Dantzertik 'Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna' saria jaso dau

Bizkaie! 2025-06-04 09:21   Euskerea berbagai

Etorkizuneko aktoreak euskalduntzeko proiektuagaitik.

Cadena SER Euskadik eta BBK-k GJH Sarien hirugarren edizinoa egin dabe. Ekimena erreferente bihurtu da Euskadin, gizartean eragin positiboa daben personen lana agerian jarten da-eta. Sariek Garapen Jasangarriaren Helburuei (GJH) lotutako sei kategoria batzen ditue: Personak, Planeta, Oparotasuna, Bakea, Itunak eta Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna.

Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna kategorian saritu dabe Dantzerti, Euskal Herriko Arte Dramatiko eta Jantzako Goi Mailako Eskolea, etorkizuneko aktoreak euskalduntzeko proiektuagaitik. Euskeraz ez dakitenei zuzenduta dago egitasmoa eta arte eszenikoetan euskerearen erabilerea sustatzea dau helburu. Kulturea eta hizkuntza-aberastasuna eraldaketarako tresna bezela defendetan dauen proiektua dala adierazo dabe sariketearen atontzaileek.

Saria Unai Izquierdok, Dantzertiko zuzendari ordeak jaso dau. Horrezaz gan, berton izan dira: Jokin Azkue, HABEko zuzendaria; Dantzertiko zuzendaritza kideak; Bilbo Zaharra Euskaltegiko irakaslea, Jon Fombellida; eta programako ikasleak.

Dantzertiko hainbat ikasle Estaduko beste Autonomia Erkidego batzuetatik datoz; halanda ze, beste asko, bertokoak izan arren, euskeraz antzezteko euren euskera maila hobetu beharra sentiduten dabe. Errealidade hori ikusita, Dantzertik, HABE eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesa jaso eban eskolaz kanpo euskerea indartzeko programea martxan jarteko.

Ikasleak euskalduntzeko programearen gidaritzea Bilbo Zaharra Euskaltegiak hartu eban eta eskoletan euskerazko ohiko curriculumaz gan, arte eszenikoen alorreko gaiak jorratzea dau helburu. Dantzerti Goi Mailako Arte Dramatiko eta Jantza ikasketak euskeraz eskaintzen dituan zentro bakarra da. Hori dala eta, euren oinarrietako bat etorkizunean euskeraz sortuko daben profesionalen harrobia bermatzea da.  

Aurtongo urtarrilean hasi ziran errefortzuak, astean bitan egiten dira eta ordu eta erdiko iraupena dabe. Oraingoz, maila bi dagoz: bata, oinarrizkoa; euskerearen lehen hastapenak lantzeko; eta bestea, erabiltzaile aurreratuentzat, ikasleek beharrezkoak dituen berariazko arloak egiteko. Tutoreak be badagoz, hilabetean aldi bitan ikasleen zalantzak argitzen dabenak.

2024-2025 ikasturte amaierean, ikasle hasibarriek B1 mailako ziurtagiria lortzeko aurkeztu ahal izango ditue euren buruak. Datozen urteetan, euskera mailak eta taldeak ugaritzen joatea aurreikusten dabe.

Saritutako gainerako proiektuak

  • Personak: Ortopedia Bidari - Adato Alkartea. Bolivia, Benin eta Mauritania lako herrialdeetan persona ahulentzako gailu ortoprotesikoak (protesiak eta gurpil-aulkiak, adibidez) berreskuratzen eta egokitzen 17 urte baino gehiagoz egindako lanagaitik sarituak. Nazinoarteko 39 misino egin ditue, 1.000 persona baino gehiagoren bizitzea hobetuz.
  • Planeta: Zunibal SL. Derioko enpresa, itsas ingurunean % 100 biodegradagarria dan lehen Arrainak Kontzentratzeko Gailua (DP) garatzeagaitik saritua, nazinoarteko estandarrekaz lerrokatua. 
  • Oparotasuna: Zelestra (antxinako Solarpack). Bizkaian egoitzea dauen energia berriztagarrien enpresa globala. Hiru ardatzetan oinarritutako inbersino sozialeko politikagaitik autortua: hezkuntza, energia eta ingurumena. Europako, Amerikako, Asiako eta Afrikako hainbat herrialdetan 250.000 persona baino gehiagori egin deutse mesede.
  • Bakea: Euskalduna Bilbao. Bakearen, memoriaren eta bizikidetzearen balioak aldarrikatu zituan Bake Soinuak kontzertuagaitik saritua.
  • Itunak (17. GJH): Colegio Santísima Trinidad Ikastetxea. 2030 Agendeagaz dauen konpromisoagaitik autortua, Green Cool Schools edo Hezkuntza Berriztatzeko Iberoamerikako Sarea lako nazinoarteko sareetan ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen dauen eskola-proiektu baten bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu