Bertso Ardatz Bizkaiko egoitzetara bueltau da

Bizkaie! 2025-05-23 13:08   Bertsolaritzea

Memoria eta ondoizate emozionala sustatzea da asmoa.



Igazko lehen edizinoan izandako erantzun bikainaren ondoren, barriro jarri dabe martxan Bizkaiko Foru Aldundiak edadekoentzako udal-egoitzaka lankidetzan sustatutako Bertso Ardatz kultura-ekimena, egoiliarren memoria, adierazpen emozionala eta gaitasun kognitiboak sustatzeko bertsolaritzearen bidez, hau da, euskal kulturearen adierazpen adierazgarrienetakoaren bidez.

Saioetan, bertsolariek eta egoiliarrek gomutak, bizipenak eta anekdotak konpartiduten ditue bertsoen inprobisazinoaren bidez eta hurreko giroa eta parte-hartzailea sortzen dabe. Esperientziak erakutsi dau oso onuragarria dala, bai buruari aktibo eusteko, baita parte hartzen dabenen lotura sozialak eta emozionalak indartzeko.

Bigarren edizino honetan, 2024an proiektuan parte hartu eben zentroek parte hartuko dabe barriro: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxano. Zikloa joan dan astean hasi zan Gernikan, eta egoitzaz egoitza ibiliko da garagarrilaren 7ra arte; azkena ekimena Markinan izango da.

Personea ardatz dauen metodologia

Saio bakotxa egin baino lehen, egoitzetako dinamizatzaileek edadeko personakaz batera lan egiten dabe, bertso tradizionalen eta herri-kantuen inguruan dituen gustuak eta lehentasunak identifiketako. Informazino hori bertsolariei helarazoten jake eta, holan, saio personalizatuagoak eta esanguratsuagoak prestetak aukerea dabe. Horri esker, indartu egiten da artisten eta parte-hartzaileen arteko loturea.

Onura emozionalak eta sozialak

Bertso Ardatzen onurak entretenimendutik harago doaz. Jarduera horrek bizi-kalidadea eta osasun mentala hobetzen laguntzen dau, baita bakardadeari eta depresinoari aurre egiten be, umorearen, artearen eta interakzinoaren bidez. Horrezaz gan, kideen arteko alkarrizketak sustatzen ditu eta bizipenak konpartidu eta komunidade-sentimendua indartzeko espazioak sortzen dira.

Proiektuaren helburua da edadekoak euskal kulturearen protagonista aktibo bihurtzea eta, horretarako, kultura-esparruan daben zeregina indartzea, maila emozionalean aberasgarria, ondo pasetako eta parte hartzeko jarduera baten bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu