Uda Girok aurtengo udan be kulturea kalera atarako dau
2026-06-16 10:52 KultureaDanetara, hamahiru proposamen iragarri ditue.
Durango barriro be aire zabaleko agertoki handi bihurtuko da uda honetan Uda Giro 2026 programeari esker. San Agustín Kultur Guneak atondutako kultur zikloak hamahiru ikuskizun eta jarduera eskainiko ditu herriko parke, plaza eta gune publikoetan, bagilaren 23tik irailaren 5era.
Programazinoak edade guztietako herritarrei zuzendutako eskaintza anitza eta irisgarria proponiduten dau: zirkoa, antzerkia, musikea, jantza garaikidea, umeentzako zinema, magia, bertsolaritzea eta performancea izango dira aurtengo edizinoko diziplina nagusietako batzuk.
Jarduera gehienak Durangoko aire zabaleko espazioetan egingo dira, kultura herritarrakana hurbiltzeko helburuagaz. Eguraldi txarra egiten badau, emonaldi guztiek aterpeko gune alternatiboa izango dabe.
Zikloari hasierea bagilaren 23an emongo jako Otamotzena parkean, Zirko Txoskoren Oh-Pera! ikuskizunagaz, umorea, antzerki bisuala eta zirku garaikidea buztartzen dituan proposamen honek edegiko dau udako kultur programazinoa.
Bagilaren 29an, barriz, Tabira parkeak jardunaldi bikotxa hartuko dau: alde batetik, Oier Jurado magoaren Delivery ikuskizuna; eta bestetik, Gorka Pagonabarraga, Nerea Ibarzabal, Irune Basagoiti eta Gorka Lazkano bertsolarien saioa.
Kontuak kontu, programazinoaren zati handi bat garagarrilean eskainiko da: hilaren 2an, Beñat Achiaryk, Alaitz Murok eta Raúl García Etxeberriak inprobisazinozko performance bat eskainiko dabe Durangoko Arte eta Historia Museoaren 40. urteurrenaren harian atondutako ekitaldien barruan. Egun bi aurrerago helduko da Txema Muñozen Gota ikuskizuna, FETEN sarietan Kale Ikuskizun Onenaren Saria jaso eban eta Max Saria irabazi dauena.
Musikeak bere presentzia nabarmena izango dau aurten:
Garagarrilaren 9an, Botxo Boogies taldeak Juan Crisóstomo Arriaga, euskal Mozart izenez ezagutzen dan konpositorea omenduko dau. Nabarmentzekoa da taldeko kideen artean Iñaki Jaio durangarra dala.
Garagarrilaren 23an, Irati Bilbao musikari durangarrak bere lan barria aurkeztuko du, Bloom, hainbat arlotako musikariz osotutako talde bategaz.
Familiei zuzendutako proposamenen artean dagoz Kayara, Inka Gerraria animazinoko filmaren proiekzinoa eta Hortzmuga Antzerkiaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikuskizuna, Aroa Blanco durangarraren parte-hartzeagaz.
Jantza garaikideak be bere lekua izango dau programazioan, Larrua Produkzioaken Sangre y Klorofila eta DAB Dantza Konpainiaren Kea piezakaz. Lan biek nortasunagaz, memoriagaz eta kultura-paisajearen ingurukoakaz lotutako gaiak jorratzen ditue.
Abuztuko programazinoan zirkoa eta antzerkia izango dira nagusi. Vaiven Zirkoaren Anónima ikuskizunak gizarteak sarritan ikusezin bihurtzen dituan personak izango ditu berbagai; eta Oskar Lukok The Not-So-Green Man jantza-antzerki piezea aurkeztuko du, gizakiaren eta naturearen arteko hartu-emonak ardatz hartuta.
Programazinoari amaierea irailaren 5ean emongo jako BarSanti konpainiaren Kodizia Late Night tragikomediagaz. Umore kritikoa eta telebistako gaueko saioen formatua erabiliz, lanak osasun publikoaren egoereari eta aseguru pribatuen gorakadeari buruzko gogoetea planteetan dau.
Kontuak kontu, Paule Sanchez Kultura zinegotzi eta San Agustin Kulturguneko presidentak nabarmendu dauenez, Uda Giro 2026gaz, uda honetan Durango aire zabaleko agertoki handi bihurtzea
nahi dogu, kulturea herritar guztiakana hurbilduz eta gure eskualdeko tokiko talentuari balioa emonez. Programa honek askotariko diziplinak eta publiko guztientzako jarduera irisgarriak buztartzen ditu, espazio publikoetan parte hartzea, sormena eta topaketea sustatuz. San Agustin Kulturgunean kulturea ikusi ez eze, bizi daiten lan egiten dogu, gure parkeak eta plazak alkargune eta bizikidetza leku bihurtuko dituen esperientziak sortuz, Durangoko kultura sarea indartuz.
Uda Giro sendotu egin da, herritarrek udan zehar Durangoko hainbat gunetan askotariko kultur proposamenez gozetgako aukera bezela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
