Sopuertako Alen meatze-barrutiari balioa emongo deutse
2025-06-05 10:14 KultureaBagilaren 11n eta 14an, ondarea berreskuratzeko proiektua aurkeztuko da.
Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoa, Sopuertako Alen meatze-barrutiaren zati bat berreskuratzeko proiektuan laguntzen dabil. Bertan antxinako Sorpresa, María, Amalia Juliana eta Cecilia ustiategien meatzaritza errastu garrantzitsuak dagoz oraindino. Ekimena bagilaren 11n eta 14an aurkeztuko dau, Enkarterrietako Museoaren, Sopuertako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren lankidetzagaz meatze gune garrantzitsuaren paisaia berreskuratzeko proiektua bultzatzen dabilen Juan Manuel Román Campos Sopuertako bizilagunak.
Landaratza ugariaren artean aitatutako meategiak dagozan lekua, lehen mailako naturagune, paisaia-gune, gune historiko eta ondarezkoa da. Sopuertak meatze-ibilbide luzea izan eban XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen parte handi baten. Halanda ze, errastu hori inguruko muino eta mendietan dago oraindino, batez be, Alen meatze-barrutiaren inguruan, errastu asko denporaren poderioz hondatuta edo landaratza artean ezkutauta dagoan arren.
Proiektuaren lehenengo fasean, Sorpresa meategia berreskuratu eta El Sel auzoa ezagutzera emon gura da, meatzarien ondorengoak bizi ziran eta kontserbau eben meatzaritza-moltsoa, baita ingurune hori irisgarriago eta bisitagarriago bihurtu be, seinaleztatutako gaikako ibilbidea sortuz. Dibulgazinorako argitalpena be dabiz prestetan, meategi horrek (1871n erregistraua eta 1909tik Manuel Taramona Zallako enpresariak ustiatua) eta El Sel meatzaritza-auzoan bizi izan zan behargin-komunidadeak izan eben eragina erakusteko. Bertako aideko tranbia ikusgarriak, instalazino-sareak eta behargin-atonketak euskal industria-iraganaren adibide bikaina bihurtzen dabe.
Juan Manuel Román Camposek eta haren taldeak diseinautako ibilbide zirkularrak herriaren errastu nagusiak hartzen ditu: gaseosa-fabrikea, garbitokia, kantinea eta eskolea, karga-toberak, polborategia, jangelea eta Santa Luzia baseleizea. Ibilbide horren bidez meatzarien eta hareen familien bizimodua berreregituko da, baita meategiaren funtzinonamendu teknikoa be. Ibilbidea bagilaren 11n eta 14an egingo da. (Informazino gehiago: Juan Manuel Román Campos tl. 600778420)
Aurrerago, urrian, Enkarterrietako Museoak daborduko finkauta dagoan Burdinolen Ibilbidearen jardunaldia (urriaren 5ean) eta Ondarearen Jardunaldien barruan kultur ibilbide bi egokitzea erabagi dau, ibilbide horretara gehitzeko eta meatzaritzeagaz lotuta dagoan gure iraganari buruz gehiago jakiteko.
Meatzaritzaren memoria gordeteko argitalpena
Argitalpenari jagokonez (gaur egun sortze-prozesuan dago), narratiba historikoa, argazkiak, planoak eta jatorrizko dokumentuak batuko ditu, Sopuertan beharginen memoria gorde eta kulturearen turismoa sustatzeko. Bertan bost meategi nagusik osotutako Sopuertako Alen meategi-barrutiaren iragan loriatsua jasoko da: Amalia Juliana (Luis Ocharan Mazaren jaubetzakoa), Sorpresa (Manuel Taramona Sainzena), María (Colina, Puiz y Palacios soziedadeak kudeatua), Cecilia (titularra Cecilia Geltschel y Charroalde izan zan) eta Artzentalesen dagoan Federico.
Meategi bakotxak garraio-azpiegitura espezifikoak ebazan, horreetako batzuk aitzindariak bere garaian. Amalia Juliana meategiak Castro-Alen trenbidetik garraiatzen eban minerala; Sorpresa meategiak 9,8 kilometroko aideko tranbia erabilten eban (Bizkaiko meatze-arroko luzeena) Baltezanaraino, eta handik Setares konpainiako trenbideak Saltacaballoseko kargategira eroaten eban. Mariak eta Ceciliak plano inklinauak eta Traslaviña-Castro trenbidea erabilten ebezan Ostendeko kargategiraino. Federico meategiak aideko tranbia eta Amalia Julianaren trenbide bera konbinetan ebazan.
Meategi horreen inguruan behargin eta familia-komunidadea sortu zan eta etxebizitzak, eskolak, eleizak eta hainbat azpiegitura eregi ebezan. Hori dala eta, Sopuertako mendialde hori bizi-gune garrantzitsu bihurtu zan. Bizitza horren zati bat oraindino be sumatzen da Labarrieta auzo tradizionalean, el Selen, bide berdean, kargategi zaharretan, industria-hondakinetan eta Santa Luzia baseleiza deigarrian. Hatx-zulo batean dagoan azken hori orain dala urte batzuk berreskuratu eben herritarrek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!