Nerea Ibarzabal hasi da 'Ipui Onac' liburua irakurten
2025-06-05 08:00 Euskerea berbagaiEhundaka lagunek emongo deutse ahotsa Bizenta Mogeli.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak atontzen dauen Klasikoen Irakurketa Etenik Bakoaren XVIII. edizinoak Bizenta Mogelen Ipui Onac obrea izango dau protagonista. Egitasmoa goizeko 8:00etan hasi da eta 14:00etan amaituko da.
Ondoko honeek atontzen dabe ekitaldia: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa.
Nerea Ibarzabal kulturgilea (Zumarraga 1994) da lehenengoa ahotsa emoten Bizenta Mogeli. Bizentaren antzera, Markinan pasau eban gaztaroa Ibarzabalek. Bitan izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea eta beste behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistea. 2022an Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu eban.
Ondoren, 200 persona inguru txandaka ibiliko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyerrean jarritako mikrofonoaren aurrean, besteak beste: Ibone Bengoetxea Sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia edota Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, herri alkarteetako ordezkariak, euskaltzainburua, unibersidadeko errektorea, hedabide, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomista, abogadu eta injineruen kolegioetako partaideak, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskera ikasleak.
Ekitaldia zuzenean ikusi nahi izan ezkero, EITBen jarraitzeko aukerea dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!