'Etorri euskarara!' ikastaroak eskainiko ditue AEKk, UEMAk eta bere barruko udalek

Bizkaie! 2025-05-30 08:06   Euskerea berbagai

Euskeraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta.



Etorri euskarara!
egitasmoa aurkeztu dabe AEKk, UEMAk eta Aizarnazabalgo Udalak. Egitasmoaren helburua da euskeraz ez dakiten gurasoek euskerea modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan eta eskola-orduetan. Horretarako, ziurtagiriak ez eze, AEKk gurasoen beharretara egokitutako metodología atondu dau, honako helburu honeeka: seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko hartu-emonetarako oinarrizko ezagutzak eskuratzea eta euskerea lehenesteko estrategiak lantzea, haree eguneroko komunikazino-egoerak euskeraz izan daitezan.

Holan, AEKko Nazino Kontseiluko kide Aize Otañok ondokoa adierazo dau: AEKko erronketako bat da Euskal Herrira etorritako gurasoak euskalduntzea eta zubiak eregitea, euskal komuniddtearen parte izan daitezan. Ondorioz, guraso horretara heltzeko, aparteko garrantzia dau, hareen kulturea errespetertea eta zubiak noranzko bietan eregitea, herriaren eta herritarren identidadeak sedotzeko. Azken helburua da, herri eta herritarren nortasuna eregitean, euskerea erdigunean jartea.

Otañok, barriz, eskerrak emon deutsee proiektuan parte hartuko daben herrietako udal guztiei: kostua ordaintzeagaitik ikastaroak doban izan daitezan, herritarren eskubidea baita euskerea doban eta eroso ikastea; azkenik, UEMAren lana be goraipatu dau: alkarlanerako prest dagozalako eta euskerearen normalizazinoan egiten dauen esfortzuagaitik, arnasguneak bultzatuta.

AEKko Irakaskuntza-arduradun Maialen Otegik, barriz, azaldu dau AEKk berariazko metodologia landu dauela, gurasoon ikasprozesuan eta eguneroko erabileran eragiteko: arlo bi jorratuko ditugu horretarako: batetik, eskoletan, edukiak eta estrategiak eskainiko deutseegu, hizkuntzea barruratu eta euskerazko komunikazinoa errazteko; bestetik, garrantzia emongo deutsagu eskolez kanpoko lanari, bestelako ekintzak planteauta: adibidez, saio edegiak ikastetxeko gainerako kideakaz edo/eta kultura-agendan parte hartu deien bultzatu. Horregaitik, dei egiten deutsegu Etorri euskarara! ikastaroak martxan jarriko diran herrietako guraso euskaldunei bidelagun izan daitezan, izan be, komunidade bienen arteko zubiak eregitea ezinbestekoa da euskerea hizkuntza soziala izan daiten, etxekoa, kalekoa eta ikastetxekoa”.

Aize Otaño AEKren Nazino Kontseiluko kideak adierazo dau metodologiaren barritasuna dala gurasoek egunerokoan behar daben euskerea jomugan jartea, arlo akademikotik harago, hizkuntza soziala izan daiten, etxekoa, kalekoa, ikastetxeko jardunari erreparetan deutsona; bihar-etzi guraso horreek hiztun aktibo izatea da helburua, erabilerarako gitxienekoak ezagututa.

Ikastetxean bertan eta doban

Ikastaroak doban izango dira eta UEMAko udalek finantziauko ditue Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako udalerrien kasuan, UEMAko udalek, eskualdeetako mankomunidadeek eta UEMAk berak finantziauko ditue.

Martin Aramendi UEMAko buruak ondokoa nabarmendu dau: estrategikoa da egitasmoa, izan be, ikastaroek euskerara hurreratzeko aukerea emongo deutse gurasoei, arlo akademikoa alde batera lagata, beren eguneroko zereginetan erabilteko. Gurasoak euskarara hurreratzea ezinbestekoa da hareen seme-alabek etxean euskerearen aldeko diskursoa jaso eta ikusi deien euskerea badala lotzen gaituena, gure hizkuntzeak merezidu dauela ikastea zein erabiltea. Aramendik uste dau euskerearen beste ikuspegi bat izan leikiela ikastaroan izena emoten daben gurasoek zein hareen familiek.

Egitasmo hau Euskerea eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan proiektuaren harian sortu da. Badira lau urte UEMAk, HUHEZIgaz alkarlanean, Zaldibian proiektu hori martxan jarri ebanetik. Ekimenak harrera ona izan dau, eta dagoeneko 40 herritan dago martxan. Hain zuzen, proiektua martxan dan udalerrietan eskainiko dira Etorri euskarara! eskolak.

Aizarnazabalen hiru ikasturte daroez egitasmo hori eskolan zein herri-mailan lantzen. Mari Karmen Arregi alkateak balorazino ona egin dau: euskerea eta kulturartekotasuna egitasmoak aldaketak ekarri ditu gure herrian. Hizkuntza eta kultur aniztasuna oinarri dituan begiradea eskaini deusku eta egunerokoan dogu begirada hori gogoan. Halan da be, Arregik esan dau proiektuak erronkak be azalarazo dituala: Aizarnazabalgo hizkuntza guztiei keinu egin nahi deutsegu baina zubi-hizkuntzea euskara izatea da gure helburua. Horretarako, gurasoen gaitasunean eragitea beharrezkoa da, gehiagok, gehiagotan eta gehiagogaz egin daigun euskaraz. Esangura horretan, alkatearen arabera, pare-parekoa da ikastaroa, benetan ikasleek behar dabena eskaintzen dauelako.

Aurrematrikulea

Urrian hasiko dira ikastaroak eta 150 ordukoak izango dira. Astean saio bi eskainiko dira, bina ordukoak. Ikastetxean bertan eta eskola-orduetan eskainiko dira. Dagoeneko zabalik dago aurrematrikulea, ekainaren 30era arte.

Izena emoteko aukera egongo da ikastetxe zein udaletan. Datozen egunetan jasoko dabe gurasoek informazino guztia, ikastetxe zein udalen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu