‘Musikazaleak’ proiektuan egindako lana erakutsiko dabe
2025-06-06 07:45 MusikeaAdimen-desgaitasuna daben 43 persona dira parte-hartzaileak.

Zortzi hilebeteko musika-tailerren ondoren, Musikazaleak proiektua amaierara heldu da. Proposamen barritzaile bezela finkatuz, adimen edo garapen-desgaitasuna daben personentzako kultura irisgarri, inklusibo eta parte-hartzailearen bidez eraldaketa soziala sustatu dabe. Euskadiko Orkestreak FEVAS Plena Inclusión Euskadigaz (adimen-desgaitasuna daben personen aldeko erakundeen euskal alkartea) lankidetzan bultzatutako ekimenak 24 musika-tailer eskaini ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen: horreetan, 43 persona helduk hartu dabe parte, FEVASeko kide diran 11 erakundetatik etorrita: Apnabi-Autismoa Bizkaia, Aspace Bizkaia, Aspace Gipuzkoa, Atzegi, Goyeneche Fundazinoa, Usoa Fundazinoa, Futubide, Gaude, Gautena, Gorabide eta Uliazpi.
Musikazaleakek desgaitasuna daben personen kulturarako eskubidea berresten dau, musika adierazpenerako, garapen personalerako eta gozamen kolektiborako tresna bihurtuz. Ekimena Mikel Cañada Euskadiko Orkestrearen Musika Gelako arduradunak koordinau eta Yamel Romero Musikanaiz Zentroko zuzendariak gidatu dau.
Proiektua 2024ko urritik 2025eko maiatzera lan egin daben hiru talde egonkorretan egituratu da, lurralde bakotxean bat. Guztira, hiru entzunaldi egingo dira (Bilbokoa, hilaren 5ean izan zan):
- Donostia: eguaztena, bagilak 11 (12:00), Euskadiko Orkestrearen Egoitzan.
- Gasteiz: barikua, bagilak 13 (12:00), Federico García Lorca Antzokian.
Proiektuak ONCE Fundazinoaren, Musikeneko Musika Bitartekotza, Kudeaketa eta Hedapen Masterraren, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioaren eta Gasteizko Antzoki Sarearen laguntzea izan dau. Laguntzaileek euren instalazinoak eta langileak itxi ditue tailerrak egiteko eta, holan, irisgarritasun kulturalagaz eta inklusinoagaz daben konpromisoa indartu dabe.
Musikazaleak ARTIS+: Artea, gizarteratzeko proiektu europarraren parte be bada. Mugaz gaindiko lankidetza-ekimena da eta desgaitasunagaitik edo arrazoi sozialengaitik baztertuta geratzeko arriskuan dagozen taldeentzat kultura-ekipamenduen irisgarritasuna hobetzea dau helburu.
Proposamen horregaz, FEVASek eta Euskadiko Orkestreak 15 urte baino gehiagoko aliantza estrategikoagaz jarraitzen dabe, eta horri esker, daborduko 1.500 personari baino gehiagori lagundu deutsen kultur jarduera inklusiboak gauzatu ahal izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!