Florence Ostende izentau dabe Programa eta Eduki Artistikoen Zuzendari
2026-06-16 08:34 KultureaGuggenheim Bilbao Museoan ibiliko da bagilaren 15etik aurrera.
Nazinoarteko hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Florence Ostende artearen historialari eta komisarioa Museoko lantaldeari batuko jako erakundearen ikuspegi artistikoa eta edukien garapen estrategikoa indartzeko asmoz. Aurrerantzean Ostende izango da Erakusketak eta Konserbazioa, Arte-ardurea, eta Hezkuntza eta Interpretazino sailen arduradun eta buru, eta Zuzendaritza Batzordeko kide be izango da.
Ostendek eskarmentu handikoa da arte moderno eta garaikidearen arloan: erakusketa garrantzitsuetan komisario-lanak eta lantalde artistikoen kudeaketa-lanak buztartu ditu, baita nazinoarteko lankidetzak sustatu be, eta arreta berezia jarten deutse publikoen parte-hartzeari eta edukien irisgarritasunari. Haren ibilbidean zehar, kultur erakunde entzutetsuetan ibili da, tartean Luxenburgoko Mudam – Musée d’Art Moderne Grand-Duc Jean museoan: 2024tik 2026ra birtartean Arte arloko zuzendaria izan da bertan. Denpora horretan, Ostende museoko programa artistikoaren buru izan da, eta bildumaren estrategiaz be arduratu da. Horrezaz gan, komisario-lanetan ibili da, besteak beste, Igshaan Adams: Between Then and Now erakusketan eta uda ostean zabalduko daben Kaihō 解放: Japanese Women Artists after 1945 atzerabegirakoan.
Mudamen hasi aurretik, Guggenheim Bilbao Museoko Programa eta Eduki Artistikoen Zuzendari barria Londresko Barbican Art Galleryn ibili zan arte-arduradun, 2016tik 2024ra. Bertan, kritikearen harrera bikaina izan eben erakusketak taiutu zituan mundu-mailako modernidadea, arte garaikidea, arkitekturea, performance eta historia kulturala buztartuz eta, horreei esker, entzutetsua zan nazinoartean. Barbicanen komisario-lanak egin zituan hainbat erakusketa monografikotan, besteak beste, Francis Alÿs, Carrie Mae Weems, Noguchi eta Michael Clark artistei eskainitakoetan, eta gaikako atzerabegirakoak bere landu zituan, zelan diran Into the Night: Cabarets and Clubs in Modern Art eta The Japanese House: Architecture and Life after 1945. 2016an Barbicanera heldu aurretik, Palais de Tokyon hainbat erakusketa antolatu zituan komisario lanetan, esaterako, Ugo Rondinone: I Love John Giorno eta Dioramas.
CIMAM erakundeko kidea da (Arte Modernoko Museo eta Bildumen Nazinoarteko Batzordea) eta Yto Barrada artistea 2026ko Veneziako Bienalerako Frantziako Pabilioiaren ordezkari izentau eban hautaketa-batzordeko kide izan zan. Horren aurretik, Dallas Contemporary museoko arte-arduradun laguntzaile izana zan, baita Ginebrako Arte eta Diseinu Unibersidadeko —HEAD— Artearen Teoria irakasle bere. Arte Garaikideko Komisariotza masterra (Royal College of Art, Londres), Artearen Historia masterra (Université Paris-Sorbonne) eta Ingeles Literatura masterra (Aix-Marseille Université) daukaz.
Guggenheim Bilbao Museoko Programea eta Eduki Artistikoen Zuzendari izateko izentapenaz honakoa esan dau Ostendek: ohore itzela da Guggenheim Bilbao Museoagaz bat egin ahal izatea museoak bere lanaren hartzaile diran komunidadeak eraldaketa betean dagozan honetan. Ilusionauta nago erakundearen legadu aparta goratu ez eze, konpartiduko dogun etorkizunak ekarriko deuskuzan aukerei eta gorabeherei tokia egingo deutsen programazino artistiko ausarta osotzen hasteko Museoko lantalde bikainagaz orpoz orpo. Alkarregaz jorratuko dogun ikuspegian, artistak eta euren ideak oinarri hartuta helduko deutsegu hezkuntzeari, ikerketeari eta herritarren parte-hartzeari, eta nazinoarteko ikusmirakaz hartu-emon sakonetan jarriko dogu euskal kulturearen aberastasun parebakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
