'Sekulakoa izan da Euskaraldiak sortu dauen mobimentua'
2025-05-26 12:40 Euskerea berbagaiHarro egoteko moduan gagoz euskaltzale guztiok.
Atzo, hilak 25, amaitu zan Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskerara gerturatzeko 11 egunetako ariketa praktikoa. Milaka lagun, boluntario eta langile batu ditu beste behin be ariketeak. Harro egoteko moduan gagoz euskaltzale guztiok.
Hamaika egun honeek posible izan dira, aurretik beste dozenaka hilabete prestaketa lanetan pasau dituelako batzorde, entidade eta lantalde askotan.
Euskaraldiaren lehen balorazinoa egiteko Bilbon batu dira Euskaraldiko koordinazino mahaia osotzen daben erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mobimenduko lehendakaria; Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea - Euskerearen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Aitor Aldasoro Iturbe, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea; David Aire, Euskerearen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko hartu-emonen arduraduna; eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazino orokorreko kidea.
Atontzaileen esanetan: 450 herri izan dira, Euskaraldian ibili diranak. Benetan barri pozgarria da euskerearen bizibarritzean lanean dabizen eragile eta norbanako guztientzat.
Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua izan da tokiz toki sortzen diran batzorde horreek sustatzea, informazinoa emotea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea.
Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskerearen inguruko mobimendua sortzea zan Euskaraldiaren lehen egiteko bat, garrantzitsua oinarria sortzeko eta Euskaraldia zein bestelako ekimenak aurrera eroateko. Helburu horri erantzuteko asmoz sortu zan Euskara aktibatzaileen gida-liburua eta liburuaren aurkezpenean batu ziran, 2024ko irailaren 26an, 200 lagunetik gora Eibarren, Euskaraldiaren lehen urratsak emoteko.
Orokorrean batzordeen osasunaren seinale da tokian-toki sortzen dan mobimendua eta ekintzak atontzeko gogoa; horri erreparauta, herri eta auzoetan ekitaldi ugari atondu ditue. Horrek eroan dau euskeraz berba egiteko aukerak biderkatzea 11 egun horreetan be.
Euskaraldiaren barrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketea, udagoienetik udabarrira pasa da-eta. Aldaketa oso ondo baloratu dabe batzordeek eta gainerako eragileek, horrek aldartean eta giroan onurea eroan dauelako bai herrian eta baita batzordekideen artean be.
Entidadeak, goranzko bidean
2020an, Euskaraldiaren bigarren edizinoan, lehen aldiz proponidu jaken entidadeei Euskaraldian parte-hartzeko. Atontzaileek uste eben entidadeak euskerearen erabilerean eragiteko ezinbesteko guneak zirala, bai entidade barruan euskerearen erabilerea zabaltzeko eta baita bertoko kideen artean Euskaraldiaren helburuak betetzeko be.
Laugarren edizinoak erakutsi dau, barriro be, mueta guztietako entidadeek euskerearen erabilerean saltua emon nahi dabela eta hori ahalbidetzeko pausuak emoteko prest dagozela.
Euskaraldiaren laugarren edizinoan 7.500 entidadetik gora parte hartu dabe, euren kideen artean Euskaraldia sustatuz. Aurreko urteetako izen-emote kopurua gainditu dau laugarren edizinoak.
Belarriprest eta ahobizi
Ia 135.000 lagunen izen-emotea izan da. Halanda be, nahi baino txapa gitxiago ikusi dira kalean eta hori aztertu beharrekoa da. Persona askok txapea hartu dabe, baina jarri ez. Txapea ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko.
Kontuak kontu, euskerearen erabilerea erdigunean jarri dau, barriz be, Euskaraldiak. 11 egun horreen bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, euskerearen inguruan berba egin da, erabilerean eragin beharra azpimarratu da. Izugarria izan da ariketak sortu dauen mobimentua.
Orain aurrera begira jartea toketan da, ariketearen inguruko balorazino sakonagoa egitea hain zuzen be, hurrengo Euskaraldia arabere hobeagoa izan deian. Balorazino hori egiteko garrantzitsua da Euskaraldian parte hartu daben belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotea, horretarako eskatu nahi deutse parte-hartzaile guztiei https://euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartu eta ariketean bizitakoak partekatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!