15. 'Ibilbide Historikoak' programea, bagiletik irailera

Bizkaie! 2025-06-03 10:27   Kulturea

Guztira, bederatzi ibilbide eskainiko dira.

Ibilbide Historikoak programearen 15. edizinoak proposamen kultural eta historikoa egiten dau, bisita gidatuen bidez lurraldea bertatik bertara ezagutzeko. Bagiletik irailera, herritarrek aukerea izango dabe ondare-balio handiko lekuetan sartzeko eta disfrutetako, bisita espezializatuen bidez.

Bederatzi ibilbide eskainiko dira: burdinoletako ibilbideak, arkeologia-ibilbideak eta zin-bideak. Aurton, ibilbide arkeologikoen barruan, beste ibilbide bat eskainiko da: Basauriko Finagako kultur moltsoa. Toki historiko hori Malmasin mendiaren hegalean dago kokatuta eta bisita interesgarria da, Euskadiko sekuentzia historiko garrantzitsuenetakoa eskaintzen dau-eta: erromatarren garaitik XI. mendera artekoa hain zuzen be. Berton, sano garrantzitsua dan baseleizea eta nekropolia bisitau daitekez.

Ibilbide historikoetako bisita guztiak konsultetako, jo www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunera, deitu 688856689 telefono zenbakira edo bialdu mezua ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikora.

Ibilbide Historikoak programearen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, barriro be, aukera emon nahi deutso jenteari udan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta horreen naturea eta paisajea-ingurune parebakoa eta harrigarria ezagutzeko. Bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal Burdinolaren eta Arkeologi Museoaren aholkularitzea dabe, baita Bizkaiko historiako monumentu parebako horreen indusketa, ikerketa eta konserbazinoan parte hartu daben profesionalen aholkularitzea be.

Ibilbide Historikoak programeak bisita bereziak be eskaintzen ditu, informazino historiko eta arkeologikoagaz batera bestelako ikuspegi interesgarriak, esaterako: Tribisburuko nekropolian, biologo aditu batek adierazoko dau bertoko aberastasun botanikoak zer lotura dauan gure ingurunean gizakiak historian zehar izandakon bilakaereagaz; eta, Arratzun Arrolako oppidumaren inguruneko eta Urdaibaiko euskerearen ezaugarri eta berezitasunei buruz berba egingo dau bertoko izan handiko hizkuntzalari batek. Herri, auzo, erreka, mendi eta tontorren toponimia ezagutzeko aukerea be egongo da, baita izen horreen esangurea eta arrazoiak ezagutzeko be. Bestelako alderdiei buruzko informazinoa be emoten da: natura-guneak, bizimodu tradizionalak (esaterako, mendiko nekazaritzea eta abeltzaintzea), lanbide espezializatuak eta tokiko produktuen merkataritzea. Ganera, antxinako industriak deskribiduten dira, adibidez, errotak eta energia hidraulikoa, baita eraikin garrantzitsuak be: eleizak, kaperak eta baserriak.

Bestalde, Ereñozarreko gazteluko bisitea zeinu-hizkuntzan egin ahal izango da.

Burdinoletako bideak (Bagila)

Bisita gidatuen programea bagilean hasiko da, burdinoletako bideakaz. Ibilbide horreetan Bizkaiko industriaurreko historia ezagutarazo nahi da, ibaien arroei, inguruko basoen eta meatzaritzearen aberastasunari eta espiritu barritzaile eta ekintzaileari lotua. Burdinola, errotea eta tresna hidraulikoek oparotasun garaiak ekarri zituen.

Bisita gidatu horreetan parte-hartzen dabenek Barbadun (Enkarterri) eta Lea (Lea Artibai) ibaietako ur-bazterrak ezagutu ahalko ditue. Ibai-arro bi horreek kultura-ondasun bezela kalifikau dira (Lea 2015ean eta Barbadun 2017an), ibaiertzetako ondarearen berezitasuna dala-eta. Eraikin, presa eta ubideek, zubi eta bideakaz buztartuta, jarraitutasuna emoten deutse moltsoari eta burdinaren kultura-paisajeak interpretetan laguntzen dabe.

Barbadungo ibilbidea ibai enblematiko horri lotuta dago, izan be, Bizkaiko Jaurerriko burdinola eta erroten industriaren motorretako bat izan zan. Ibaiak, landaratzea eta ibaiertzeko basoek sortzen daben atmosfera lasaian, harridura sortzen dabe bidean dagozan burdinolen istorioek. Bisitauko diranen artean ondoko honeek dagoz: Llantada burdinola (Sopuerta), Ballibiako errotea eta burdinola (Galdames) eta El Pobal burdinola ezaguna (Muskiz). Ganera, El Pobal Bizkaiko burdinola-museo bakarra da: garai haretako makineria osoa gordeten dau eta martxan ikusteko aukerea dago.

Lea ibaiaren burdinolaren ibilbidean, bisitariek ibilkune horren edertasunaz disfrutauko dabe: han-hemenka burdinolak eta errotak ikusi daitekez, torre, jauregi, baserri eta baseleizakaz batera. Pedro Bernando Villareal de Berriz ibai-injineru ospetsuaren errastu nabaria dago ibilbide horretan, besteak beste, Bengolea torretxea eta burdinola eta Marierrota marea-errotea ikusi daitekez. Lea ibaiaren burdinolaren ibilbideak Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio udalerriak zeharkatzen ditu.

Ibilbide biak oinez zein autobusez egin daitekez.

Ibilbide arkeologikoak Urdaibain, gure historia lurpetik ataretan (Garagarrila eta abuztua)

Urdaibaiko ibilbide arkeologikoen bidez, Urdaibaiko eta Bizkaiko Historiaren 5.000 urteko historia ezagutu ahal izango da, Neolitotik Erdi Arora artekoa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paisajeaz disfrutetan dan bitartean.

Urdaibaiko eta Basauriko aztarnategi arkeologiko nagusiak garagarrilean eta abuztuan bisitetako aukerea eskaintzen jako jenteari. Ibilbide arkeologikoen egutegiak era guztietako bisitak batzen ditu: tren turistikoan; oinez; arkeologiako, biologiako, toponimiako eta euskal filologiako adituen eskutik; baita bisita bereziak zeinu-hizkuntzan be. Ganera, programeak bidaia proponiduten dau denporan zehar: errealidade birtualaren bidez, Foruko erromatar herrixkara eta Arrolako oppidumera eroanez.

Beste alde batetik, jarduera erakargarria da Foruko erromatar herrixkan arkeologo-taldea lanean ikustea. Talde horren ikerketeei esker, 2018an topautako eraikin termal bateko jardueren zirkuituko gela batzuk identifiketea lortu da.

Kultura eskaintza horrek, Bizkaiko historiako jazoera erabagigarriak ezagutarazoteaz gan, natura-ingurunearen eta ondarea jagotea eta jasangarritasuna bermatu nahi ditu. Horregaitik, bisitak talde txikietan egingo dira: oinez eta, beste kasu batzuetan, tren turistikoan, persona gehiagok parte hartu deien.

Programeak sei ibilbide gidatu eskaintzen ditu ondoko aztarnategi arkeologikoetan: Arrolako oppiduma (Arratzu), Foruko erromatar herrixkea, Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño), Katillotxuko estazino megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia) eta, aurtongo barritasuna, Finagako kultur moltsoa.

- Arrolako oppiduma (Arratzu).

Arrolako oppiduma (Arratzu) Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia ezagutzeko bisita birtuala izango da. Tableta erabiliko da horretarako.

Arrolako oppiduma Kantauri Ekialdeko erromatarren aurreko herrixka garrantzitsuenetako bat da. Arrola mendian kokatuta, Burdin Aroko sekulako talaia eta defentsa-injinerutzearen erakusgarria da. Bisitea osotzeko, Arrolagune interpretazino-zentroan (Arratzu) Arrolako oppidumeko etxebizitzea erakusten da, garai hartako bizimodua adierazoteko.

- Erromatar herrixkea (Forua).

Foruko erromatar herrixkara egindako bisita birtualak joandako denporetara eroaten deusku, Kristo ondorengo I. mendeko herrixkara. Tabletaren bitartez, herrixkea orain ia 2000 urte zelakoa zan ikusi ahal dogu. Holan, historia eta kultur ondarea herritarrakana gehiago hurreratzea lortzen da.

Foruko erromatar herrixkea Kristo ondorengo I. mendekoa da eta Elexalde mendixkan dago, Oka ibaiaren ezkerraldeko ibaiertzean, Urdaibaiko bihotzean. Herrixkea ezeze, Tourseko San Martin eleizea be bisitetan da. Eleiza horren zoru beiraztatuaren azpian, besteak beste, erromatarren foroaren parte ziran eraikin ikaragarri handien eta antxinako nekropolien errastu baliotsuak dagoz.

- Tribisburuko nekropolia (Bermeo).

Erromatarren garaiko errausketarako nekropoli baten hilobiak eta hileta-errituak ikusi daitekez. Nekropolia Sollube mendian dago eta orain 2000 urte Urdaibaiko alde horretan bizi ziranek erabiltzen eben.

- Ereñozarreko gaztelua (Ereño).

Ereñozar mendiaren tontorra gaur egun Urdaibaiko estuarioaren zelataria da eta holan jarraitzen dau 1000. urtetik, gitxi gorabehera. Tontorrean kokatutako baseleiza txikian kondairak eta historiak batzen dira. Berton, XI. eta XIII. mendeen artean jardunean egon zan gaztelu baten eta geroagoko nekropoli baten errastuak ikusi daitekez. Nekropoli horretan, Ereñozar mendiaren oinetan egozan herrixketako biztanleak lurperatzen zituen, XVI. mendean Ereñoko eleizea eregi baino lehen.

- Katillotxuko estazino megalitikoa (Busturia, Sukarrieta, Mundaka).

Bizkaiko historiaurreko hileta-ohitura eta errituak ezagutzeko ezinbesteko bisitea. Ibilbidea oinez egiten da, Katillotxu mendiko paisajea ikusgarrian trikuharriak eta tumuluak gertutik ikusten diran bitartean.

- Finagako kultur moltsoa.

Finagako San Martin baseleizea Malmasin mendiaren hegalean dago eta inguru guztia inportntzia handiko kultur moltsoa da Bizkaiko historia ezagutzeko. Baseleizea Euskadin konserbetan dan kristau-kultuko lehenengo tenpluetako bat da; nekropolian, erromatarren aurreko eta erromatarren garaitik XI. mendera arteko lurperatze-moltso parebakoa konserbauta. Hainbat garaiko bilduma baliotsu horrek Bizkaiko arkeologiaren erreferente bihurtu dau Finagako San Martin, baita informazino garrantzitsua eta aurkikuntza harrigarriak be.

Bizkaiko zin-bidea. Gernikako Arbolatik harago (Iraila).

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2025eko Ibilbide Historikoak programea irailean amaituko da, Bizkaiko Zin-bidea ibilbideagaz. Bizkaiko Zin-bidea Bizkaiko Jaunak foruen zina egiten eban tokietatik pasetan da. Gure lurralde historikoaren bihotza zeharkatzeko eta identidade politikoaren jatorria ezagutzeko modu interesgarria da. Ondarea, historia, mendi-ibiliak eta paisajea.

Ibilbidea hiru etapatan egiten da eta modu bitara egin daiteke: oinez hiru egunetan edo autobusez goiz bakar batean.

Zin-bidea Bilbon hasi, Gernika-Lumon erdigunea eta Bermeon amaitzen zan. Ibilbide horretan, Bizkaiko foruen zina egiten zan lekuak eta monumentuak ezagutuko dira. Gure historia eta Bizkaiko foruen esentzia dira esperientzia horren ardatz nagusia eta aukera parebakoa da gure ondare historiko ezezagunena eta Bizkaiko barrualdeko eta kostaldeko paisaijeen aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu