II. Bizkaiko Erromeria Egunean 20 taldetik gora batuko dira Lemoan
2026-06-17 08:50 KultureaUrriaren 17an, hain zuzen be.
Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizinoa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak aurkeztu dabe, bigarren edizino honetarako Lemoako Udalagaz lankidetzan. Urriaren 17an, zapatuan, Lemoan izango da. Aurkezpen-prentsaurrekoa Kotxepin Kultur Etxean izan da eta bertan Bizkaiko Euskera, Kultura eta Kiroletako foru-diputadu Leixuri Arrizabalaga, Lemoako alkate Esther Iturrioz eta Danok Pro kooperatibako Jon Gomez Garai bozeroailea izan dira. Aldundiko eta Udaleko zenbait ordezkari eta Bizkaiko Erromeria Eguneko bigarren edizinoan parte hartuko daben hainbat artista.
Leixuri Arrizabalagak ekin deutso Bizkaiko Erromeria Egunaren aurkezpenari: erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte dira, urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu dan lez, erromeriak be egokitu egin dira gaur egungo estiloetara eta, gaur aurkezten dogun ospakizun hau, horren adibide da. Arrizabalagak esan dau transmisinoa nabarmendu gura izan dabela: belaunaldien arteko jaia izatea nahi dogu, gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraietaz ikasteko aukerea emongo deusku ospakizuna».
Diputaduak berak lehenengo edizinoan azpimarratu eban Bizkaiko Erromeria Eguna urtero eskualdez eskualde egiteko jaio zan eta horregatik Durangaldetik Arratiara egin dogu salto. Eta Arratiaren ordezkari Lemoa aukeratu da, lurralde mailako jai handiak herri txikietara be eroateko jarrerea sendoa baita. Lemoa ondo kokatuta eta konektauta dago.
Esther Iturriozek alkateak nabarmendu dauenez Lemoa euskal tradizinoaren, musikearen eta kulturearen erdigune bihurtuko da urriaren 17an, eta pozez eta ilusinoz hartu ebela Aldundiaren erronkea, Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioa Lemoan atondu ahal izateko. Baliabiderik onenak bideratuko doguz erromeriazaleen egun handi hau herrian ahalik eta ondoen atontzeko. Baina esfortzuak merezidu dauela onartu dau alkateak, besteak beste, herriko eta eskualdeko alkarteen parte-hartzea be izango dauelako Bizkaiko Erromeria Egunak: Mendieta herri kirol alkartea, Durundi Barri jantza taldea, eskualdeko musikariz osotutako Eingo eta Merhezi taldeak, Arratiako Musika Eskolea eta bestelakoa be izango dira protagonista.
Bizkaiko Erromeria Egunak herri osoa erromeria giroz bustiko badau be, zehatz Arlonagusia futbol zelaiko aparkalekua, Kotxepin Kultur Etxearen aurrean dagoan aparkalekua eta parkea, eta Kotxepin bera izango dira hiru gune nagusiak, azaldu dau Iturriozek.
Lemoako eta Arratiako artistez gan —alkateak kontautakoak— Bizkaiko Erromeria Egunaren artistak nortzuk izango diran be deskubridu dau Jon Gomez Garaik, erromerietan urte luzez dabiza musikariz osotutako Danok Pro kooperatibako kideak: Korrontzi, Lorratz, Larrain Dantza herrikoia, Harribitxiko txistulariak, Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania trikitilariak, Ene Kantak, Kittu, Itsaso Arrietaren kantu ikastaroa, Igorrek Arantzarte jantza taldeko Jone Intsaustiren Arratiako jota ikastaroa, Matraka elektrotxarangea... eta 20:30etik aurrera gazte sentiduten diranentzako formatu elektroniko eta handiagoetako erromeriak: Lehian, Argitu, Zirkinik Bez eta Trikizio — azken hau bere sortzaile izan zea Xabi Arakama trikitilariaren buelteagaz gainera—.
Kalez kale eta tabernaz tabernako eskaintzeak be indar handia izango dau urriaren 17an Lemoan: Bizkaiko Gaiteroak, Ondalango erraldoi eta buruhandiak, Urrutia Anaiak trikitilariak, Izenbarekuak txarangea, Bizkaiko Albokariak...
Eta proposamen artistikoez gan, urriaren 17an herri-bazkaria, bertsolariak, herri-kirol tailer eta erakustaldiak, umeentzako puzgarriak eta bestelakoak be izango dira Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizinoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
