Gau Zuria, bagilaren 19an eta 20an, Bilbon
2026-06-16 07:46 KultureaUriaren fundazinoaren 726. urteurrenaren harian dator.


Bilboko Udalak sustatutako uriaren fundazinoaren 726. urteurrenaren harian, ekimenaren barri emon dau Bilboko alkate Juan Mari Aburtok gaur goizean eta beragaz izan dira Gonzalo Olarria zinegotzia eta Begoña Escribano Gau Zuriako zuzendaria.
Alkateak azaldu dauenez, Bilbo uri edegia, sortzailea eta etenik barik eraldatzen da eta Gau Zuria identidade horren isla da, erreferentziazko hitzordua kultura eta gizarte egutegian. Ekitaldi horrek uria argiaren, artearen eta teknologiaren bidez barriro deskubriduteko animetan gaitu. Herritarrek aukerea izango dabe Bilbo beste ikuspegi batzuetatik ezagutzeko, hainbat lekutatik, barrikuntzea, sormena eta parte-hartzea buztartzen dituan danon esperientzian, uri paisajeari begiratzeko eta ha biziteko beste modu bat eskainiz eta gizartearen kultura-ohitura barrietara egokituz.
Ekitaldia egun bitan egingo da, barikuan eta zapatuan, 19:30etik 00:30era, eta 29 instalazino eta proposamen artistiko (15 bertokoak dira, 8 estadukoak eta 6 nazinoartekoak) eskainiko dira publiko guztientzat, arreta berezia eskainiz familiarteko publikoari, kultura-esperientzia inklusibo, irisgarri eta parte-hartzaileari uko egin barik.
Bilboko itsasadarra izango da ibilbidearen ardatz nagusia eta udaletxetik Itsas Museoraino jarduerak atonduko dira, uriko espazio enblematikoenetako batzuk ezagutuz, besteak beste, Uribitarte pasealekua, Zubizuri, BilbaoArteko Uribitarte40 Aretoa, Bizkaia Aretoa, Casilda Iturrizar parkea edo Euskalduna Jauregia.
Era berean, ibilbidea Azkuna Zentrora zabalduko da, Gau Zuriaren uri-izaerea indartuz eta herritarrek gozetako dituen aukerak zabalduz.
Kaleak, zubiak, kaiak, plazak, berdeguneak eta kultura-ekipamenduak sorkuntza garaikidearen agertoki bihurtuko dira, artea, diseinua, teknologia eta herritarren arteko alkarreragina buztartzen dituen proposamen artistikoakaz.
Begoña Escribanok azaldu ditu programazinoko zehetasunak: hitzordu honetan murgiltze-instalazioak, esku-hartzeak argiakaz, proposamen interaktiboak, ikuskizun ibiltariak eta esperientzia sensorialak egongo dira, holan Bilbo agertoki artistiko handi bihurtzen dauen ibilbide bat eratuz.
Aurtengo nobedadeen artean, nabarmentzekoa da abesbatza eta instrumentu-ikuskizunak Euskalduna Jauregiko hallean izango dirala. Bertan, Bilboko taldeek zuzenekoak eskainiko ditue bi egunetan. Gainera, programearen barruan Gau Zuriaren beste edizino batzuetako berregokitutako instalazinoak egongo dira, Abandoibarrako Itsasargiak edo Zizak.
Kontuak kontu, Gau Zuriak kultura-eredu jasangarri, inklusibo eta Garapen Jasangarrirako Helburuakaz (GJH) bat datorren eredu baten aurreko konpromisoari eusten deutso.
Material berrerabilgarriak erabiltearen eta jasangarritasun-erispideetatik sortutako argi-instalazinoak lantzearen alde egin dau, ingurumen-inpaktua minimizauta.
Era berean, kultura-azpiegituretarako irisgarritasuna bermatzen dau, sorkuntza garaikidea herritarrakana hurbilduz uriko hainbat espazio, instalazino eta kultura-zentrotan.
Programazino edegia, plurala eta publiko guztientzat pensautakoa da, kulturaz hurbiletik eta inguruneagazko errespetuz gozetako animetan gaituana, gaineratu dau Aburtok.
Gau Zuria erreferente izango da da sorkuntza garaikideko jaialdien arloan eta estaduko eta nazinoarteko (Frantzia, Alemania edo Australia) artistek eta konpainiek parte hartzen dabe, bai eta ospe handiko eta nazinoarteko proiekzinoa daben tokiko sortzaileek be.
Datorren domekan, bagilaren 21ean, herritarrek lore-eskaintzea egingo dabe On Diego Jaunaren omenez. Juan Mari Aburto alkatea eta zinegotziak, jantzariak eta txistulariak lagun dituela, udaletxetik Plaza Biribileraino joango dira, hortxe baitago uriaren sortzailearen estatua eta han erromeria bat egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
