Garaiko ondarea batzeko egitasmoari ekin deutse Udalak eta Gerediaga Alkarteak
2026-06-15 11:01 KultureaOndarea batzeak historia ulertzeko gakoak emon leikez.
Garaiko ondarea batzeko lanean hasi da Gerediaga Alkartea, Garaiko Udalak bultzatuta. Datozen hilebeteetan lantzeko egitasmoak izaera etnografikoa dau, hiru adar izango ditualarik: alkarrizketak, material grafikoa batzea eta herriko etxeetan gordeta dagozan eskuizkribu eta dokumentuen inbentarioa. Beraz, herriko ondare materiala eta ez materiala jasotea da egitasmoaren
helburua.
Lanaren beharrizana erakutsiz, Garaiko Udalak Gerediaga Alkartera jo eban, Erramun Osa alkatearen ustez erreferentziazko alkartea dalako: Herri baten ondare materiala eta ez materiala berbea jardunean; bizipenetan; kontakizunetan; belaunez belaun transmitiduten diran ohituretan; toki-izenetan; etxeetan gordeta, baliorik emoten ez deutsegun papeletan eta bestelakoetan islatzen da. Herri erakundeen zeregina da ahalegintzea horreek guztiak ikertu, arakatu eta batzea, ondoren datozenei transmitiduteko. Nondik datorren ez dakianak, zer izatera heldu dan barruratzen ez dauenak, enborrik ez dauen arbola bat emoten dau, azaldu dau Osak.
Gotzon Gomez Gerediaga Alkarteko presidentearen ustez, ondarea batzeak historia ulertzeko gakoak emon leikez. Herritarren kontakizunak entzunda eta etxeetan egon daitekezan dokumentuak aztertuta, Garaiko herriaren historian sartuko gara. Lana baliozkoa eta interesgarria izango dala uste dogu, azaldu dau Gomezek. Gerediaga Alkarteak lantalde bat osotu dau egitasmoa aurrera eroateko eta ikerlariek herritarrakana joko dabe informazinoa eta dokumentuak konsultetako helburuz.
Bizimodua aztertzeko alkarrizketak
Alkarrizketen funtzinoa Garaiko bizimoduari buruz berba egitea izango da, hainbat gairen bueltan: etxearen arkitekturea eta diseinua, ogibideak, elikadurea, errituak, kantuak, olgetak, eskolea, auzolana... Alkarrizketatu bakotxak bizi izan dauenetik eskainiko dau bere kontakizuna. Barriketaldi horreek bideoan grabauko ditue, aurerago sarean bistaratzeko asmoagaz.
Irudiak eta dokumentuak, joandako denporen isla
Irudi zaharrek joandako denporetako bizimodua islatu eta arrasto fisikoak erakusteko balio dabenez, material grafikoa batzea egingo da egitasmoaren barruan.
Beste alde batetik, baserrietan egon daitekezan dokumentu zaharrak askotarikoak dira, eta herriko historian zein ohituretan sakontzeko baliogarriak, izan be, familia, jaubetzea, nekazaritza-jarduerea eta komunidadeko hartu-emoonene irudi osoa eskaintzen dabe. Etxeetan gordeta dagoan ondare horren guztiaren inbentarioa egitea da Gerediaga Alkartearen eta udalaren nahia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
