asko eskaini ditu Estauko entzunareto eta antzoki garrantzitsuenetan (Valentziako Palau de la Musica, Unió de Llíria Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia, Iruñako Gayarre Antzokia, Tenerifeko Santa Cruzeko Angel Guimerá Antzokia, Donostiako Kursaal, Bartzelonako L'Auditoi, Arriaga Antzokia...). Era berean, EITBko gabonetako saio berezian parte hartu izan dau, Aste Nagusian Abandoibarran, Kepa Junkera, Oskorri, Sole Jiménez, Serafín Zubiri, Urko eta Doctor Deseogaz emondako kontzertuetan; Errenteriako Musikaste amaierako kontzertuan Andra Mari Koralagaz, Tenerifen, Banda Sinfonikoen Zuzendari, konpositore, moldatzaile eta instrumentisten IV. Biltzar Iberoamerikarrean; Espainako Flauitisten Alkartearen IV. Bileran, Madrilgo Canaleko Antzokien Musika Banden III. Topaketan, Vila de la Sénia Musika Banden Lehiaketan, Leoneko musika espainiarren XXX. Jaialdian, Utrechten (Holanda) 2017ko WASBEk atondutak Bandentzako Nazinoarteko konferentzian, IFOB-a 2019 programearen barruan, La Pamplonesa Iruñeko musika Bandearen Mendeurrenaren ekitaldietan; Toroko Latorre Antzokian (Zamoran) David Rivasen lanakaz ospatutako kontzertuan; Bilboko Miribilla Arenan Fair Saturday ospetsuaren inaugurazinoko kontzertuetan 1.000 artista baino gehiagogaz batera (2018 eta 2019) eta Bartzelonako Udalaren Bandeagaz L'Auditorin eskainitako kontzertuan, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu