BOSen denporaldiak 27 'alkarrizketa' hartuko ditu
2025-06-06 12:34 MusikeaIrailaren 25ean hasi eta 2026ko bagilean amaituko da.

Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak eta Borja Pujol zuzendari teknikoak aurkeztu dabe 2025-2026 denporaldirako BOSen programazinoa.
Denporaldiak hamazazpi kontzertu sinfoniko eta hamar ganbera kontzertu izango ditu. Alkarrizketa kontzeptuagaz izentau ditue; halanda ze, musikea hizkuntza unibersala izanez, kontzertuak alkarrizketa dira, artistearen eta publikoaren arteko zubia hain zuzen be. Leixurik adierazo dauanez: BOSek alkarrizketa interesgarrietan parte-hartu daigun, musika-hizkuntzearen bidez artistakaz berba egin daigun nahi dau. Aukera parebakoa da hainbat gairi buruz hausnartzeko eta, aldi berean, musika sinfonikoaren indarraz disfrutetako.
Ganera, sorreratik eusten deutson konpromisoari jarraituz, orkestreak haren presentzia eta jarduera dibulgatzaileak zabaldu nahi ditu.
2025-2026 denporaldiko alkarrizketetan hainbat bakarlari izango dira: Sibeliusen biolinerako kontzertua, Sergei Dogadinen eskutik; Gabriel Erkorekak Kalakan taldearentzako idatzitako Zuhaitz; Fazil Say pianistea eta konpositore ospetsuaren Mother Earth; eta Pacho Flores tronpetisteak, Paquito D’Riverak idatzitako Concerto Venezolano aurkeztuko dau.
Horreezaz gan, Eraztunen Jaunaren trilogiaren itxierea biziko dogu Erregearen Itzulera amaiera ikusgarriari esker; hamaika Oscar sari irabazi zituan pelikuleak, horreen artean, jatorrizko soinu-banda onenarena Howard Shorerentzat. Peter Jacksonen filmaren proiekzino osoa Euskaldunako pantaila handian eskainiko da.
Ahotsek be protagonismo handia izango dabe, Bachen Pasioa San Joanen arabera lanagaz eta Carlos Menak zuzendutako San Juan Bautista Abesbatzako ahots gazteakaz batera ibiliko diran abeslari adituakaz. Ganera, hiru artistek debuta egingo dabe aurton: Vasily Petrenko (Xostakovitxen Leningrado Sinfoniagaz), Thomas Dausgaard eta Nil Venditti turkiarra.
Bestalde, ahots garaikideek be izango dabe euren tokia, itsasoan inspiratutako lan biren bidez: Sigfúsdóttir islandiarraren Oceans obrea eta Javier Quislant bilbotarraren Unda maris (Reina Sofia Konposizino Saria).
BOS
BOS osotzen daben 96 personek kontzertu sinfonikoak eta ganbera kontzertuak eskaintzen ditue urtero.
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martiaren 8an eskaini eban lehenengo kontzertua Arriaga Antzokian, Armand Marsick zuzendariaren batutapean.
Gaur egun, Juan Crisóstomo de Arriaga-Bilbao Orkestra Sinfonikoa Fundazinoa irabazi-asmorik bako erakundea da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilbao Orkestra Sinfonikoa kudeatzeko sortua eta iraupen mugabakoa dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!