Lanera proiektua jarri dabe martxan

Bizkaie! 2025-05-23 13:01   Euskerea berbagai

Lan munduan euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzeak Lanera izeneko proiektua jarri dau martxan, lan munduan eta eremu sozioekonomikoan euskerearen erabileran aurrera egiteko. Euskerearen etorkizunerako oinarrizko eremua da, izan be, gure bizitzako 30 urte baino gehiago emoten ditugu lanean eta eremu horretan euskeraz egin ahal izatea salto kualitatiboa izango da hizkuntza-ohituretan eta hizkuntzearen erabilerearen aurrerapenean, ziurtatu dau Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Lanera proiektua aste honetan jarri da martxan, EAEko udalerri guztiei entzuteko lehen fasean eta beste lau fase izango dira 2026aren amaierara arte.

Bagilean zehar (aurreikusitako bost faseetatik lehena), Eusko Jaurlaritzeak erkidegoko udalerri guztietan (252) eremu sozioekonomikoan egiten dabizen ekimenak ezagutzeko aukera izango dau. Holan, martxan dagozan ekimenen mapea sortuko da, baita lehentasun partekatuen hautaketea enpresetan euskerea bultzatzeko be. Kanpezun izandako batzarrean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazo dauenez, euskerea lan-tresnea bihurtzen danean, aukera barriak sortzen dira.

Aldasorok adierazo dauenez, lan eremuan eta eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea handitzea Eusko Jaurlaritzeak ezarritako lehentasunezko bost jarduera-eremuetako bat da, euskerearen erabilerea sozialean saltu kualitatiboa emoteko. Ganerako eremuak ondokoak dira: hizkuntzearen ezagutzea eta ikaskuntzea sustatzea; eremu digitalean presentzia izatea; gizarte hartu-emonak; eta, hizkuntzeari prestigioa emotea.

5 fase

- 1. fasea: Entzutea.

Aste honetatik eta bagilaren amaierara arte, Eusko Jaurlaritzeak EAEko udal guztiekaz (252) kontrastauko ditu eskualdez eskualde egindako batzarren bidez (25 batzar: 22 bailara eta hiru uriburu), orain arte udalek hasitako ekimenak eta guztien artean lehentasun partekatuen hautaketa egingo dabe. Aste honetan hasi dira batzarrak Agurainen, Murgian, Guardian eta Kanpezun.

Holan, Eusko Jaurlaritzea udaletara hurreratu da, herritarrakandik hurrago dagozen erakundeetara, eta behetik gorako hartu-emonak landu dira. Aldasororen ustez, euskereak lidergo partekatua behar dau, eta horregaitik herrialdeko hizkuntza politika zuzentzea jagokunean, uste dogu erakundeok eta enpresak eskutik helduta egin behar dogula lan.

- 2. fasea: Diagnostiko partekatua eta lehentasunak.

Fase honetan, Jaurlaritzeak, gainerako eragileekaz batera, diagnostiko partekatua egingo dau eta lehentasun nagusiak ezarriko ditu: 1. fasetik ataratako datuakaz ondorioak zehaztuko dira. Aurreikusita dago fase hori irailean egitea.

- 3. fasea: kontrastea eta ekimenak martxan jarri.

Urrirako eta zemendirako aurreikusitako fasean, Eusko Jaurlaritzeak udalei emongo deutse entzunaldiaren emoitzen (diagnostikoa eta lehentasun komunak) barri. Aldi horretan hiru lurraldeetako enpresakaz jorratu daitekezan ekintza espezifikoak zehaztuko dira eta horreen eraginkortasuna neurtuko da, udalerrietarako eta enpresetarako gidea izan daitezan.

- 4. fasea: industriara, merkataritzara eta ostalaritzara hurreratzea eta sarea osotzea.

Lanera proiektuaren aldi horretan, eskualde bakotxeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta egindako ekimenak enpresei helarazoko jakez. Martxan jarritako ekimenen eta etorkizuneko planen barri emango jake.

- 5. fasea: Enpresak atxikitzea.

Aldi horretan ibilbide-orri komuna egongo da zehaztuta eta enpresei Lanera proiektuari atxikitzeko aukerea eskainiko jake.

Lanera proiektua

Lanera izeneko proiektuak berba-jokoa egiteko asmoa dau. Era berbeak euskeraz esan nahi dau, egiteko modua, eta, aldi berean, norako bat marketan dauen deklinabidea da.

Euskerea, beraz, lan-mundua ulertzeko beste modu bat da eta, aldi berean, ekimena deskribidu nahi da, euskerea lan-ingurunera eroatekoa.

Eusko Jaurlaritzeak Lanera proiektua batera eta euskera kontzeptuakaz buztartzen dau. Alkarregaz lan egin ezkero, euskerea lan-eremuan eta esparru sozioekonomikoan presente egon daitekelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu