Loraldia, euskerazko sormenaren bihotzean
2025-05-28 09:55 Euskerea berbagaiBagilaren 23tik 26ra, proiektu garrantzitsu bi atondu ditue Lekeition.
Loraldiak proiektu garrantzitsu bi jarriko ditu martxan bagilaren 23tik 26ra Lekeition, euskerazko sormena eta kultura garaikidea sustatzeko helburuagaz. Batetik, Lekeitioko Sormen Asteak egitarau artistiko eta kultural barritzailea eskainiko dau laugarrenez, formatu txikian; bestetik, Udako Sormen-egonaldiak gazte sortzaileei topagune eta lan-eremu egokia eskainiko deutse, artista ezagunen tutoretzapean.
Ekimen biek bat egiten dabe datetan, baita euskerazko kulturearen garapenean daben garrantzian be.
Lekeitioko Sormen Astea: euskerea sormenaren erdigunean
Lekeitioko Sormen Asteak bagilaren 23tik 26ra bitartean, euskerazko kultura garaikidea eta barritzailea izango dau ardatz. Berton, musikea, teatroa, ikus-entzunezkoak, literaturea, jantzea eta esperientzia digitalak buztartuko dira, herriko hainbat txokotan.
Beraz, astean zehar egunero jarduera bat eskainiko da, eta horren ostean, sortzaileekaz berbaldia egiteko aukerea izango da. Ondoko honeek dira atondutako jarduerak:
- Bagilak 23: Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrikaren Hitzaurrea esperientzia digitala. Herriko plazatik hasita, arratsaldeko 20:00etan. 70 min iraungo dau eta telefonoa eta aurikularrak eroatea eskatzen dabe. Doban.
- Bagilak 24: Lide Hernando eta Maria Urcelayren Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan antzezlana eta ikus-entzunezkoa. Ikusgarri Aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 10 euroren truke hemen (Lorazainek: 8 euro).
- Bagilak 25: Ines Osinaga, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egigurenen Itsasoa da bide bakarra. Musikea eta jantzea. Ikusgarri Aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 10 euroren truke hemen (Lorazainek: 8 euro).
- Bagilak 26: Ana Galarraga eta Pettiren Frankenstein agurgarria. Miren Agur Meaberen parte-hartzeagaz. Literaturea eta musikea ikuskizuna. Azkue Aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak 10 euroren truke hemen (Lorazainek: 5 euro).
Loraldiak atondutako ekimena da, Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Naiz eta Danobat dira laguntzaileak.
Udako Sormen-egonaldiak: gazte talentuari bultzadea
Loraldiaren Udako Sormen-egonaldiak bagilaren 23tik 26ra bitartean egingo dira Lekeition. Berton, 7 proiektu hautatu dira, guztira 19 gazte sortzaileren parte-hartzeagaz.
Espazioa, denporea eta tutoretza profesionala eskainiko jake parte-hartzaileei, euren sormen-proiektuak garatu ahal izateko.
Tutoretza talde bakotxeko eragileentzat erreferente diran sortzaileek eskainiko ditue. Besteak beste, Izarok eta Ines Osinagak edota Hortzmuga Kale Antzerki Konpainiak eskainiko deutsee laguntzea sortzaile gazte horreei. Halanda ze, lau egunetan zehar, diziplina ugarietako sormen barriei hastapena emoteko aukerea izango dabe gazteek.
Hautatutako proiektuak ondoko honeek dira:
- Irhitzi, Maddi Etxeberria (Musikea eta literaturea).
- Zitekeenaren galdera batzuk, Gari Arambarri (Ikus-entzunezkoa eta gidoigintzea).
- Ibiltariak kaleetan zehar, Oier Agirre, Maite Gandia, Nerea Sanz eta Hekthor Briñas / Folk (Kale Antzerkia, musikea eta performancea).
- Harremanak, Lide Arrieta eta Noa Andueza (Literaturea).
- Amultsuki, Joane Zarragoitia, Antia Lopez eta Jone Muruzabal (Musikea).
- Ximurrak, Gontzal Royuela (Teatroa eta dramaturgia).
- Bertikaltasunetik haratago, Nora Urdanpilleta, Markel Urrestarazu, Pino de Pablos, Nerea Sanz eta Aritz Castillo (Teatroa, jantzea eta performancea).
Sormen-egonaldiak diziplina anitzeko gazte sortzaileen sormen-prozesuak sustatzea dau helburu. Ekimena Loraldiaren eskutik dator eta Lekeitioko Udalak, Naiz Irratiak, Laboral Kutxak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!