Bagilaren 1ean hasiko da V. Argi Baltza Sariketea
2025-05-26 10:15 BertsolaritzeaMendatako Elizoste Aretoan.

Datorren domekan, bagilaren 1ean, Mendatako Elizoste Aretoan arratsaldeko 18:00etan hasiko da V. Bertsolari Gazteen Sariketea, Argi Baltza izenekoa hain zuzen be. Bertso onenaren eta finalerako pasearen lehian ibiliko dira Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao, Koldo Muñiz, Araitz Katarain, Jon Gurrutxaga eta Idoia Granizo. Parte-hartzen daben bertsolariak 18 eta 30 urte bitartekoak dira.
Lilibertsok atondutako jaialdiaren helburua eskualdeko bertsolari gazteei plazea emotea da. Txapelketea 2021ean sortu zan Gernika-Lumoko Lilibertsoren eskutik, 2019an hil zan Muxikako Jon Lopategi bertsolariaren ibilbide emonkorra autortzeko.
Bigarren saioa Ajangizeko Udal Frontoian izango da, bagilaren 8an. Berton parte hartuko dabe Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Alexander Idoeta, Ixone Asategi, Aitor Bizkarra eta Danel Herrarte bertsolariek.
Hirugarren saioa, barriz, Gautegiz-Arteagako Aretxederreta Kultur Etxean jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan. Berton izango dira Koldo Geruzaga, Iker Uriarte, Haizea Telleria, Maider Arregi, June Aiestaran eta Ibai Lekuona.
Hiru saioak jokatu ostean, onenak bagilaren 21ean Muxikan jokatuko dan finalean izango dira.
Atontzaileek ondokoa adierazo dabe: badator Argi Baltza sariketea! Betiko lez, bagilean domekaro saio bategaz disfrutetako aukerea izango da. Busturialdeko herrietan Euskal Herri osoko bertsolariakaz disfrutauko dogu. Nor pasauko ete da finalera? Zein da zure gogokoena? Animau!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!