Ondare zinematografikoaren euskerazko lau film ertainen zaharbarritzea finantziau dabe
2025-06-09 13:29 ZinemeaEusko Jaurlaritzeak 80.000 euro inbertidu ditu.

Eusko Jaurlaritzeak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainen zaharbarritzea finantziau dau. Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten dabiz eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emongo dira irailean. Lehenengo hiru pelikulak euskerazko zinemea sustatzeko Eusko Jaurlaritzeak oso-osorik finantziautako lehenengo proiektua izan zan.
Tabakaleran aurkeztu da proiektua eta han izan dira Ibone Bengoetxea (Eusko Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Vanesa Fernández (EITBko Kultura eta Euskerako zuzendaria), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria), Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, Xabier Elorriaga eta José Julián Bakedano (filmen zuzendariak).
Ibone Bengoetxearen eretxiz, erakundeen arteko alkarlana oso garrantzitsua da, euskal kultur-ondarearen eta euskal zinemearen alde; euskerak eta euskal kultureak, guztion bultzada behar dau. Euskerea eta euskal zinemea gure identidade kolektiboaren parte eta isla diralako. Aitatu proiektuek gure joandakoari etorkizuna emoten deutse, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna emoten deutse.
Joxean Fernándezek ondokoa nabarmendu dau: proiektu hau erakunde arteko alkarlan estuan gauzatzen da eta etorkizunerako bidea marketan dau. Hareen harian, beste lau lan zaharbarrituko dira, mailarik gorenean, euskal ondare zinematografikoa aro digitalera ekarteko; proiektuak esker ona erakutsi nahi deutse euskerearen arloan aurrendari izan ziran gure zinemagileetako batzuei eta gure literatureak euskal zinemearen inspirazino-iturri lez dauen garrantzia azpimarratzen dau; azkenik, gure klasiko zinematografikoak nazinoartekotzeko beste ahalegin bat da.
Vanesa Fernándezek adierazo dauenez, lankidetza honi esker euskal ondare zinematografikoa zabaldu eta euskerearen transmisinoagaz dogun konpromisoa berresten da, gure nortasun kulturalaren zutabe legez. Zaharbarritzean parte hartzeaz gan, EITBk pelikulen errehabilitazino prozesua jasoko dau Itzalak Argitzen dokumentalean (Berde Produkzinoak eta Koldo Almandoz): estreinau eta ia 40 urtera, lau zuzendariak Boloniara joango dira Italiako laborategietan egiten dabizen lanaren lekuko zuzenak izateko. Era berean, dokumentalean istorioen benetako eta fikzinoko espazioak agertuko dira eta zaharbarritze prozesua zelakoa dan ikusiko da Filmategiko arduradunen eskutik.
Beste alde batetik, Rebordinosek ziurtatu dauenez, euskerazko zinemearen gaur egungo egoereak ez dau zerikusirik orain 40 urtekoagaz eta, gaur egun, Donostia Zinemaldian eta antzeko jaialdietan gero eta ohikoagoak eta ugariagoak dira gure hizkuntzan egindako filmak, mundu osoko produkzinoakaz lehian eta horregatik, ekimen aurrendari haretako lana goratu nahi dogu, eta lau film horreek Klasikoak sailean programau.
Filmen zuzendariak oso pozik azaldu dira eta garagarrileko lehenengo astean Boloniara joango dira zaharbarritze-lanak gainbegiratzeko. Alfonso Ungríaren ustez, filmak berreskuratzea da filmategiek egiten dituen lanetan esanguratsuena jenteak edozein film topau leikelako filmategietan.
Anjel Lertxundik nabarmendu dauenez, sasoi haretan pausu handiak egin ziran literaturan, musikan eta antzerkian. Momentu jakin batean, zinemea euskerearen begietara ekartea be lortu genduan.
Era berean, Xabier Elorriagak azpimarratu dauenez, gidoilari edo zuzendari lez ia prestakuntzarik barik abiarazotakio proiektu batera bueltetea da Zergatik panpox zaharbarritzea. Elorriagaren eretxiz, segurutik Bolonian zain izango ditut horren ondorioak; gozau egingo dot antzezleak ikusten, Urretabizkaiaren testuak eta Pascal Gaigneren eta Amaia Zubiriaren musikea entzuten.
Azkenik, José Julián Bakedanok azaldu dauenez, oraingoz izen barik sortu neban talde euskaldun harek ahalegin handia egin behar izan eban euskerazko fikzinoa filmetako, zuzeneko soinuagaz eta teknikari-talde britainiar bategaz baina emoitzeak erantzun bikaina izan eban.
Kontuak kontu, Ramón Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta dagoz, hurrenez hurran, Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez eta Irati Filmak etxeak egin zituan, 100 miloe pezetako aurrekontuagaz. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emon eban oso-osorik. Bakedanok zuzendu eta produzidutako Oraingoz izen gabe film ertainari jagokonez, Bernardo Atxagak idatzi eban gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspirauta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinau eben filma.
Lanok zaharbarritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordetakon 35 milimetroko jatorrizko negatiboak erabiliko dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egingo da prestau eta ondoren digitalizetako. Bigarren fasean, denporearen joanak eragindako inperfekzinoak desagerrarazo dira, beti be jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira. Abuztuan amaituko dira lanak eta Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Eusko Jaurlaritzearen babespean gauzatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!