Ehundaka lagunek irakurriko dabe Bizenta Mogelen 'Ipui Onac'
2025-06-03 13:49 KultureaNerea Ibarzabal kulturgilea izango da lehena ahotsa emoten Mogeleri.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak atontzen dauen Klasikoen Irakurketa Etenik Bakoaren XVIII. edizinoak Bizenta Mogelen Ipui Onac obrea izango dau protagonistea. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten daben ekimena Arriaga Antzokian izango da, bagilaren 5ean, eguena, 08:00etatik 14:00etara.
1804. urtean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituan latinetik euskerara. Artean ez zan ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, arabere gitxiago latina ikastea. Obra horregaz bihurtu zan Mogel euskeraz liburu bat argitaratu eban lehen emakumea, 22 urte baino ez zituanean.
Hiru arrazoiengaitik aukeratu dau Bilbo Zaharra Euskaltegiak Ipui onac: euskal literaturea eta Europako literatura klasikoa lotzen ditualako, literatura-genero primitiboari lekua egiten deutsalako eta emakume batek euskeraz publikatutako lehen obrea dogulako.
Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia 1782- Abando 1854) emakume eta kulturgile aitzindaria izan zan. Azkoitian jaiotakoa, urte bat ebala haren aita hil zan, familia osoa Markinara mobiduz. Berton bizi izan zan 1817ra arte. Ipui onac publikatzeaz gan, hainbat bertso-bilduma idatzi zituan.
Egueneko ekitaldian Nerea Ibarzabal kulturgileak (Zumarraga 1994) emongo deutso ahotsea Bizenta Mogeli. Bizenta moduan, Markinan pasau eban gaztaroa Ibarzabalek. Bitan izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea eta beste behin Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistea. 2022an Bar Gloria liburu arrakastatsua argitaratu eban. Halanda ze, bera izango da Arriagan Ipui Onacen lehenengo lerroak irakurriko dituana, goizeko 08:00etan.
Ondoren, 200 persona inguru txandaka ibiliko dira goiz osoan zehar udal antzokiko Foyeren jarritako mikrofonoaren aurrean. Betiko lez, euskal gizartearen arlo guztietako jenteak parte hartuko dau: kulturea eta gizarte-eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakunde mueta guztietako ordezkariek. Besteak beste, ondoko honeek izango dira: Ibone Bengoetxea Sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia edota Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, herri alkarteetako ordezkariak, euskaltzainburuak, unibersidadeko errektoreak, hedabide, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ekonomista, abogadu eta injineruen kolegioetako partaideak eta beste asko. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskera ikasleak irakurtzen agertzen diran bideoak proiektauko dira. Horreei beste 50 boluntario gehituz.
Urtero lez, Arriaga plazan pantaila erraldoia jarriko da, bertotik jarraitu ahal izateko etenbako irakurraldia, baita EITBren webgunetik be. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizinoetako argazki eta kartelez osotutako erakusketea egongo da ikusgai egunotan.
18 urte Irakurketea egiten
Aurreko edizinoetan ondoko liburu honeek irakurri dira: P. Axularren Gero, J.A. Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Ramon Saizarbitoriaren Martutene, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Kirmen Uriberen Bilbao-NewYork-Bilbao.
Bilbo Zaharra Euskaltegia euskera ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, besteak beste, ondoko ekimenak: Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea... eta baita Bilbo Zaharra Forum ekimena be: euskal kulturearen alorrean pasetan dan ororen erresonantzia-kaxa eta eztabaidagune izan nahi dauen alkarte edo topagunea. Hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea egitasmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!