Europako Batasunak euskereari ofizialtasuna ukatzea erabagi dau
2025-05-28 07:51 Euskerea berbagaiEuskalgintzearen kontseiluak Espainiako PPren jarrera euskarafoboa kritikau dau.

Europako Batasuneko Gai Orokorren Kontseiluak baztertu egin dau euskera, katalana eta galiziera hizkuntza ofizial modura onartzeko proposamena bozkatzea. Euskalgintzearen Kontseiluak, euskerearen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusiak, erabagia salatu eta hizkuntza gitxituen normalizazinoan eta bizibarritzean aurrera egiteko aukerea galdu dala adierazo dau. Holan, ofizialtasuna egikaritu arte lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dau, eta dei egin deutsee estadu, administrazino, alderdi politiko eta eragile guztiei jarreari eutsi deiotsen.
Euskalgintzearen Kontseiluaren arabera, euskerea, katalana eta galizierea ofizial egitearen kontra emondako arrazoi teknikoak baino traba politiko dira gehiago, besteak beste, politikan oinarrizkoa dlako baliabide ekonomikoak eta bestelakoak zelan bideratu eta zelan banatu erabagitea helburu egokiak lortzeko. Euskereari, katalanari eta galiziereari ofizialtasuna autortzea bide bat da Europako beste hizkuntza gitxituei be autortza bera egiteko. Bidea da herritarren bardintasunean, gizarte kohesinoan, justizia sozialean eta bizikidetzan sakontzeko. Balio horreei arrazoi teknikoak kontrajartea hautu politikoa da.
Horren adierazgarri argia dira Espainiako Alderdi Popularrak azken asteetan egindako adierazpen eta mobimentu politikoak, Europako eskuineko eta eskuin-muturreko gobernuei presinoa eginez botaziboa oztopati deien. Holan, alderdi honen jarrera euskarafoboa eta atzerakoia gogor salatu ditu Euskalgintzearen Kontseiluak, izan be, hiru hizkuntza gitxituen ofizialtasuna onartuko balitz, aurrerapausu garrantzitsua litzateke horreen normalizazino eta bizibarritze prozesuan. Produktuen etiketak, botiken erabilera-orriak, edota hainbat jakinarazpen eta iragarki ofizial euskeraz be egin beharra ahalbidetuko leuke; Europako Komisinoak bideratzen dituan hezkuntza eta kultura programa askotan euskerazko proiektuak bultzatu ahalko litzatekez edota administrazino eta erakundeen arteko hartu-emonak euskeraz izatea ahalbidetuko leuke, bai Euskal Herri mailan, baita Europako Batasuneko erakundeakaz be.
Horrezaz gan, maila politikoan, euskerearen ofizialtasunaren aldeko aldarria indartuko litzateke, agirian itxita euskerea oraindino ofiziala ez dan eremuetako hainbat kontraesan. Esaterako, edozein herritar, erakunde zein enpresak euskeraz jardun ahalko leuke Europako instituzinoaka baina ez, ostera, bere herriko udalagaz. Gainera, Europak gero eta indar handiagoa dauka hizkuntza politiketan. Dagoeneko 500 baino gehiago dira Europako Batasunean ofizialak diran hizkuntzak bultzatu eta indartzen dituen erregelamendu eta zuzentarauak. Holan, ofizialtasun ezak, neurri horretatik eta etorriko diranetatik kanpo itxiko leuke euskerea. Ondorio praktikoetan, euskereak dauen estatusa balioa galtzen doa egunez egun, desofizializazino prozesu bat eraginez.
Euskalgintzearen Kontseiluak gogorarazo dau euskeraz bizi nahi daben herritarren eskubideak bermatzeko bestelako lehentasunezko neurri batzuk badirala, horreen eguneroko bizitzan eragin zuzena izango leukienak. Esaterako, Espainiako Estaduaren menpean dagoan justizia administrazinoan euskerearen erabilerea baimentzeko Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, edota martxan dan oldarraldi judizialari etena jarteko lege aldaketea bideratzea.
Esangura horretan, Europako Ministroen Kontseiluak Espainiar Estaduari eta Nafarroako Gobernuari behin baino gehiagotan agindu deutse Nafarroako zonifikazino linguistikoagaz amaitu eta euskerearen ofizialtasuna eremu osora zabaltzeko, hori dalako nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!